Hitz bitan

Zineb Zrouki: "Batuan baino nahiago izaten dut herriko hizkeran aritzea"

Julen Otaegi Leonet 2021ko abu. 29a, 09:00

Duela bi urte etorri zen Azkoitira bizitzera Zineb Zrouki (2003, Marrakex, Maroko). Ordutik ari da euskara ikasten. Euskara batua baino, Azkoitiko euskalkia maite du gehiago. Iaz, Euskaraldian parte hartu zuen lehenengoz ahobizi gisa, eta "esperientzia polita" izan zela dio. Azkoitiko AEKn ere ibili da euskara ikasten; amaitu berri du ikasturtea.

Noiz hasi zinen euskara ikasten?

Azkoitira etorri eta hilabete gutxira hasi nintzen euskara ikasten. Lehendabizi, eskolan, DBH 4. mailan hasi nintzenean. Aurrena ikaskideekin saiatu nintzen ikasten, baina gero udaletxera jo nuen, euskara maila baxuagoko saioak eskatzen dituztelako bertan. Eskolan C1 maila irakasten dute, udaleko saioetan, berriz, B1 maila. Iaz, Azkoitiko AEK euskaltegian hasteko pausoa eman nuen, eta A1 mailatik B1era pasatu nintzen, ordurako banuen-eta euskara maila altuagoa.

Nolakoa izan da euskara zerotik ikasten hastea?

Hasieran zaila izan zen. Hizkuntza ezezaguna zen niretzat, dakizkidanengandik desberdina. Frantsesa badakit, eta hizkuntza hori eta gaztelera antzekoak dira. Euskara beste mundu bat da, ordea. Aurrena ez zen erraza izan, baina gero hasi nintzen ulertzen eta moldatzen.

Zer gustatu zaizu gehien?

Zerbait berria izan da euskara ikasteta, eta asko gustatzen zait. Garrantzitsua da euskaraz jakitea, Euskal Herrian bizi garelako eta gaztelera baino gehiago behar izango dugulako etorkizunean. Gainera, beste hizkuntza bat jakitea ere garrantzitsua da. Euskara batuaz gain, Azkoitiko euskalkia ere jakin behar da; pixka bat desberdinak dira eta.

Gustatzen al zaizu herriko euskalkia?

Bai. Azkoitiarrez jardutea euskara batuan aritzea baino nahiago dut beti.

Bien artean aukeratzekotan herriko hizkerarekin geratuko zinateke, beraz?

Iaz arte batuaz hitz egiten nuen, ez nuelako bertako hizkera menderatzen. Orain, ordea, pixkanaka ikasten ari naiz, eta lagunen artean-eta azkoitiarrez hitz egiten dut beti. Hobeto moldatzen naiz azkoitiarrez batuaz baino, kalean ere gehiago entzuten dudalako bertako euskalkia.

Ikasturte bat egin duzu euskaltegian. Zer daramazu urte honetatik?

Oinarri bat lortzeko balio izan dit euskaltegira joateak, eskolakoa baino maila errazagoarekin hasi naizelako. Hala, euskaraz hobeto konpondu ahal izan naiz ikasterakoan eta hitz egiterakoan. Euskaltegian idatzia gehiago landu dugu, eta udalak eskainitako eskoletan, berriz, komunikazioa eta ahozkoa.

Aurrera begira ikasten jarraitzeko gogotsu al zaude?

Bai, ez dut-eta euskara guztiz menderatzen; oraindik asko dut ikasteko. Nire gelakideek C1 mailako azterketa egin dute aurten. Nik, ordea, azterketarik ez dut egin, bide luzea dudalako aurretik.

Denbora eta dedikazioa eskatzen du euskara ikasteak.

Asko, asko.

Iaz lehenengoz Euskaraldian parte hartu zenuen. Zertarako balio izan zizun esperientziak?

Kalean euskaraz hitz egiteko eta trebatzeko modu bat da Euskaraldia. Beti egiten dut euskaraz kalean, hobeto moldatzen naizelako euskaraz gazteleraz baino. Euskaraldian parte hartu ostean hasi nintzen kalean azkoitiarrez hitz egiten. Batuaz bakarrik egiten nekien aurretik, orain, aldiz, euskara batuaz egitea arraroa egiten zait.

Euskaldun berri batentzat aholkurik bai?

Euskara hizkuntza garrantzitsua da, eta Euskal Herrian bizita euskara ikasi behar da bai ala bai. Azkoitian, adibidez, kalean euskarak gaztelerak baino gehiago balio du bertakotzeko. Euskara ez da hizkuntza zaila; kalean entzunda zaila dirudi, baina behin ikasten hasita, errezagoa egiten da. Jakiteko ikasten hasi beharra dago.

Praktika, praktika eta praktika.

Bai, hitz egin eta saiatu beharra dago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide