Egoitz Lizaso: "Tropelak duen arrakastaren parte dira jolasaren sinpletasuna eta lagunarteko saltsa"

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 30a, 08:00
Egoitz Lizaso, Tropelako kidea.

Egoitz Lizaso (Zumaia, 1978) duela hamahiru urte iritsi zen Azkoitira, eta orduz geroztik, herrian bizi da. Azkoitiko bizilaguna Tropela elkarteko kidea da. Tropela UCIko txirrindularitza proba guztiak batzen dituen euskarazko jolasa da. Tropelaren inguruan hitzegin du hark Maxixatzenekin.

Tropela elkarteko kideetako bat zara. Zer da Tropela?

Euskara, teknologia eta txirrindularitza sustatzeko proiektua da Tropela. Institutuko lagun bat eta biok afari baten aitzakian elkartu ginen, eta zerbait egin behar genuela erabaki genuen; gero, beste bi lagun ere batu ziren taldera. Tropela irabazi asmorik gabeko elkartea da. Euskara hutsean hasi zen, eta horregatik, Tropela Euskara eta Informatika Elkartea izenean dago erroldatuta. 2005eko Frantziako Tourrarekin batera hasi ginen lanean. Tropela, finean, Interneteko jolas plataforma bat da, aisialdirako eta euskara sustatzeko gune bat, plaza bat; ez dugu apustuarekin eta jokoarekin nahastu nahi. Azken urteetan 20.000 kinielatara iristea nahi izan dugu, eta hor ibiltzen gara, 19.000-19.500 artean. Aurten ez dugu lortu, eta ea datorren urtean iristen garen. 

Tropela martxan jartzeko oinarrizko kezka euskarak Interneten zuen hutsunea izan zen, orduan?

Zalantzarik gabe. Euskararekiko eta Internetarekiko sentsibilizazioa dugu. Guk beti esan izan dugu oso garrantzitsua dela euskarazko edukiak sortzea. Euskara mantendu nahi badugu, esparru guztietan izan behar du; euskara ez da lagunekin hitz egiteko bakarrik. Horretarako, teknologian sakontzea aproposa iruditzen zitzaigun. Txirrindularitza gustuko izanda, mundu horretan aitzindariak izateko eta jendea euskarara erakartzeko aukera ikusten genuen. Jendeak Interneteko esparru desberdinak euskaraz kontsumitzea eta horietan euskara sartzea zen gure helburua, eta lortu dugu. 

Lasterketa bakoitzean parte hartzen duten txirrindularietatik batzuk hautatu behar dira Tropela jolasean. Nola da prozedura?

Lehiaketa hasi aurretik, geure ezagutza mailan oinarritutako barne eztabaidak izaten ditugu, eta lasterketa nola planteatu hitz egiten dugu. Ibilbidearen eta parte hartuko duten txirrindularien arabera, multzokatu egiten ditugu lehiakideak. Hainbat multzotan banatuta, guztira hogei txirrindulari hautatu behar izaten ditu erabiltzaile bakoitzak; azken finean, aukeraketa egin behar da. Lehiaketa hastean, postuen araberako puntuak jasotzen dituzte txirrindulariek. Halere, parte hartzaileak estuasunean jartzen saiatzen gara. Adibidez, azken Tourrean Roglic edo Pogacar faboritoen artean txirrindulari bat aukeratu zitekeen soilik, biak multzo berean baitzeuden.

Zergatik jartzen dituzue estuasunean parte hartzaileak?

Kiniela egiteko prozesuari zailtasunak jartzen eta erabiltzaileei kezkak sortzen ahalegintzen gara. Hautaketa nahierakoa balitz, jolasak ez luke berezko xarmarik izango. Lagunen artean eztabaida sanoak sortzen dira, eta gainera, erabiltzaileek aukeratutako txirrindulariarekiko atxikimendua lortzen dute. Era berean, min ematen du irabazlea norbere kinielan ez badago. Horrez gain, tropeltxoen kontua ere badago. Lagunen artean modu pribatuan sortutako taldeak dira tropeltxoak, eta gerta daiteke Tropelako sailkapen orokorrean 10.000 postuan joatea, baina lagunarteko tropeltxoan lehena izatea. Tropelak duen arrakastaren parte dira jolasaren sinpletasuna eta lagunarteko saltsa. 

Munduko lasterketa guztiak batzen ditu Tropelak. Atzetik ikusten ez den lan asko dago, ezta?

Sei-zortzi lagun gaude lantaldean, eta zeregin bakoitzean, horretarako egokia den pertsona  batek egiten du lan. Ardurak banatuta ditugu; esaterako, kinielak egiteko, zerbitzariak ondo kudeatzeko, programatzeko… Tropelak egin behar dituen gauza guztiak aurrera eramateko laguntza puntualak daude, eta horiek garrantzitsuak dira jolasak ondo funtziona dezan. Lanik handiena epeetan markatzen duguna betetzea da. Donostiako Klasikoa bihar denez, joan den astean ireki genuen kiniela egiteko aukera, eta ordurako guztia prestatzen aritu ginen. Era berean, garrantzia ematen diogu emaitzak ahalik eta azkarren jartzeari. Gaur egun, jendeak hori eskatzen du. Denborak markatzen dituen lanak izaten dira horiek. Gainerakoan, denboraldiak prestatzen, fitxaketak nahiz taldeak kudeaketa gunean sartzen eta egutegiak gainbegiratzen jarduten dugu. Halere, egin nahi ditugun gauza asko ditugu lan zerrendan, baina arrazoi desberdinak tarteko, ez gara gai egiteko.

Tropela, ordea, ez da kinielak egiteko gunea bakarrik. 

Ez, ez. Podcastekin saiatzen gara kinielei lotutako azalpenak ematen. Lasterketa handietan, gainera, kronika txiki bat egiten dugu podcasten bidez. Blogean ere idazten dugu zerbait. Telegram sare sozialean, berriz, talde bat dugu sortuta, eta jarduera handia du; sarri idazten duten 200 bat lagun daude taldera batuta. Esparru bat sortu nahi genuen txirrindularitzari buruz euskaraz aritzeko. Ogasuneko kontuak ere egin behar izaten dira, baita elkarteko paperak antolatu, zerbitzarien programazio kontuak egin eta webgunea mantendu ere. Moldatzen gara nolabait.

Urte hauetan guztietan, zertan aldatu zaizue lana egiteko modua?

Aldaketaren adibide bat ematearren: dagoeneko webgunea hiru edo lau aldiz aldatu dugu osorik. Gauzak azkar joan dira aldatzen, eta orain, saiatzen gara teknologia berri batzuk –hala nola webgunearen garapena eta zerbitzaria– denboran zehar mantentzeko modukoak izan daitezen. Garai batean, ordea, aldaketa asko egin behar izan genituen, bestela zaharkituta gelditzen zelako webgunea edota zerbitzaria ez zelako gai horrenbeste jende aldi berean hartzeko. Kontsumitzeko modua ere asko aldatu da. Lehen bai edo bai ordenagailuaren aurrean egin behar zen kiniela; orain, berriz, eskuko telefonotik egiten du jendeak. Esan izan digute aplikazioa eduki beharko genukeela. Izan genuen app-a, baina ez genuen ondo asmatu hura mantentzen, eta zintzilik dugu. Gainera, belaunaldi berriek joera desberdinak dituzte, eta horregatik, sare sozialetan ere murgildu gara. Lehen bloga bakarrik genuen, eta orain Twitter, Facebook, Instagram eta Telegram sare sozialetan ditugu kontuak. Internetek bestelako itxura bat hartu du, eta garrantzitsua da hor ondo kokatzea eta asmatzea. 

Eztabaidarako guneak ere badituzue sare sozialetan. Hein batean, beraz, iritzi sortzaileak ere bazarete.

Tropela martxan jarri genuen urteetan erabiltzaileek ez zekiten gehiegi txirrindularitzaz, baina egungo erabiltzaileek asko dakite. Internetak asko eman du zentzu horretan. Adibide bat ematearren: papiroflexia gustatuz geroz, Internetari esker gaur egun horri buruzko informazioa jaso dezakezu. Interneta kenduz gero, pentsatu zer den telebistaren edo prentsaren bidez jasotzen den informazioa. Internetean sartuta, sare sozialak izanda eta txirrindulariek ematen dituzten datuak-eta kontuan hartuta, informazio asko sortzen da. Horrek erabiltzailea beste maila batean jartzen du. Hein batean iritzi sortzaileak gara, baina gugana etorten denak dagoeneko badakar bere iritzia. 

Euskal Herriko mugetatik kanpo ere arrakasta du Tropelak. Euskal produktua den heinean, balioan jarri beharrekoa da, ezta?

Euskara, teknologia eta txirrindularitza; horiek genituen buruan. Gure erabiltzaile gehienak euskaldunak dira, baina beste hainbat hizkuntza gutxitutan ere nabigatu daiteke egun Tropelan, hala nola galegoz, katalanez, asturiarrez eta beste hainbatetan; beti izan dugu hori irekita mantentzeko asmoa. Jendea Galiziatik, Kataluniatik edota Madrildik parte hartzen ari zela ikusita, jauzia eman genuen. Guk gure ama hizkuntzan parte hartu nahi dugun bezala, horiek ere eskubide bera zutela uste genuen, eta eztabaida batzuen ondoren, katalana, galegoa eta ingelesa sartu genituen, beti ere hemengo hizkuntza euskara dela kontuan hartuta. Nahiz eta webgunean beste hizkuntza batzuetan nabigatzeko aukera eduki, beti esan izan dugu gure erronkak euskarazko edukiak sortzea izan behar duela. Halere, Tropela ez da iritsi mundu mailara. Tropelaren antzeko webguneak non dabiltzan aztertu izan dugu, eta kopuruz ez dira gu baino askoz gehiago.  

Orain artekoaz zer balorazio egiten duzue?

Oso positiboa. Halere, bi alderdi aipa daitezke. Alde batetik, Tropelak bere bidea egiten jarraitzen du. Euskaraz eta pasio hutsetik sortu zen proiektua, eta hamabost-hamasei urte geroago oraindik martxan jarraitzen duela ikusita, balorazioa positiboa da. Gainera, oso dirulaguntza gutxi jaso du, batik bat hasieran. Bestetik, horren proiektu ona izanda, ez gara enpresa bat sortzeko gai izan. Beharbada, huts egin dugu horretan, mundu mailan Tropela erreferente bihurtzeko zerbait gehiago egin baitaiteke. Oraindik ez da berandu, eta egin daiteke zerbait. Hala eta guztiz ere, gustura gaude, erantzuna izan baitu. Erabiltzaile batzuk Tropela uzten dute, baina berri batzuk gehitzen dira. Tropelak badu oraindik orain egunerokotasuna. 

Aurrera begira, ba al duzue proiekturik eskuartean?

Zerbait gehiago egitea gustatuko litzaiguke. Egin daitekeen zerbait da Tropela mundu mailako ekosisteman sartzea. Agian ez dugu asmatu edo une jakin batean ez gara pertsona egokiak tokatu. Agian, erreleboa eman beharreko garaia ere bada; hori ere pentsatu izan dugu. Lekuko hori tropelarentzat egokia eta euskarak bizirauteko beste hondar aletxo bat emateko gai bada, ongietorria izango da; baina, beti zentzu horretan. Tropelari jarraipena ematea da gure asmoa.

Oro har, zein da egungo txirrindularitzaren inguruan duzun iritzia?

Oso sentikorrak gara emakumearen gaiarekin. 2012an sartu genuen emakumezkoen txirrindularitza Tropelara, eta gainera, kritikak jaso genituen. Txirrindularitzak, oro har, hedabideetan presentzia gutxi baldin badu, pentsa emakumeen txirrindularitzak duen oihartzuna zein den. Jarraitzaile moduan hitzeginda, esango nuke ez dagoela Euskaltel Euskadi bezalako talde baten beharrik; eztabaida egon zen bere garaian, baina agerian gelditu da ez dela beharrezkoa. Garrantzitsua da euskal txirrindulariek bide bat izatea, nola gazteek, hala aurrera begirakoek. Formakuntza prozesu batek egon behar du, baina helburuak ez luke izan behar Euskaltel Euskadi sortzea; talde hori ez badago, izan dadila beste edozein talde. Zentzu horretan, euskal txirrindulariei irteera emateak izan behar du garrantzia.

Bihar jokatuko da Donostiako Klasikoa.

Talde bat euskal lasterketa batzuk mantentzeko lanean ari da, baina ikuspuntu gutxirekin. Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa barrutik ezagutzeko aukera izan genuen, eta gainera, geuk jarri genituen itzulia.eus eta klasikoa.eus webguneak martxan. Era berean, #itzulia eta #klasikoa traolak lehenetsi genituen, eta ikusi dugu orain mundu mailako txirrindularitza taldeek horiek hobesten dituztela. Halere, jende asko dago hor sartuta, urte askoan eta lehengo pentsakerarekin. Tropelak gai izan behar du egungo teknologiekin ondo moldatzeko, baina euskal lasterketa horietako antolakuntzak ere gaur egunera egokitzea eta euskarekiko autokritika egitea behar du, batez ere, Internetak duen indarra ikusita. Asmatzen ez duten sentipena dut.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide