Azkoitiarren doinuak

Karmen Zendoiaren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2021ko abu. 18a, 09:00
Karmen Zendoia.

Karmen Zendoia Txerloia tenis klubeko presidentea da Maxixatzen.eus-ek udan martxan jarri duen Azkoitiarren doinuak serieko bigarren protagonista. Bost euskal abesti aukeratu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin batengatik. Musika "asko" gustatzen zaiola eta kantak tonuagatik gustatzen zaizkiola azaldu du. "Musika klasikoak, adibidez, ez du hitzik, baina hala ere, ikaragarri gustatzen zait. Hitzak garrantzitsuak dira, baina niretzat garrantzitsuagoa da tonua".

  • Errefuxiatuarena (Izaro eta Euskadiko Orkestra): "Konfinatuta egon ginenean ezagutu nuen abestia, Santa Klara aldean DJ bat aritzen baitzen musika jartzen. Hark jarri zuen abestia, eta gustatu egin zitzaidan. Gero jakin nuen Izarorena zela".

  • Habanera (Xabier Lete): "Abestia asko gustatzen zait. Musika, tonua, Xabierren ahotsa... dena atsegin dut.

  • Hemen gaude (Ken Zazpi): "Lehen aldiz entzun nuenean, zera esan nuen: 'Ai, zer kanta polita'. Abestiaren hitzak ere asko gustatzen zaizkit".

  • Baldorba (Benito Lertxundi): "Asko gustatzen zait abestia. Oi ama Euskal Herria kanta kaleratu zuenean, hala esan nion nere buruari: 'Abesti hau baino politagorik ez du Benitok kaleratuko'. Baldorba entzun nuenean, ordea, 'hara, atera du ba', pentsatu nuen neure artean".

  • Markesaren alaba (Txomin Artola eta Amaia Zubiria): "Abesti luze samarra da, baina istorio polita dauka. Nire amaren bidez ezagutu nuen kanta, hark esan zidan zeri buruz zen abestia. Entzun eta ileak puntan jartzen dituen horietakoa da".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide