Azken hiru egunetan hamahiru positibo zenbatu ditu Osasun Sailak Azkoitian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 26a, 13:57

Aurreko asteburuan baino hamasei positibo gutxiago zenbatu ditu Osasun Sailak Azkoitian. Intzidentzia tasak gutxi, baina gora egin du herrian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, berriz, 800eko langa gainditu berri du.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, hamahiru kasu positibo baieztatu dituzte ostiraletik atzora bitartean Azkoitian egindako PCR eta antigeno testetan –zazpi ostiralean, lau larunbatean eta bi atzo–. Aurreko asteburuan 29 izan ziren Osasun Sailak zenbatutako positiboak. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak gutxi, baina gora egin du azken positiboen ondoren: 1.143,29koa zen ostiralean zenbatekoa, eta gaur 1.151,63koa da. 

Urola Kosta eskualdean, bestalde, 101 kasu atzeman dituzte; aurreko asteburuan 109 izan ziren. Azpeitian zenbatu dituzte positibo gehien, 28 –bi ostiralean, hamabost larunbatean eta 11 atzo–, baina antzekoak izan dira Zarauzko datuak ere, 25 kasu detektatu baitituzte han –hamar ostiralean, zazpi larunbatean eta zortzi atzo–. Azpeitiko intzidentzia tasa 512,48tik 663,6ra igo da ostiraletik, baina Zarautzen jaitsi egin da tasa asteburuan: 818,09an zegoen ostiralean, eta 809,53an dago orain.

Zumaian hamasei kasu izan dira azken hiru egunetan –bederatzi ostiralean eta zazpi larunbatean–, baina han ere behera egin du kasu metatuen tasak, 1383,94tik 1210,95era. Dena den, oraindik ere Zumaia da intzidentzia tasarik altuena daukan eskualdeko udalerria. Orion hamar positibo detektatu dituzte –launa ostiralean eta larunbatean, eta bi atzo–, eta han ere hazi da tasa. 831,7koa zen aurreko ostiralean, eta 864,32ra igo da asteburuko datuekin. 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiak daude gorrian; alegia, Azkoitia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaia.

Zestoan zazpi lagunek eman dute positibo asteburuan –bik ostiralean, hiruk larunbatean eta beste bik atzo–, eta gora egin du intzidentzia tasak, 487,93tik 642,01era. Getarian eta Aian, aldiz, kasu positibo bana zenbatu dute, eta jaitsi egin dira bi herri horietako kasu metatuen tasak –742,05etik 671,38ra eta 403,02tik 352,64ra, hurrenez hurren–. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez da kasurik izan azken hiru egunetan; hutsean daude Aizarnazabalgo eta Beizamako intzidentzia tasak, eta 322,06an Errezilgoa.

4.879 kasu Hego Euskal Herrian

Ostiraletik igandera bitartean 4.879 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Atzo, zehazki, 508 kasu izan ziren Bizkaian, 312 Gipuzkoan, 289 Nafarroan, 101 Araban eta 21 lau lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Atzoko probetan positibotasun tasa %13,1ekoa izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –%14,1koa izan zen bezperan–, eta %14,3koa Nafarroan.

Osakidetzaren ardurapean dauden erietxeetan okerrera egin du egoerak asteburuan. Atzoko datuen arabera, COVID-19ak jotako 227 lagun zeuden ospitaleratuta –191 ziren ostiralean– eta horietako 56 zeuden ZIUetan –ostiralean baino lau gehiago–. Atzo 46 ospitaleratze izan ziren Osakidetzan.

Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, 1,12koa da egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Egunez egun behera ari da egiten positibo batek kutsa dezakeen pertsonak zehazten dituen indizea; Gipuzkoako tasa, gainera, 1,01ekoa da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, berriz, gora egin du, baina ez aurreko asteetan bezainbesteko erritmoan. Hamabi puntu gora eginda, 808,74koa da gaur-gaurkoz tasa hiru lurralde horietan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide