Lezora joan da Gazteen Dantza Suelto Txapelketaren lehen saria

Mailo Oiarzabal 2021ko uzt. 26a, 09:10

Ane Jaunarenarentzat eta Endika Osarentzat izan ziren atzo zapia eta txapela Balda plazan. Azpeitiarrek osatu zuten sarituen hirukotea; Malen Arrizabalaga eta Enaitz Segurola sailkatu ziren bigarren postuan, eta Nora Aizpuru eta Iker Zabala hirugarrenean.

Udalak uztailerako antolatutako kultur programazio bereziak atzo arratsaldean izan zuen azken hitzordua. Balda plaza beteta zela, Gazteen Danta Suelto Txapelketan nor baino nor lehiatu ziren 11 bikote, eta Lezora (Gipuzkoa) joan zen azkenean sari nagusia.

Ane Jaunarenak eta Endika Osak jantzi zituzten atzo dantza suelto txapelketatako garaileei dagozkien zapia eta txapela. Bigarren eta hirugarren postuak, berriz, Azpeitiko bikoteentzat izan ziren; Malen Arrizabalaga eta Enaitz Segurola sailkatu ziren bigarren postuan, eta Nora Aizpuru eta Iker Zabala hirugarrenean.

Sariak banatu ostean ohikoa izaten da bikote txapeldunak sariok berriro dantza eginez eskertzea eta, bide batez, ikusleen aitortza jasotzea. Atzo, ordea, Azkoitiko Gazteen Dantza Suelto Txapelketa ez zen txapeldunen dantzarekin bukatu. Izan ere, lehiatzerakoan dantzatu beharreko bi piezak dantzatu ondoren, oholtzatik jaisterakoan min hartu zuen Jaunarenak eskuin hankako orkatilan; orkatilan izotza jarrita eta herrenka igo zen berriro oholtzara dantzaria sariak jasotzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide