Baserriko lanetan amaren lekukoa hartuko dute

Nerea Uranga 2021ko uzt. 25a, 08:30
Asier Garate 'Txibilter' ganaduarekin. (Argazkia: Nerea Uranga)

Lehen sektorean belaunaldi aldaketa sustatzeko helburuarekin, 40 urtetik beherako hamalau gazteren proiektuak lagunduko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Laguntza jasoko duen proiektuetako bat Azkoitiko Txibilter baserriko Josu eta Asier Garate anaiena da.

Lehen sektorean 40 urtetik beherako nekazariek enpresa berriak sor ditzaten dirulaguntzak eman ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Guztira, 507.910 euro bideratu ditu laguntza programara. Horri esker, hamalau gaztek hasiko dituzte proiektu berriak; tartean, Azkoitiko Martirieta auzoko Txibilter (Gibraltar) baserriko Josu (36 urte) eta Asier Garate (34 urte) anaiek.

“Ongi prestatutako eta kualifikatutako gazteei” lagunduta, lehen sektorean belaunaldi aldaketa sustatzea nahiz garapena, dibertsifikazioa, enplegua eta enpresen sorkuntza bultzatzea da Foru Aldundiaren helburua. “Gipuzkoa ezin da ulertu lehen sektorea gabe. Sektore horretako balioi eutsi ahal izateko ekintzaileak behar ditugu, proiektu berritzaileak martxan jarriko dituztenak eta ingumenarekin bat eginda elikagai osasuntsuak eskaintzeko lanean jarraituko dutenak”, adierazi du Markel Olano diputatu nagusiak aurtengo dirulaguntza programaren berri emateko ekitaldian.

Hamalau izango dira dirulaguntzaren onuradunak, eta horietatik 11k lehendik martxan ziren ustiategien kargu egingo dira, eta hiruk, berriz, berriak zabalduko dituzte. Onuradunek batez beste 39.616 euroko laguntza jasoko dute; bost urtez laguntza ekonomikoa jasotzeaz gainera, teknikarien aholkularitza eta laguntza ere jasoko dituzte.

Etxekoari segida

Aurretik etxean martxan dagoen jarduerari helduko diote Txibilter baserriko bi anaiek; izan ere, amaren lekukoa hartuko dute. Etxeko ganaduarekin eta ardiekin lanean jarraitzea eta ustiategiari berrikuntzak gehitzea da haien asmoa, Asier Garatek azaldu duenez. “Aurten ama jubilatu egiten da, eta orain arte hark egin duen lanari eustea da gure asmoa. Etxeko jardunari segida emateko asmoarekin heldu diogu proiektu berriari. Anaiak jardungo du batik bat, eta ni laguntzen ariko naiz”, azaldu du Asierrek.

Egun, behiak eta ardiak dituzte Txibilterren, eta negurako prestaketa lanetan ari dira sasoi honetan. “Belarretan. Belarra moztu ondoren, fardoak egiten eta gordetzen. Negurako prest egoteko orain egin beharra daukagu, eta horretarako eguraldia lagun dugun egunak aprobetxatu behar”, dio Txibilterreko anai gazteenak.

Okelerako behiak dituzte, asturiar arrazakoak, eta 50 bat ardi. Sasoi honetan, mendian dituzte guztiak; ganadua, Martirietatik gora, Gurutzealde bezala ezagutzen duten belardietan. Hantxe bertan larrean dabiltzan buruei begira, hala dio Asierrek: "11 bat buru ibiliko dira, asturiar arrazakoak dira hauek, gantz oso gutxiko okela izaten dute. Gure asmoa da, ordea, Pirinioetako arrazako buruak hazten hastea".

Orain arte, txibilterrenean bospasei hilabete ingurura arte txahalak hazi eta gero,  saldu egiten zituzten gizentzeko. Beren proiektu berriarekin, ordea, ganadua etxean bertan haziko eta gizenduko dute, gero Urkaiko hiltegira saltzeko. "Gehienak Urkaikora saltzeko asmoa dugu, eta harakinen batek eskatuko baligu, baita hari ere. Horretarako, urtean hainbat alditan Euskal Labelekoen kontrolak-eta egin beharko dira, baita hiltegira eramandakoan ere".

Garate anaiak, beren ganadu ustiategiaren proiektua aurrera ateratzeko, ukuilu berria eraikitzen hasi dira dagoeneko Txibilter baserritik gertu. "Ukuilua lehengo erara, baserrian bertan barruan, eduki dugu orain arte. Berria eginda, ukuilua kanpora ateratzea erabaki dugu. Behin ganaduarentzako eta ardientzako ukuilu berria daukagunean, lanerako ere erosoagoa izango da", azaldu du Asierrek. Baina azpiegitura berri hori egitea "gastu handia" dela dio: "Dezenteko gastuak dira ukuiluarentzako pabilioi berriarenak, eta dirulaguntzarik gabe hori egitea oso zaila izango zen. Laguntza ondo etortzen da lehen bultzadatxo horretarako, eta dirulaguntzarik gabe zaila litzateke orain heldu diogun proiektuari eustea. Gainera, aholkularitza jasoko dugu eta paperak-eta kontu guztiak eramaten lagunduko digute".

Baserriko lanari zergatik heldu dioten galdetuta, zera dio Txibilterrekoak: "Orain arte amak jardun du ganaduarekin eta baserriko kontuekin, nahiz eta guk laguntzen genion lan horietan. Orain hark jubilazioa hartuko duela-eta lan horri guk eustea erabaki dugu. Inguruan baditugu lursail batzuk, eta horiei pixka bat garbi eustea ere gauza ederra da. Ganadurik-eta ezer ez badago, mendia eta inguruak laster zikintzen dira; sasiak azkar hartzen ditu bazter guztiak".

Ganaduak "nahiko lan" badu, baina gustura ibiltzen dira Txibilterreko bi anaiak lan horretan. Hala ere, hasieran behintzat, orain bezalaxe tailerrean lan egin beharko du Asierrek: "Igoal, bertatik bizitzeko ez digu emango proiektuak, beraz, tailerrean ordu batzuk egin eta etxean jardun beharko dugu gero. Bertatik bizitzeko ganadu asko ipini behar da, eta lursailak ere behar dira. Eta, orain, ez dauzkagu horrenbeste. Poliki-poliki hasi behar da aurrena, eta aurrerago ikusiko dugu. Ganaduarentzako pentsuak gora egiten du beti, eta okela lehengo prezioan mantentzen da. Ea kontu horiek guztiek onera egiten duten…".

Txibilterrekoek "asko estimatzen" dituzte baserria eta hari lotutako lanak: "Gauza garen bitartean, gure baserriari eta inguruei heltzekotan eta lanean segitzeko asmoa dugu. Gainera, ama gustura dago bateren batek baserrian lanean segituko duela jakinda".

Lehen sektoreko proiektuak egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasoko dutenak eta Aldundiko ordezkariak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide