Azkoitian gora egin dute positiboek eta behera intzidentzia tasak

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 29a, 12:56

11 positibo hautemanagatik ere, intzidentzia tasak behera egin du herrian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, ordea, etenik gabe gora egiten jarraitzen du, eta egun 870,30ekoa da zenbatekoa. Eskualdean 55 positibo baieztatu ditu Osasun Sailak azken orduetan.

Azkoitian kasu positiboek gora egin dute berriz ere. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratu berri duen txostenaren arabera, atzo 11 lagunek eman zuten positibo herrian koronabirusa hautemateko egindako PCR eta antigeno probetan; hiru izan ziren herenegun. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa, halere, jaitsi egin da. 1.118,25ekoa zen atzo intzidentzia tasa, eta gaur 1.043,14koa da. 45 dira azken zazpi egunetan Azkoitian baieztatutako positiboak, eta hori horrela, joan den astetik ia erdira jaitsi dira kasuak.

Urola Kosta eskualdean, berriz, 55 positibo hauteman dituzte guztira. Beste egun batez, Zarautzen atzeman dituzte positibo gehien; izan ere, atzo han hamabost kasu zenbatu zituzten. Intzidentzia tasa, gaur-gaurkoz, 839,51koa da han, atzo baino zerbait altuagoa –835,23koa zen atzo–. Azkoitian bezala, Azpeitian ere 11 positibo baieztatu zituzten atzo egindako probetan, eta hango intzidentzia tasak ere gora egin du 749,01ko tasatik 762,16ra. Eskualdean intzidentzia tasa altuena duen herrian, Zumaian –1.190,60–, bederatzi positibo detektatu zituzten atzoko probetan. Hala eta guztiz ere, kasu metatuen tasaren adierazlea atzoko kopuruan mantendu da.

Orion eta Zestoan, bestalde, hiruna positibo hauteman zituen atzo Osasun Sailak. Orioko intzidentzia tasak behera egin du 962,17tik 945,86ra. Zestoan, berriz, 950,18etik 898,82ra jaitsi da tasa. Eskualdean zenbatutako beste kasu positiboak Getarian eta Aian zenbatu dituzte, bi positibo eta bat, hurrenez hurren. Aiako intzidentzia tasa 453,40koa da, eta Getariakoa 812,72koa. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zuten atzo positiborik zenbatu.

2.000 positiboren bueltan

Atzo Hego Euskal Herrian egindako 14.312 probetan 1.980 lagunek eman zuten positibo. Positibotasun tasak altua izaten jarraitzen du: %13,8koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta %13,9koa Nafarroan. Atzemandako kasu positiboetatik 923 Bizkaian zenbatu zituzten, 464 Gipuzkoan, 404 Nafarroan, 157 Araban, eta 32 lurralde horietatik kanpo bizi direnen artean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak gora egin du berriz ere, eta 870,30ean dago egun. Birsorkuntza tasak edo R0 indizeak, ordea, behera egin du beste behin, eta 0,99an kokatu da; Gipuzkoako batez bestekoa, berriz, 0,95ekoa da. Positibo batek kutsa ditzakeen lagun kopurua zehazten du adierazle horrek.

Osakidetzako eta Osasunbideako erietxeen egoeraren berri ere eman dute Osasun sailek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19ak eragindako gaixotasunengatik atzo 43 lagun ospitaleratu zituzten, herenegun baino hogei gutxiago. Egun 233 pertsona daude ingresatuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan, eta 60 lagun ZIUn. Nafarroan, bestalde, atzo hamalau pertsona ospitaleratu zituzten eta gaur-gaurkoz 120 dira erietxeetan dauden herritarrak. Zainketa berezia behar dutenak, ostera, hemeretzi dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide