Herrian egindako udalekuek "oso harrera ona" izan dute

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 26a, 10:18
Haurrak, 'Uztaila Jolasean' udalekuetan. (Argazkia: Uztaila Jolasean)

Guztira, 269 neska-mutilek eta 36 hezitzailek parte hartu dute aurten Azkoitian antolatutako udalekuetan. Era berean, udalak jakinarazi du udazkenerako beste hainbat tailer eta ikastaro antolatuko dituela Gazteria Zerbitzuak.

Herriko gaztetxoek aisialdirako egitarau zabala izan dute herrian. Guztira, lau udaleku edo aisialdirako gune izan dituzte azken asteetan Azkoitian; izan ere, Azkoitiko Udalak, Gazteria sailaren bidez, Abarketatxo Ludotekak, Artxamendi Gazte Topalekuak, Teknoguneak eta Alai Batza Aisialdi Elkarteak aisialdirako egitarau zabala antolatu dute.

Udaleku horietako arduradunen arabera, "oso harrera ona" izan dute aurtengo udalekuek parte-hartzeari dagokionez. Antolatutako ekimenetan 269 haur eta gaztetxok parte hartu dute, eta haien zaintzan 30 hezitzailetik gora ibili dira. Aurten, gainera, hezitzaileek aurretik behar bereziak dituzten umeak hobeto artatzeko formazio ikastaroa egin dute estreinakoz.

Iaz, Udazblai udalekuak bertan behera geratu ziren COVID-19aren eragina tarteko, eta Gazteria Zerbitzuak egitarau alternatiboa antolatu zuen haurrek hainbat ekimenetan parte har zezaten. Aurten, ordea, udalekuak antolatzeko modua izan da, eta segurtasun neurri guztiak hartuta eraman dira aurrera ekimen guztiak.

'Uztaila Jolasean' programan, 3 eta 9 urte arteko 154 haurrek parte hartu dute parte, 22 hezitzailerekin batera. Ezin izan dute San Ferminetako entzierroa egin, ezta Gamarrara edo Landako urtegira irteerarik ere. 'Praka Motxakin' egitasmoan, aldiz, 10 eta 12 urte bitarteko 65 haurrek eman dute izena, hurrenez hurren. Lehenengo txandan lau hezitzaile izan zituzten, eta bigarrengoan, hiru. 'Artxabentura' udalekuan, ostera, 12 eta 16 urte bitarteko 50 nerabek parte hartu dute; bi txanda antolatu dituzte, eta hiru eta lau hezitzaile izan dituzte bidelagun, hurrenez hurren.

Udazkenean ekintza gehiago

Udazkenean ere gaztetxoek hainbat jardueretan eta ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute Gazteria Zerbitzuaren bitartez. Teknologia berrien aldeko apustuari eutsiko zaio robotika eta programazio tailerrekin, sare sozialen erabilera zuzena landuko duten saioak ere izango dira, baita eskulanekin, brikolajearekin eta arropen birziklapenarekin lotutako tailerrak ere. Argazkilaritzan edo bideo edizioan sakontzeko parada ere eskainiko dute. Jorratuko diren gaien artean daude, halaber, kirolean egin beharreko praktika onak, maskulinitatea edota autodefentsa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide