Aldaketak eta luzapenak izango dira autobus zerbitzuen ordutegietan igandetik aurrera

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 30a, 15:00

Azkoitia-Donostia (UK41G), Azkoitia-Zarautz (UK43G) eta Azkoitia-Zumaia (UK46G) zerbitzuetan izango dira gaueko luzapenak. Horrez gain, ohiko zerbitzuetan maiztasuna gutxiagotu egingo dute abuztuan zehar.

Etzi, igandea, abuztuan sartuko gara, eta horrekin batera autobus ordutegietan aldaketak eta luzapenak iragarri ditu La Guipuzcoana enpresak. Azkoitia eta Donostia arteko zerbitzuan (UK41G) iluntzeko autobusak gehitu dituzte; horrenbestez, Azkoititik Donostiara 22:45ean abiatuko da azken autobusa, eta Donostiatik Azkoitira 23:05ean eta 0:05ean ere jarriko dute zerbitzua. Horrez gain, abuztuan zehar bi norabideetako zerbitzuen maiztasuna laburtu egin dute, Azkoitia eta Donostia arteko ohiko UK01 zerbitzuan.

Bestalde, Azkoitia eta Zarautz arteko gaueko zerbitzuan (UK43G) abuztuko lanegunetan, igandeetan eta jaiegunetan zerbitzu berri bana izango da; Azkoititik Zarautzera 22:05ean aterako da azken autobusa, eta Zarauztik Azkoitira 23:05ean. Azkoitia eta Zumaia lotzen dituen gaueko zerbitzuan (UK46G), berriz, astelehenetik ostiralera hiru zerbitzu gehiago izango dira abuztuan: 23:20an eta 00:45ean Zumaiatik aterako direnak eta Azkoititik 0:00etan aterako dena. Horrez gain, igandeetan Zumarragatik 22:10ean ateratzen den autobusa Zumaiarano joango da.

Azkoitia-Zarautz eta Azkoitia-Zumaia ohiko zerbitzuetan luzapenak ez ezik aldaketak ere izango dira abuztuan (UK03 eta UK06 zerbitzuak), baita Urola Erdiko beste hainbat zerbitzutan ere; esaterako, Zestoa-Ermua zerbitzuan (UK05). Honako lotura honetan ikusi eta deskargatu daitezke Urola Erdiko autobus zerbitzuen abuztuko ordutegi guztiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide