Indusketa ekinaldi konplexua eta mamitsua Munoaundin

Maialen Etxaniz 2021ko abu. 4a, 19:00
Antxoka Martinez, Munoaundiko proiektuaren zuzendaria. (Maialen Etxaniz)

Aranzadiko kideak bi astez aritu dira Azpeitia eta Azkoitia artean dagoen aztarnategi arkeologikoan lanean. Hamaseigarren ekinaldia egungo osasun egoerak baldintzatu du, baina aurtengorako jarritako helburu nagusiak bete dituzte. Oraindik "egiteko asko" dagoela uste du Antxoka Martinez proiektuaren zuzendariak, baina "gustura" dago orain arte egindako lanarekin. Haren aburuz, geroz eta jende gehiagok ezagutzen du Burdin Aroko herri harresituaren eremua, baina erronka gisa du herritar gehiagorengana iristea. "Munoaundi azpeitiarren eta azkoitiarren ondarea da", dio.

Aranzadi zientzia elkarteko kideek amaitu berri dute Azpeitia eta Azkoitia artean dagoen Munoaundi Burdin Aroko herri harresituan egindako hamaseigarren indusketa ekinaldia. Bi astez, uztailaren 19tik 31ra, aritu dira bertan askotariko lanak egiten, eta hasieran jarritako helburu nagusiak bete dituzten arren, aurtengoa ekinaldi zaila izan dela nabarmendu du proiektuaren zuzendari eta Aranzadiko arkeologo Antxoka Martinezek.

COVID-19aren izurriaren ondorioz, osasun irizpideak kontuan hartu behar izan dituzte zientzia elkartekoek, eta horrek "zertxobait" zaildu du ekinaldiaren antolaketa. Esaterako, ohi baino talde txikiagoa aritu da lanean aurten. Gainera, urtero egiten duten bisita gidatua bertan behera utzi behar izan zuten azken unean, "osasun arazoak tarteko". Bestelako ezustekoak ere izan dituzte, ikerketa eremuaren egoerari lotutakoak. Indusketa eremuan agertutako goroldioak kendu behar izan zituzten ekinaldiarekin hasi aurretik, eta horrek ere atzeratu egin zizkien aurreikusitako indusketa lanak.

Hala ere, ekinaldia "mamitsua" izan dela azaldu du Martinezek, eta egindako lanarekin "gustura" gelditu direla: "Denborak harrapatu gaituen arren, ekinaldi interesgarria izan da, eta ohiko lanak egiteko aukera izan dugu". Bizimailen eremuan lagin berriak hartu, harresiko ebakidura garbitu nahiz ebakidura berria zabaldu dutela azaldu du Martinezek. Ekinaldia amaituta, urtean zehar jarraituko dute gainerako lanekin; izan ere, udakoa landa lana izan ohi da, eta ikasturtean zehar egiten dutena bulegoko lana. Beraz, ekinaldia uztailaren 31n amaitu bazuten ere, bi astez egindako lanetan eskuratutako lagin berriak nahiz gainerako datuak sakonean aztertzen jarraituko dute datozen hilabeteetan.

Zailtasunak zailtasun, orain arte egindako lanak itxura ona duela adierazi du proiektuaren zuzendariak: "Badirudi hasierako hipotesiak berretsi direla. Harresidura guztia, 517 metroko harresia, hasieratik diseinatua da, eta aldi bakarrean egindakoa". Aurrera begira, bizimailen eremuan lanean jarraitzea nahi dutela dio Martinezek: "Oraindik gauza ugari dago aztertzeko". 

Askotariko lanak, taldean

Munoaundiko Burdin Aroko herri harresitua edo gotortua aztertzen duen taldea profesionalez nahiz boluntarioz osatutakoa da; izan ere, asko dira egiten dituzten lanak, eta horietako bakoitzerako profil desberdinetako pertsonak behar izaten dituzte. Martinez da proiektuaren zuzendaria, baina urtean zehar Aranzadiko beste bi pertsona izaten ditu alboan, elkarlanerako. Ekinaldia gauzatzeko, aldiz, boluntarioak behar izaten dituzte, eta deialdi irekia egiten dute. Martinezek azaldu duenez, Euskal Herriko nahiz Espainiako arkeologia ikasleak edo dagoeneko ikasketak amaituta dituztenak izan ohi dira boluntario lanetan aritzen direnak. Ondoren, indusketak amaitutakoan, bulegoko lana hasten da. "Ikertzaile talde batekin osatzen dugu taldea; izan ere, badaude denboran luzatzen diren ikerketa lanak. Esaterako, palinologia, dokumentazioa, fotogrametria, karbono 14ko datazioak… Espezialistak izaten ditugu horietarako; guztiok osatzen dugu lantaldea".

Lantalde horretako kide da Alvaro Martin, eta hiru urte daramatza Azpeitia eta Azkoitia artean dagoen aztarnategian lanean. Ikertzailea da Martin, eta askotariko lanak egiten ditu. Hala ere, teknologia berriek ikerketarako ematen dituzten aukerak aztertzen dihardu gaur egun. "Ikerketetan teknologia berriak aplikatzen ditut; esaterako, drona, argazki area eta fotogrametria. Pixkanaka-pixkanaka, metodologia horiek ezartzen ari gara hemen ere. Munoaundiko proiektuarentzat lagungarria da hori. Gainera, horrelako lanak aurrera ateratzeko ezinbestekoa da espezialisten arteko elkarlana", azaldu du. Era berean, azpimarratu du Munoaundin orain arte izan duen esperientzia "oso ona" izan dela: "Primeran aritu gara, eta horregatik etortzen naiz urtez urte".

Datozen urteetarako erronkak

Munoaundira gerturatzen direnek ez dute herri gotorturik aurkituko, garai batean herrixka izandakoaren ondarrak baizik. Baina batzuentzat lur zati bat dena, besteentzat ikerketarako altxor da. Martinezek urteak daramatza Munoaundi ikertzen, eta hainbat dira orain arte egindako aurkikuntzat. Horrela kontatu du berak: Gauza desberdinak aurkitu ditugu. Nagusiki, bi lekutan aritu gara lanean: lehen indusketa eremuan eta bigarrengoan. Bigarren horretan daude harresia eta bizitokia; lehen eremuan, aldiz, herrixkarako sarbidea. Garai horretan herriak harresituak egoten ziren, horregatik ikertu beharreko lehen gauza harresia da. Nolako egitura duen, zein garapen izan duen denboran... Harresiaren barrualdean bizimailak daude, hau da, etxebizitzak egon ziren lekuak. Bi gune horiek izan dira orain arteko helburu nagusiak". Azken indusketa ekinaldietan harresiaren bueltan aritu dira lanean nagusiki, baina proiektuaren hastapenetan beste eremuan lan handia egin zuten. "Hasierako lanetan, lehen eremua den horretan,  herri harresituaren sarbidea aurkitu eta ikertu genuen. Egitura konplexua du, bi dorrek inguratzen dute sarbidea, eta duen sistema garatua da garai haietarako. Beraz, esan daiteke interes handia duela, oso bitxia baita. Ahalegin handiak egin genituen sarbidea ikertzen", kontatu du proiektuaren zuzendariak.

Aurrera begira dituzten erronkez edo helburuez galdetuta, datozen urteetarako lanak antolatzen ari direla aurreratu du Martinezek. Dena den, azpimarratu du aztarnategia oso handia dela, eta oraindik ikertzeko eremu asko daudela. "Aztarnategiak sei hektarea ditu; oso handia da. Guk azalera handia dugu zabalik, eta ahalegin handia egin dugu irekitako bi eremu nagusietan. Hala ere, oraindik gune ugari gelditzen zaizkigu ezagutzeko. Indusketa egin arte ez da jakiten zer dagoen leku batean edo bestean. Beraz, esan dezaket ez dudala ezagutzen aztarnategiaren garapen osoa. Zati bat ezagutzen dugu, eta uneotan infromazio handia dugu, gutxienez irudi orokorra egiteko balio diguna. Aztarnategi hauek oso konplexuak izaten dira, ordea, eta horregatik luzatzen dira ikerketa lanak urteetan zehar. Gainera, ekinaldi luzeagoak egiteko aukerarik ez dugu izaten. Finean, eei hektarea dituen eremua da, bizitokia izan zena... Hainbat ikuspuntutatik da konplexua eremua: fortifikazioa, bizi maila, ingurunearen kontrola... Oraindik gauza asko daude ezagutzeko edo horietan sakontzeko", adierazi du Aranzadiko arkeologoak.

Proiektuaren zuzendariak badu beste erronka edo nahi bat ere: Munoaundi herritarren artean ezaguna izatea edo behintzat Azpeitiko eta Azkoitiko herritarrek Munoaundi existitzen dela jakitea. Izan ere, Martinezek dio jende askok ez duela aztarnategi arkeologikoa ezagutzen. Dena den, pandemia tarteko, jende askok ezagutu duela uste du. "Herriak itxi zituztenez, jendeak paseora joateko ohitura hartu zuen, eta esango nuke askok eta askok orduan ezagutu zutela leku hau", kontatu du. Horrez gain, Aranzadikoak proiektua herriratzeko bisita gisatuak egiten dituzte urtero, jendeak eremua gertutik ezagutu dezaten.

Martinezen gidaritzapean aritzen den taldea datorren urtean berriro bertaratuko da Munoaundira, beti bezain gogotsu. Bitartean, ordea, hark badu mezu bat herritarrentzat: “Munoaundi ondare historikoa da. Ondare publikoa da; bailarako poblamendu finkorik zaharrena. Azpeitia eta Azkoitia sortu aurretik hau hemen zegoen. Munoaundi denona da, baina batez ere azpeitiarren eta azkoitiarren ondarea da. Guk lanean jarraituko dugu, baina egunen batean proiektua bukatuko dugu, eta hau hemen geldituko da. Horregatik, berebiziko ardura daukate Azpeitiko eta Azkoitiko herritarrek”.

Aurtengo indusketa ekinaldia aprobetxatuta, Munoaundiko aztarnategi arkeologikoa gertutik ezagutzen izan zen Erlo Telebista. Bideo erreportajea, hemen

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide