Gizarte larrialdietarako harrera etxebizitzaren ordenantza berritzea aho batez onartu du udalbatzak

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 29a, 15:23
Atzoko udalbatzarreko irudi bat. (Anartz Izagirre)

Egungo ordenantza "zaharkituta" dagoela azaldu du udalbatzarrean Janire Igoa Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Erreklamazioen txanda ireki da orain, eta halakorik egongo ez balitz, behin betiko onartuta geldituko litzateke testua.

Azkoitiko Udalak ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazekena, udaletxeko osoko bilkura aretoan, eta hainbat gai eztabaidatu zituzten bertan. Horien artean, alderdi guztiek aho batez onartu zuten gizarte larrialdietarako harrera etxebizitzaren erabilera eta sarbidea arautzen dituen ordenantzaren hasierako onespena.

Janire Igoa udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak azaldu zuen ordenantza berriaren zergatia. Hark nabarmendu zuenez, "zaharkituta" gelditu da 2009ko uztailean argitaratutako araudia, eta ordenantza berria egiterakoan, "genero inpaktua" baloratu dute: "Zerbitzu honek ostatua ematen die gizarte larrialdiko edo premiazko egoera baten ondorioz ostaturik ez duten edota genero indarkeriaren egoera gainditu ahal izateko iraupen laburreko egonaldia behar duten pertsonei eta bizikidetza unitateei. Bestalde, Igoaren arabera, "azkoitiarren aukera bedintasuna" bermatuko da zerbitzuarekin, eta "bakoitzaren errealitate ekonomikora" egokituko da. Era berean, udaleko Gizarte Zerbitzuek jarraipena egingo diote pertsona edo familia unitate bakoitzari.

Ordenantza kontsulta publikoan egon dela nabarmendu zuen batzordeburuak, eta ez dela alegaziorik izan. Orain, espedientea publiko egingo dute 30 lanegunen barruan, eta herritarrek erreklamazioak edota iradokizunak aurkeztu ahal izango dituzte. Halakorik jasoko ez balitz, behin betiko onartuko lukete ordenantza, eta alegazioak baleude, horiek ebatzi eta osoko bilkuran onartuko lukete behin betiko testua.

Azkoitia Bai taldeko Jose Joakin Etxaniz izan zen gai horren inguruan hitza hartu zuen zinegotzi bakarra: "Azpimarratu nahiko nuke emergentzia kasuetarako soilik dela zerbitzua. Beharrak dituzten herritarren kopurua hazi egin da. Erabiltzaileak ere aldatu egin dira; batik bat, emakumea buru den guraso bakarreko familiak eta genero indarkeria jasaten duten familiak dira. Hori horrela izanik, ordenantza aldatzea ere beharrezkoa ikusten dugu, eta ez dugu inongo oztoporik jarriko".

Bestalde, beste hainbat puntu eztabaidatu zituzten udalbatzarrean; esaterako, Azkoitiko Txikizkako Merkataritza eta Ostalaritza sustatzeko merkataritza bonuen oinarri espezifiko erregulatzaileak onestea eta Azkoitiko udalerrian etxez etxeko laguntza zerbitzu kontratuaren bigarren luzapena onestea. Puntu guztiak aho batez onartu zituzten alderdiek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide