Jokin Larrañaga: "Miraria izan zen Olinpiar Jokoetan parte hartzea"

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 27a, 08:51
Larrañaga, Vall d'Hebrongo trinketeko pilotalekuan. (Argazkiak: utzitakoak)

Jokin Larrañaga (Azkoitia, 1961) da Olinpiar Jokoetan parte hartu duen azkoitiarretako bat. Duela 29 urte, zilarrezko domina eskuratu zuen Larrañagak Bartzelonan, eta ondo gogoan du han lortutako balentria. Egun, Gasteizen bizi da azkoitiarra, eta luze bezain zabal aritu da Maxixatzenekin solasean. Olinpiar Jokoak martxan diren honetan, Bartzelonako Olinpiar Jokoak nola bizi izan zituen azaldu du Larrañagak.

1992an, Bartzelonako Olinpiar Jokoetan parte hartu zenuen. Zer izan zen zuretzat han aritzea?

Mundu mailako zerbait zen, oso urrun ikusten genituen Olinpiar Jokoak. Era berean, lorrezina eta ikusezina zen guretzat. Pilotak, gainera, ordura arte ez zuen inoiz parte hartu Olinpiar Jokoetan. Niretzat miraria izan zen Olinpiar Jokoetan parte hartzea; sekulako ilusioa egin zidan. Kirolari batek eduki dezakeen ametsik gorenena da.

Trinketean aritzen zinen zu orduan, eta Olinpiar Jokoetara gonbidatu gisa joan zinen. Zer esan nahi zuen horrek?

Olinpiar Jokoen antolatzailea den estatuak hiru edo lau kirol modalitate bere kabuz antolatzeko gaitasuna du. Olinpikoak ez diren kirol modalitate horiek gonbidapenez egiten dituzte. Pilota ez da nahi adina lekutan jokatzen, eta horregatik, ez da olinpiar kirola. Kasu horretan, pilota gonbidatua izan zen Bartzelonako Olinpiar Jokoetan.

Larrañaga, Bartzelonan lortutako domina jantzita, alboan trinketeko taldearen argazkia duela.

Nola jaso zenuen Olinpiar Jokoetan aritzeko berria? 

Olinpiar Jokoak hasteko bost bat hilabete gelditzen zirenean, Iñaki Goikoetxeak deitu zidan telefonoz; hura zen gure entrenatzailea. Kubako munduko txapelketara joan aurretik, bagenekien gutxi gorabehera pilota gonbidatutako kirola izango zela Bartzelonako Olinpiar Jokoetan. Zurrumurruak zeuden zein kirol gonbidatuko zituzten, banaka edo binaka jokatuko zen, eta noski, baita trinketea gonbidatuko zuten edo ez ere. Prozesua luzea izan zen, Olinpiar Jokoetan aritzea ametsa baitzen orduan. 

Eta zein izan zen zure erreakzioa?

Sekulako jauzia egin nuen; azkenean, itxaroten nengoen berria zen niretzat. Trinketea jokatzea gustatzen zitzaigun kirola zen, eta gainera, Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera ematea, izugarrizko ametsa zen guretzat.

Parte hartu bakarrik ez, domina bat ere eskuratu zenuen.

Hilabeteak luze joan ziren. Batetik, selekzioan egongo ginen edo ez hautaketa egiteko, eta bestetik, Olinpiar Jokoetan nork jokatuko zuen erabakitzeko. Partidak etorri arte, ez genuen jakin nork parte hartuko zuen Bartzelonan. Finalera sailkatuta seguru genuen domina bat, baina ez genuen jakin bezperara arte domina kantxan jokatuta edo ordezkoa izanda lortuko genuen. 

Domina eskuratzea bezain garrantzitsua zen, beraz, final hura jokatzea, ezta?

Horrelako esperientziak izan ditut munduko beste bi txapelketetan eta Europako kopetan, eta ez da berdina titular edo ordezko moduan domina lortzea. Ordezkoa izatea beste kontu bat. Entrenamenduetan-eta gozatu egiten da, beti duzu jokatzeko itxaropena. Ez duzula jokatuko esaten dizutenean, ordea, ilusioa galtzen da eta bestelako jarrera bat hartzen da.

Nola joan zen txapelketa hura?

Bagenekien zein ginen sailkatutako taldeak eta zein izan zitezkeen gure aurkari gogorrenak. Trinketean ez dabiltza talde baten zerrenda goitik behera aldatzeko bezainbeste kirolari. Lau selekzio ginen indartsuenak, eta horiekin osatu genuen rankinga. Begiz jota genuen aurkaria Frantzia zen; haiei irabaztea zen gure helburu nagusia. Bideoen bitartez aztertu genituen, eta entrenamenduetan ere haiek menderatzeko jardun genuen prestatzen. Sailkapen fasean frantziarrei erraz irabazi genien, baita mexikarrei ere. Frantzia finaletik kanpo utzita, finalera iritsi ginen. Ondo ari ginela sinetsita geundenean, ordea, finala ezustean galdu egin genuen Mexikoren aurka. 

Nolakoa izan zen Bartzelonara joan aurretik egin behar izan zenuen prestaketa?

Erabat desberdina izan zen. Munduko txapelketetarako hiru bat hilabete lehenago hasten ginen entrenatzen. Modalitate guztietako pilotariak noizbehinka Iruñean elkartzen ginen selekzioarekin. Olinpiar Jokoetarako, ordea, trinketeko selekziokoak zazpi edo zortzi hilabete lehenago hasi ginen entrenamendu espezifikoak egiten. Batzuetan Lekunberrira joaten ginen, baina beste batzuetan Baionara ere bai; izan ere, han eta Senperen zeuden orduan kristalezko trinkete bakarrak, eta ohitzeko egin genituen entrenamenduak han. Uztailean jokatu ziren Olinpiar Jokoak Bartzelonan, eta urtarriletik aurrera, Bartzelonara hasi ginen joaten hamabost egunean behin.

Zer moduz joan zen Bartzelonako egonaldia? 

Modalitate bakoitzak bere egutegia eta iraupena izan zuen Olinpiar Jokoetan. Selekzio moduan hamar bat egun lehenago joan ginen, pixka bat egokitzera eta azken entrenamenduak egitera. Egokitze prozesua ondo joan zen, bi urte lehenagotik baigenekien zer egutegi eta ordutegi eduki genitzakeen Olinpiar Jokoetan. Trinketeko partida guztiak 09:00etan izan ziren, eta horregatik, Gasteizen 07:30ean egiten nituen prestakuntza entrenamenduak, gorputza esnatuta izateko nahiz ordutegira ohitzeko. 

Zein irudi datorkizu gogora Olinpiar Jokoekin oroitutakoan?

Egoitza hartan egindako bizitza, elkar ezagutzea, elkarrekin egindako jatorduak... Beste herri batean bizitzea zen, mundu mailako kirolari onenak zeuden leku batean egotea. Beste kirolariei begira, elkar agurtzen eta denbora librean zer ikusi erabakitzen ibiltzen ginen. Sekulako esperientzia izan zen. Oraindik ere barruak mugitzen zaizkit herrialdeetako ereserkiak entzuten ditudanean. 

Anekdota berezirik ba al duzu Olinpiar Jokoei lotuta?

Arreta gauza askok deitu zigun han. Gimnastika erritmikoan aritzen ziren neskek, esaterako, plater batean sagar batek lagunduta zazpi bat pilula nola izaten zituzten ikusi genuen; hori zen haien jatordua. Guk, aldiz, zerbitzu librean jaten genuen, eta erretilu handi bat bete-bete eginda eramaten genuen geure mahaira. Hirugarren egunerako kontrola ezarri ziguten guri ere, loditzen ari ginela esanda. Kirolariak ginen denok, baina bakoitzak ohiturak desberdinak zituela ohartu nintzen.

Hautatzaile lanetan ere aritutakoa zara, ezta?

Hamar urte egin nituen Espainiako hautatzaile lanetan. Euskal selekzioak trinketeko taldea atera zuenean, ordea, trinketeko hautatzailea izateko proposamena egin zidaten, eta Espainiako selekzioa utzi eta euskal selekzioan hasi nintzen. Sei bat urte egin nituen euskal hautatzaile lanetan.  

Ez zinen Bartzelonara joan zen azkoitiar bakarra izan. Diego Garcia atleta ere han izan zen. Izan al zenuten elkarren berririk?

Kirol bakoitzak bere ordutegiak, eginbeharrak eta konpromisoak zituen. Diego Garcia eta gainerako atletak ere Olinpiar Jokoetako egoitzan egon ziren; ikusi ginen, baina gutxi. Ez genuen tarte handirik izan elkarrekin harremanetan jartzeko. 

Garciak eta zuk, gainera, andramaixetako txupinazoa bota zenuten urte hartan.

1992ko andramaixei elkarrekin eman genien hasiera, bai. Uztailean deitu ziguten, Olinpiar Jokoak amaitu ondoren. Nik baiezkoa eman nuen eta Garciak ere bai. Udaletxean elkartu ginen biok txupinazoa botatzeko.

Larrañaga, ezkerrean, andramaixetako txupinazoa bota aurretik.

Egun pilotari lotuta jarraitzen al duzu?

Pilotari lotutako ardurarik ez dut une honetan. Zaramagako pilota klubeko presidente lanak egin ditut zazpi urtez. Semeek ere pilotan jokatzen dute, eta aurretik zegoen presidenteak utzitako kargua hartuta, klubari laguntzeagatik hasi nintzen. Apur bat erreta amaitu dut, ordea. Orain, pilota albo batean utzita dut, eta lasaiago nago; pilota ikustera eta gozatzera joaten naiz egun.

Larrañaga, erdian, bere bi semeekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide