Donostiako Klasikoak errepide mozketa eragingo du larunbatean

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 27a, 09:48

Larunbatean jokatuko da aurten txirrindularitzako Donostiako Klasikoa, eta eskualdeko errepideetan egingo du ibilbideko lehen zatia. Azkoitira 13:33 aldean iritsiko da tropela, eta errepidea ordu erdi lehenago itxiko dute.

Datorren larunbatean jokatuko da txirrindularien Donostiako Klasikoa, eta lasterketak eragina izango du herriko trafikoan; izan ere, Azkoititik igaroko da txirrindularien tropela. GI-2634 errepidea moztu beharko dute ibilgailuentzat Azkoitian. Aurreikusitako ordutegiaren arabera, txirrindulariak 13:33-13:43 bitartean iritsiko dira Azkoitira, eta hori horrela, errepidea "gutxi gorabehera ordu erdi lehenago" itxi beharko dutela jakinarazi du udalak.

Txirrindulariak Elgoibar aldetik sartuko dira Azkoitira, eta Azpeitirantz jarraituko dute. Azkaratetik barrena, Mekoletako biribilgunera helduko da lasterketa, eta saihesbidetik Altzibarko biribilgunerako bidea hartuko dute. Saihesbidean zehar jarraituko du lasterketak, eta GI-631 errepidetik Eroski supermerkatuaren aurreko biribilgunera iritsiko dira. Han, Azpeitia alderako bidea hartuko dute, GI-2634 errepidean sartuta. Lasterketak herria gurutzatzen duen bitartean, Elgoibar edo Zumarraga aldera hartu nahi duten ibilgailuek ezingo dute ibilbidearekin jarraitu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide