Erretratua

Yolanda Larrañaga: "Jendeak janzteko duen modua asko aldatu da"

Anartz Izagirre 2021ko abu. 21a, 10:45
Yolanda Larrañaga jostuna. (Marrazkia: Gorka Larrañaga)

Orratzak, oihalak eta josteko makinak esku-eskura izan ditu Yolanda Larrañagak urte hauetan guztietan. Bere ama Alicia Sudupe jostunarekin hasi zen lanean ikasketak amaitu ondoren, eta ordutik, hamaika jantzi josi eta konpondu ditu azkoitiarrak. Hasi zenetik hona sektorea "ikaragarri" aldatu dela azpimarratu du.

Euskal esaera zahar batek dioen moduan, arian-arian xehetzen da burnia, eta horretaz ondo baino hobeto jabetu da urte hauetan guztietan Yolanda Larrañaga (Azkoitia, 1962) jostuna. Aspalditik datorkio azkoitiarrari mota guztietako arropen konponketarako eta apainketarako zaletasuna, herrian ezaguna zen bere ama Alicia Sudupek jantzigintzako tailer bat baitzuen Azkoitian; hori dela eta, txiki- txikitatik inguruan eduki ditu oihalak, hariak zein patroiak. Halere, mundu horretan barneratzen "pixkanaka" hasi zela nabarmendu du: "Txikia nintzenean, lan mordoa izaten zuen nire amak; niri ere gustatu egiten zitzaidan bere lana, eta amari mundu horretan sartu nahi nuela esan nion. Behe-behetik hasi beharko nuela esan zidan hark". Hala, Donostian jantzigintzako titulua atera zuen Larrañagak, eta ondoren, amaren tailerrean hasi zen lanean. "Horixe izan zen niretzako eskolarik onena", aitortu du.

Ondo gogoan ditu Larrañagak oihalak eskuratzeko eta joste-teknika berriak ikasteko amarekin batera Bartzelonara egiten zituen txangoak. "Goi-mailako joskintzako bildumak ikusteko aukera izaten genuen Bartzelonan, eta desfilea amaitutakoan, arropa horiek begiratzen uzten ziguten. Amak eta biok arropa guztiei buelta ematen genien, horiek nola josten zituzten ikusteko", azaldu du azkoitiarrak. Horrez gain, jantziak egiteko patroiak-eta eskuratzeko aprobetxatzen zuten abagunea: "Garai batean Bartzelonako Rambla inguruan denda txiki mordoa zegoen, eta mota guztietako materiala eskuratzen genuen han, etxera ekartzeko: kremailerak, apaingarriak, gerrikoen hebillak...".

Balentziagaren erakusketa, Etxebeltzen

Larrañagarentzat une berezia izan zen bere amak eta biek Cristobal Balentziagaren arropak konpondu behar izan zituztenekoa. "1990. urtea-edo izango zen. Juan Bautistak [Mendizabal] deitu zigun Etxebeltzen Balentziagaren erakusketa bat jarri nahi zutela esanez, eta Getariako udaletxetik haren bildumako arropak ekarri zizkiguten, zumezko kutxa batzuen barruan", azaldu du Larrañagak. "Hura zen desatrea" jarraitu du; izan ere, soinekoak eta bestelako jantziak "oso egoera txarrean" zeudela akordatzen da azkoitiarra, eta erakusketarako txukundu ostean, Getariako Udalari bilduma horrekin "zerbait egiteko" esan zietela: "Pena ematen zigun jantzi horiek zer-nolako egoeran zeuden ikusteak, eta museoa ireki baino askoz lehenago bilduma horrekin zerbait egiteko eskatu genion Getariako Udalari". Hala eta guztiz, "oso esperientzia ederra" izan zela nabarmendu du.

Bere ibilbide profesionalak, ordea, beste bide bat hartu zuen lanean hasi eta urte batzuk geroago, eta tindategia ireki zuen Xabier Munibe kalean: "Asteburuetan Bartzelonara joaten nintzen tindategia irekitzeko kurtso bat egitera; oso mundu interesgarria da, baina oso zaila. Gero pentsatu nuen nire zaletasuna jostea zela, eta duela urte batzuk utzi egin nion tindategian aritzeari". Tindategia zuen bitartean, herriko beste hainbat jantzi garrantzitsu ere konpondu izan ditu Larrañagak bere ibilbidean; tartean, Aste Santuko armatuak eta San Martingo amabirjinaren soineko berria: "Soinekoa garbitzeko ekarri zidaten hasieran, eta egoera oso txarrean zegoen. Beraz, urte batzuk geroago, soinekoaren brodatuak askatu eta oihal berri bat egin nion San Martingo amabirjinari, Azkoitiko Udalak hala eskatuta. Lan zaila izan zen, denak berdin-berdin egon behar zuelako, baina, azkenean, oso ondo gelditu zen. Merezi izan zuen".

Bestalde, Larrañagak dio konponketak egiten eta apaingarriak jartzen ere asko disfrutatzen duela: "Emaztegaien soinekoak tuneatzea asko gustatzen zait. Duela 25 urte egin genuen emaztegai baten soinekoa aldatu nuen duela gutxi, soinekoaren jabearen alabari ilusio handia egiten baitzion jantzi hori eramateak. Apaingarri berriak jarri nizkion, kankana aldatu, egokitu... Azkenean, oso soineko polita gelditu zitzaion".

Lanbide konplikatua

Ogibide "oso polita" dela dioen arren, Larrañagak aitortu du "zaila" dela zeregin horretatik irtenbide profesionalak aurkitzea, eta hori bere azalean bizi izan duela; esaterako, arropen egungo prezioengatik: "Jendeak janzteko duen modua asko aldatu da. Orain, denboraldi baterako erosten ditugu arropak, eta horiekin segituan nazkatzen gara. Jantzigintza oso merkea dago egun, eta horren aurka konptetitzea ezinezkoa da". Ildo horretatik, Larrañagak joste-teknika berrien kurtso bat egin zuen duela pare bat urte, egungo egoera nolakoa zen jabetzeko. Dena aldatuta dagoela dio: "Orain erakusten dena oso estandarra da. Denbora gutxian nola josi irakasten dute, eta makinak nola erabili. Egun jantziak ez dira aurrez ailbantzen josi aurretik".

Hala eta guztiz, azkoitiarrak aipatu du gero eta jende gehiago joaten dela orain jantzigintza ikasteko eskoletara, nahiz eta lan hori "errekonozituta" ez egon: "Jostun profesionala izateko ibilbidea ez da erraza. Tailer batean sar zaitezke agian, edo bestela oso ondo prestatu behar duzu. Esperientziak gauza asko erakusten dizkizu jantzigintzan, baina denbora asko behar da horretaz jabetzeko". Halere, Larrañagak jostun izatearen alde oso onak ere ezagutu dituela dio: "Jendearekin harreman asko izateko aukera eman dit jostun izateak. Orain Whatsappeko mezuak bidaltzen dizkidate nik egindako jantziak soinean dituztela, eta ilusioa egiten dit". Era berean, kaletik doala jendeari berak egindako jantziak ikusteak ere asko pozten duela dio: "Oihal batetik jantzi bat ateratzeko prozesua oso polita da, eta jendea zuk sortutako jantziekin ikustea zoragarria da".

Motzean

  • Adina: 59 urte.
  • Ikasketak: Jantzigintza eta teknika berrien tituluak.
  • Lanbidea: Jostuna.
  • Jostuna ez banintz... ile-apaintzailea edo dekoratzailea izatea gustatuko litzaidake.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... bidaiatzea asko gustatzen zait.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide