Udala Floreagako irisgarritasuna "hobetzen" ari dela nabarmendu du PSE-EEk

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 30a, 10:15
Igogailua eraikitzen ari diren gunea. (Argazkia: udala)

Janire Igoa zinegotziak azaldu du igogailua erabilgarri egongo dela irailean. Era berean, azpimarratu du "pozgarria" dela udal gobernu taldeak Floreagarekin "konpromisoak" izatea.

Janire Igoa PSE-EE udal taldeko bozeramaileak esan duenez, Floreaga auzora igogailua jartzeko lanak "aurrera" doaz, eta abuztuan amaituko dituzte. Lanak "erritmo onean" doazela adierazi du Igoak, eta herritarrek igogailua irailetik aurrera erabilgarri izango dutela jakinarazi du.

"Legealdi honetan hainbat ekintza egingo dira auzoan, eta horiek Floreaga berritzeko eta isolatuta ez geratzeko aukera bat dira. Floreaga auzoarekin eta hango bizilagunekin zorretan gaude. Horregatik, Floreagako irisgarritasuna hobetzea da lehen urratsa. Floreagan dena da aldapa, eta oso garrantzitsua da auzo honetako bizilagunei irisgarritasuna erraztea. Pertsona askok mugikortasun arazoak edo herriaren erdigunera jaisteko zailtasunak dituzte, eta proiektu honekin haien bizi kalitatea izugarri hobetuko da", azaldu du zinegotziak.

Igoak adierazi du PSE-EEk hainbat "konpromiso" hartu zituela bere hauteskunde programan. "Pozgarria da gobernu taldeak auzo honekin konpromisoak izatea, hala nola hirigintzako ekintzak aurrera eramateko eta bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko". Floreaga auzorako irisgarritasuna hobetzeko proiektuaren lehen fasea garatzen ari da egun udala, eta ekainean onartu zuen bigarren faserako partida ekonomikoa. 810.000 euro bideratuko ditu udalak auzoko bigarren igogailua eraiki ahal izateko.

Era berean, Igoak gogoratu du Eusko Jaurlaritza Floreagako Tekla gunean alokairurako eta babes ofizialeko etxebizitzetarako 30 etxebizitza sozial ari dela eraikitzen. Jaurlaritzako Etxebizitza Saila sustapen bat ari da egiten bi txostenekin; batetik, alokairurako hamalau etxebizitza sozialeko bloke bat, Alokabide enpresa publikoak kudeatuko duena, eta bestetik, azalera eskubideko babes ofizialeko hamasei etxebizitzako beste bloke bat.

Igoa, igogailua jartzen ari diren gunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide