Igor Zubeldia: "Urtez urte hobetu nahi dugu; talde honek gose handia du"

'Berria' egunkaria 2021ko uzt. 30a, 10:38
Igor Zubeldia Alavesen aurkako lagunartekoan. (Argazkia: Reala)

Sasoi-aurreko lehen asteetan "gustura" ari direla dio Igor Zubeldiak. Taldea "ondo" ikusten du, eta multzoak duen anbizioa ekarri du hizpidera: "Zaila izan arren, iazko denboraldikora gerturatzen, hori berdintzen eta hobetzen saiatuko gara". Jon Ander De la Hoz kazetariak Berria egunkarirako egindako elkarrizketa da honakoa.

Orain baino lehen, Realak sasoi-aurreko gotorleku izan zituen Herbehereak, Austria eta beste zenbait herrialde. Azken bi hamarkadetan makina bat izerdi bota dute txuri-urdinek Zubietatik urrun. Aurten, iaz bezala, etxean egiten ari dira denboraldi-aurrea, baina gaur Herbehereetara bidaiatuko dute berriz, bihar AZ Alkmaarren aurkako lagunarteko neurketa jokatzeko (17:00).

Ez zaie toki arrotza egingo, iragan sasoian Europa ligako partida jokatu baitzuten hantxe. Halako bizipenak pilatzen segitzeko lanean ari direla esan du Igor Zubeldia txuri-urdinak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1997): "Kluba ondo dago, eta hori bultzada bat da".

Prestaketa aldiko lehen asteak igaro dira, eta jada entrenamendu kopuru handia egin duzue. Giharrak ondo erantzuten ari al dira?

Oraindik igartzen da min pixka bat, baina pixkanaka minetara ohitzen ari gara, eta gustura ari gara.

Nolako sasoi-aurrea izaten ari da? Imanol Alguacil entrenatzaileak estutzen duenaren ospea du. Bete al da hori?

Denbora asko daramagu Imanolekin entrenatzen, eta aurreko urtean bezalako denboraldi-aurrea izaten ari da. Goizez entrenatzen dugu, eta ondo. Hori bai, gogor ari gara entrenatzen, oso gogor, eta hori da guztiok nahi duguna, liga hasierara puntuan ailegatzeko.

Zer sentipen utzi dizuete lehendabiziko asteek?

Ona. Nik uste orokorrean sentipenak onak direla. Pena da, batzuk minez direla-eta ez garelako denok ari, baina pixkanaka ari gara osatzen. Gainera, probako partida politak egin ditugu, eta bihar beste bat dugu. Hasiera gerturatzen ari da.

Hiru partida jokatu dituzue, eta hirurak irabazi. Zelaian nola moldatu zarete?

Uste dut goiz dela balorazioetarako, baina gauza onak egin ditugu, eta zuzentzekoak ere beti egoten dira. Bideoak ikusi ditugu, zertan asmatu dugun eta zer zuzendu behar dugun ikusteko. Orain, entrenatzen ditugun gauza horiek zelaian islatzen saiatuko gara.

Joan zen larunbatean Alavesi irabazi zenioten [3-1], eta Monakori herenegun [2-1]. Nagusi izan al zineten?

Nagusi-nagusi ere ez. Alavesen aurkako emaitzari begiratuta, hala ematen du, baina argi dago talde on bat dela, eta asko exijitzen dio aurkariari. Lan asko egin behar izan genuen haiei irabazteko. Lehen esan dizut: gauza batzuk ondo egin genituen, eta beste batzuk, zuzentzeko moduan. Oraingo helburua hori da, ahalik eta akats gutxien egitea txapelketari ondo ekiteko.

Bi aste pasatxo falta zaizkizue horretarako: abuztuaren 15ean hasiko zarete. Oraindik baduzue astia zuzendu beharreko horiek fintzeko.

Bai, ez da denbora asko ere, baina badira egun batzuk, eta findu beharrekoak lantzeko aprobetxatu behar ditugu. Esan bezala, denbora azkar pasatuko da, eta proba politak ditugu aurretik.

Alavesen kontrako partidan gola egin zenuen gainera. Ohitu gabe dagoenarentzat, zer esangura du?

Golaz gain, bestelako sentipenekin geratzen gara, batez ere atzean jokatzen dugunok. Golak beti gehitzen du, zer esanik ez ohitu gabe gaudenontzat, baina bakarkako lan horri gehiago erreparatzen diot, gol horri baino.

Taldea iazko jokoaren segida bilatzen ari al da?

Bai, dudarik ez egin. Iazko jokoaren segida bilatzen ari gara, eta, ahal badugu, hori hobetzen ahaleginduko gara. Iaz langa goian jarri genuen, baina urtetik urtera hobetu nahi dugu. Iazkoa gainditu nahi dugu, eta horretarako gose handia du talde honek.

Hori lortzeko, zer eskatzen dizue Imanol teknikariak?

Uste dut dagoeneko denok dakigula hori. Imanolek goian presionatzen duen talde bat nahi du, aurkariari baloia kentzen diona, eta, gero, baloiarekin, jabe izango dena, partidaren pisua izango duena; gol aukerak sortzen dituena eta gutxi jasotzen dituena, ahal izanez gero.

Monakoren aurka jokatu ostean, AZ Alkmaar duzue biharko kontrarioa. Izen handiko taldeak dira horiek.

Bai, aste honetan bi kontrario indartsu ditugu, eta Europan jokatu ohi dutenak. Proba politak dira, eta onak orain arte egindako lanak zelaira eramateko.

Gainera, Euskal Herritik kanpo jokatuko duzue. Horrek errutina arintzen al du?

Bai, tira. Egia da Imanolekin etxean entrenatzen ohituta gaudela, eta oso gustura egoten gara, baina kanpora joatea ere polita da, nahiz eta oraingoan egun bakarreko kontua izango den. Ondo etortzen da, ordea: apur bat irten, beste lekuak ikusi...

Hasi al zarete sasoi honetarako helburuez hizketan?

Pixkanaka joan behar dugu, eta helburuak gerora jarriko ditugu. Halere, uste dut lehendabizikoetako bat jokalari denok ondo egotea eta batasuna sortzea dela. Hortik aurrera, denok norabide berean baldin bagoaz, helburuak helduko dira. Iazko urtea ez dago urruti, eta begira zer gauza lortu genituen. Hori lortu bagenuen, aurten ere sinisten dugu halakoak lortzeko kapaz garela.

Berria egunkariak egindako elkarrizketa. Irakurri osorik

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide