Azkoitiko alkateak datozen egunetan "arduraz" jokatzeko deia egin die herritarrei

Julene Frantzesena 2021ko abu. 12a, 15:55
2019ko andramaixetako txupinazoko irudia.

Festarik izango ez den arren, egun seinalatuetan jende pilaketak sortzeko eta arau hausteak egiteko arriskua "areagotu" egiten dela eta, "gizatasunari eta solidaritateari eusteko" deia egin du Javier Zubizarreta alkateak. Haren aburuz, ez dago erlaxatzeko eta parrandarako baldintzarik, eta mezu zuzena eman du: "Zaindu dezagun geure burua eta ondokoena”.

Andramari jairik ez da izango datozen egunetan herrian, eta horregatik, Javier Zubizarreta alkateak "arduraz" jokatzeko eta "gizatasunari eta solidaritateari eusteko" deia egin die herritarrei. Festarik izango ez den arren, egun seinalatuetan jende pilaketak sortzeko eta arau hausteak egiteko arriskua "areagotu" egiten dela esan du hark. "Kostatu egiten zaigu festarik ez dagoela barneratzea, eta ondorioz, testuinguruak eskatzen duen bezala jokatzea".

Hori dela eta, alkateak elkarlanerako deia egin du: "Ezinezkoa da arazo global bati indibidualki eta solidarioa ez den moduan aurre egitea. Lagundu egin behar dugu". Hark COVID-19aren pandemiak izan duen bilakaera ekarri du gogora, eta oraindik, eskuak garbitzea, maskara eramatea eta distantzia mantentzea "behar-beharrezkoak" direla azpimarratu du. "Amorragarria da beti gauza bera entzun beharra, baina ez dago besterik. Badakigu zer egin behar dugun. Oraindik ez dugu irabazi hainbeste min eta sakrifizio eragin digun borroka”.

Zubizarretak azaldu duenez, "argi" ikusi da herri guztietan "ez festen" ondorenean kutsatu kopuruak nola egin duen gora, eta hori horrela izanik, Azkoitian halakorik ez gertatzea gustatuko litzaiokeela esan du. "Gustatuko litzaidake kontsekuenteak garela erakusteko gai izatea".

Datozen egunetara begira "egoera aztertzeko eta gorabehera desatseginik gerta ez dadin", Azkoitiko alkateak gaur goizean bilera egin du Ertzaintzarekin eta Udaltzaingoarekin. Hark azpimarratu duenez, gainera, "zaintza indartuko" dute jende pilaketak eta botiloiak saihesteko. "Kontuan izan behar dugu ardura partekatua dela. Ez dago erlaxatzeko eta parrandarako baldintzarik. Zaindu dezagun geure burua eta ondokoena”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide