Ramona's First Evil Boyfriend: "Agertoki gainean ateratzen zaiguna egiten dugu biok"

Anartz Izagirre 2021ko abu. 26a, 09:00
Andrea Pozo eta Jose Mari Unanue. (Anartz Izagirre)

Etxeko trastelekuan hasi ziren lehen piezak sortzen Ramona's First Evil Boyfriend taldeko bi kideak, eta ordutik, lau hormetan hasitako proiektuak ustekabeko dimentsioa izan du urtebeteko tartean. Aurrera begira, kontzertuak ematen jarraitzea eta "gauza berriekin esperimentatzea" nahi dute.

Konfinamenduan ondutako taldea izan da Ramona’s First Evil Boyfriend taldea. Andrea Pozok (Azkoitia, 1997) eta Jose Mari Unanuek (Hendaia, Lapurdi, 1997) 2020ko apirilean grabatu zituzten beren lehen abestiak, eta urte bereko irailean publikatu zuten zortzi abestiz osatutako lehen proiektua. Ordutik, apurka-apurka bada ere, beraien bidea egiten ari dira Euskal Herrian, hainbat programatan hautatu baitituzte. Duela hilabete batzuk plazaratu zuten Retroceder abesti berria, eta "harrituta" daudela diote abestiak izandako harrerarekin.

Duela urtebete sortu zenuten Ramona’s First Evil Boyfriend taldea. Zein da ordutik izan duzuen ibilbidea?

Andrea Pozo: Berrogeialdian sortu genuen taldea, eta abesti batzuk grabatu genituen mikro kasete batean. Irailean, berriz, abesti horiekin eta beste batzuekin disko bat grabatu genuen, eta ondoren, Kutxa Kultur programan aukeratu gintuzten, baita Bilboko VillaSounden ere. Harrituta gelditu ginen; izan ere, Kutxa Kulturren ehundik gora talde aurkeztu ziren, eta horietatik sei bakarrik aukeratu gintuzten. VillaSounden, berriz, hamabost.

Jose Mari Unanue: Espektatiba handirik gabe aurkeztu ginen lehiaketa horietara. Aurrez Silence taldearekin ere aurkeztu izan ginen halako programetara, eta kasu horietan gehiago prestatu izan ginen. Ramona’s-en aurkezpena, ordea, ez genuen batere landu, eta ez genuen espero hautatuko gintuztenik.

Aurretik, Silence taldeko kide izan zineten biok. Aldaketa handia antzeman al duzue proiektu batetik bestera?

A.P.: Proiektu hau geureagoa sentitzen dugu. Izan ere, Silencen bost pertsona ginen, eta bakoitzaren estiloa oso ezberdina zen; horregatik, ateratzen genituen abestiek ez gintuzten %100 ordezkatzen. Silencen beste taldekideek konposatutako abestien letrak egiten nituen nik, eta oso zaila egiten zitzaidan zeregin hori. Orain, ordea, Jose Marik eta biok geure kabuz konposatzen dugu musika, baita letrak ere. Lasaiagoa da.

Zer-nolako esperientzia ari da izaten Kutxa Kultur musika programa?

J.M.U.: Abenduan jakinarazi ziguten hautatu gintuztela, eta guretzako bedeinkapen baten modukoa izan zen. Kontzertuak lotzea asko kostatzen zaigu, eta egungo egoerarekin, gainera, lehen baino zailagoa da. Kutxa Kultur programa gabe agian ez genukeen oraindik kontzerturik emango. Bestalde, programa horretan master classak jasotzen ditugu marketinaren, sare sozialen, egiletza eskubideen eta beste hainbat gairen inguruan.

A.P.: Gainera, manager lana egiten digun pertsona bat jarri digute, eta gure taldearen jarraipen berezia ari da egiten hura. Horrez gain, Katapulta Tour Gipuzkoaren barruan kontzertuak ematen aritu gara; esaterako, Txillida Leku museoan eta Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eskaini ditugu kontzertuak egitasmo horren barruan. Bestalde, duela aste batzuk Tabakaleran ere emanaldi bat eskaini genuen Kutxa Kulturren.

Zer sentipen izan zenuten Ramona’s First Evil Boyfriend moduan lehen aldiz agertokira igo zinetenean?

A.P.: Arraroa izan zen, Ramona’s-ekin bezala Silence taldearekin ere lehen kontzertua Bilbon eman baikenuen Gaztea maketa lehiaketaren barruan. Antzekotasun hori izanagatik, oso sentipen ezberdina izan nuen, ez bainuen presiorik. Orain ez naiz arduratzen afinazioaz, eta agertoki gainean ateratzen zaiguna egiten dugu biok. Adibidez, baxua jotzen hasi nintzen martxoan, eta kontzertuetan ere jotzen dut; zerbait gaizki ateratzen baldin bazait ez da ezer gertatzen. Talde handiago batean jotzen duzunean desberdina da duzun presioa.

J.M.U.: Bai. Neu ere erosoago sentitzen naiz orain.

Ez dira jendaurreko kontzertuetarako garairik erosoenak. Jendearen berotasunik sentitu al duzue aretoetan?

J.M.U.: Koronabirusaren kontu honekin uste dut lehen baino jende gehiago joaten dela orain kontzertuak entzutera; egun, batzuetan, Katapulta Tourren kontzertu batean sarrera guztiak agortzen dira. Urtebete kontzerturik gabe egon ostean, iruditzen zait jendeak gehiago baloratzen dituela emanaldiak. Beldurra ematen dit datorren urtean edo hemendik bi urtera ez ote garen lehengo egoera berera itzuliko.

A.P.: Nik ez dut desberdintasun handirik igarri publikoan. Egia da ikus-entzuleak maskararekin daudela emanaldian zehar; halere, feedback-a jasotzen dugu. Orain kontzertu batera joatea plan bat bilakatu da, eta jendeak emanaldiak gehiago bizitzen dituela iruditzen zait.

Autoekoitzitako diskoa plazaratu zenuten iaz, etxeko trastelekuan grabatutakoa. Nolakoa izan zen sortze prozesua?

J.M.U.: Kantuak sortzen 2020ko apirilean hasi ginen, hiruzpalau abesti egin genituen, eta irailean beste horrenbeste. Abuztuan Andreari deitu zioten Euskadi Irratiko Txiriboga saiora joan eta proiektua aurkezteko, baina guk ez genuen proiekturik orduan [barrez]. Bi hilabetez ezer egin gabe egon ginen, eta abuztuan abesti gehiago prestatzen hasi ginen. Abuztu amaieratik irailaren 13ra bitartean kantuak sortzen ibili ginen lehiaketa batera aurkezteko, eta egun horretan plazaratu genuen diskoa sarean. Azkar egin genuen guztia, baina oso gustura gelditu ginen emaitzarekin.

A.P.: Zoramena izan zen. Gogoratzen naiz astebetez gauero-gauero abestiak idazten egoten nintzela, gelditu gabe.

Estetika retroa dute zuen bideoklipek zein abestiek. Zeintzuk dira zuen erreferenteak?

A.P.: Txikia nintzenean soul musika entzuten nuen: Adele, Amy Winehouse... Orain ez dut halakorik entzuten, baina aurrekoan egin ziguten kritika batean soul abeslarien ahotsa nuela aipatzen zuten. Oso barneratuta dut abesteko modu hori; nahiz eta egun beste estilo batzuetako musika entzuten dudan, ezin diot era horretako musikari uko egin.

J.M.U.: Kontua da idazterakoan errefente batzuk ditugula, eta gero jendeak beste eragin batzuk ikusten dituela gure musikan. Oso kuriosoa da. Aurrekoan, adibidez, Creedeence Clearwater Revivalen antza genuela esan ziguten, ez dakit zer ikusiko ote zuten... Talde on batekin alderatu gintuzten behintzat.

'Shoegaze musika egiten dugu, sandaliekin' diozue zuen Instagram kontuan. Zer esan nahi duzue horrekin?

J.M.U.: Shoegaze 80ko hamarkadaren amaieran sortu zen musika estilo bat da, eta esan nahi du gitarra-jotzaileek beren oinetakoetara begira abesten dutela. Ni sandaliekin ibiltzen naizenez, txantxa hori egin nahi izan nuen.

Duela hilabete batzuk plazaratu zenuten zuen bigarren diskoan jaso nahi duzuen Retroceder abestia. Zer- nolako harrera izan du entzuleengan?

A.P.: Martxoan publikatu genuen Retroceder, eta oso harrera ona izan zuen. Gaztelaniaz egin genuen abestia, eta jendea harrituta gelditu zen, normalean ingelesez sortzen baititugu kantuak. Kutxa Kultur programako gure managerrak kantua gaztelaniaz egiten probatzeko esan zigun; hasieran arraroa egin zitzaigun, baina azkenean asko gustatu zitzaigun emaitza. Lagunei galdetu nien: ‘Kantu hori entzun eta Ramona’s etortzen al zaizue burura?’. Baietz esan zidaten, eta guri ere abestiak gure esentzia baduela iruditzen zaigu.

J.M.U.: Bai, eta bideoklipak ere harrera oso ona izan du. Mondosonoro aldizkarira bidali behar genuen abestiaren aurrerapena, eta bideo bat grabatzea otu zitzaigun. Hasieran txantxa moduan hartu genuen bideoa; bertan, aurreraka ibiltzen agertzen gara, baina bideoari atzerakako efektua jarri genion, Retroceder izena duelako abestiak. Jendeari asko gustatu zitzaion nola gelditu zen.

Lehen diskoko abesti guztiak ingelesez ziren, eta bigarreneko lehen single-a gaztelaniaz. Euskaraz abestirik ateratzeko asmorik ba al duzue?

A.P.: Gustatuko litzaidake abestiren bat euskaraz grabatzea, ikusteko ea zer ateratzen den. Dena den, ni erosoago sentitzen naiz ingelesez edo gaztelaniaz abesten, beharbada musika gehien bi hizkuntza horietan kontsumitzen dudalako.

J.M.U.: Abestiak ingelesez egitea gustatzen zaigu. Izan ere, talde bat euskaraz abesten entzuten baduzu badakizu euskaldunak direla, gaztelaniaz bada badakizu espainiarrak izango direla, baina ingelesez bada edozein herrialdetakoa izan daiteke; anonimotasun hori gustatzen zaigu. Hemen garrantzi handiegia ematen zaio musika talde bat euskalduna izateari, eta talde horien kontzertuetara joan ohi da jendea nahiz eta estilo hori ez atsegin. Musika hori ez bazaizu gustatzen, zergatik joaten zara? Nik diodana da talde baten musika gustatzen bazaizu entzuteko haien musika, euskaraz, gaztelaniaz edo japonieraz bada ere.

Zein estilotako abestiak entzun ahal izango dira zuen lan berri horretan?

A.P.: Ez dakigu. Azkena egin genuen kantua bossa nova estilokoa atera zitzaigun, eta beste abesti bat ere badugu grabatuta, baina oraindik ez dugu plazaratu. Kantuak gure kabuz grabatzen jarraituko dugu, modu horretan gehiago esperimentatu daitekeelako, eta bestela topatuko ez genituzkeen soinuak aurkitzen ditugulako.

J.M.U.: Nik disko berria bateria batekin grabatu nahiko nuke. Horrez gain, zarata askoko musika imajinatzen dut, baina soinua hobeto landuta.

Datozen hilabeteetarako kontzertu asko aurreikusten al dituzue?

J.M.U.: Getariako Balentziaga museoan emango dugu hurrengo kontzertua, abuztuaren 20an, Katapulta Tourren barruan. Beldurtuta gaude ea Katapulta amaitu ostean zer gertatuko den.

A.P.: Kontzertuak ematen jarraituko dugu, eta gustatuko litzaiguke Euskal Herritik kanpo ere emanaldiak eskaintzea, Madrilen edo.

Lan berria euskarri fisikoan aterako al duzue?

A.P.: Gure lehen lanarekin kasete bat atera nahiko genuke; izan ere, proiektu berezia da guretzat, eta euskarri fisikoan izan nahi dugu.

J.M.U.: Bai, zerbait sinbolikoa atera nahi dugu, badakigulako jendeak kaseteak ez dituela erosten. Gaur egun lan bat formatu fisikoan ateratzea sinbolikoa da, jendeak Spotify-n edo Youtuben entzuten duelako musika. Egun talde baten diskoa erosten baduzu, taldea babestu nahi duzulako izaten da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide