Bisitarien zain jarraitzen dute ostatuetan

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 26a, 10:00
Abaraxka aterpetxea.

2020ko uda ezohikoa izan zen eskualdeko landetxeentzat nahiz ostatuentzat, eta aurten ere pandemiaren aurreko urteetan baino jende gutxiago hartzen ari direla azaldu dute horietako batzuek. Abuztuan dituzte erreserba gehien, baina izurriaren bilakaerari so daude, eta ziurgabetasuna da nagusi.

Uda bete-betean gauden arren, bigarren urtez jarraian ezohiko egoera izango da hilabeteotan mundu osoan zehar, eta koronabirusak eragindako izurriak oraindik ere ekonomia bortizki kolpatzen jarraitzen du. 2020ko martxotik gehien kolpatutako sektoreetako bat izan da turismorena, eta egun alarma egoerarik ez dagoen arren eta turisten joan-etorriak baimenduta egonagatik, pandemiaren eragina jasaten jarraitzen dute sektore horretako langileek.

Bailarako landetxeetan eta ostatuetan, esaterako, oraindik ere igartzen dute ezegonkortasuna. Azkoitiko Abaraxka aterpetxean ohikoena abuztuan lekurik ez egotea izan ohi da, baina aurten, oso bestelako egoera bizi dutela azaldu du Urrategi Alberdi Abaraxkako arduradunak: "Abuzturako poliki-poliki ari dira erreserbak sartzen, baina oraindik ere leku dezente dugu soberan. Orain arte abuztua bete egiten zen; joan zen urtea eta aurtengoa dira salbuespena". Uztailean zehar, berriz, Madrilgo talde bat izan dute lehen hamabostaldiko bi asteburuetan, eta orain, Gipuzkoako Foru Aldundiko udalekuetako umeak daude. "COVID-19a dela-eta aterpetxeko espazioa zabaldu behar izan dugu", azaldu du azpeitiarrak.

Alberdik dio "kuriosoa" dela bisitariak aurten iaz baino egonaldi luzeagoa egiten ari direla: "Hori nabarmenduko nuke. Lehen, pasaeran zen jende asko etortzen zen, eta egun bat edo bi igarotzen zituzten Abaraxkan. Orain, ordea, egun gehiagorako etortzen dira". Alberdik dio bailarako kostaldean ostatu hartzea "oso garestia" dela, eta jende askok, horregatik, inguruko herrietako ostatuetara jotzen duela k: "Jendeak gugana jotzen du kostako ostatuak beteta daudelako edo garestiak direlako, eta gero konturatzen dira oso aukera ona dela hemen ostatu hartzea ere".

Mundu osoko bisitariak hartzen dituzte Abaraxkan: "Gehienak Madriletik edo Bartzelonatik etortzen dira, baina alemaniarrak nahiz frantziarrak ere heltzen zaizkigu. Dena den, azkenaldian Espainiako Estatuko jendea gerturatzen da gehienbat". Beraien espezialitatea "taldeak" direla dio Alberdik, eta irailetik aurrera horien erreserbak jasoko dituztela espero du: "Kirol lehiaketetara etortzen direnentzat, aisialdi taldeentzat edo ikastetxeetako taldeentzat aterpetxe egokia da Abaraxka. Espero dugu ikasturte berrian halako gehiago gerturatzea aterpetxera". Horrez gain, Abaraxkak Bikefriendly ziurtagiria duela nabarmendu du, eta horientzat ere ostatu egokia dela.

Kontuak kontu, iaz baino hobeto daudela azpimarratu du Alberdik: "Joan zen urteko uda desastre hutsa izan zen, eta aurtengo abuztua iazkoa baino hobea izango dela ematen du".

Abaraxka aterpetxea, Azkoitian.

Ziurgabetasuna nagusi Txanpardinen

Izarraitz auzoan dagoen Txanpardin landetxean, duela bi urte baino jende gutxiago jasoko dute uda honetan. "Abuztua beteta daukagu landetxea, baina ez dakit kantzelazioekin zer gertatuko den. Egungo egoerak bultzatuta, bisitariek erreserbak bertan behera utz ditzaketela jakiteak ziurgabetasuna eragiten dit", azaldu du Pili Ezenarro Txanpardineko arduradunak. Azpeitiarraren arabera, saninaziorik ez izateak ere asko eragin die: "Festek jende mordo bat ekartzen dute herrira; zezenketek, esaterako, frantses asko erakartzen dituzte, eta Donostiatik ere etortzen da jendea. Asko igarriko dugu aurten ere jairik ez izatea".

Bisitarien profilaz galdetuta, atzerritarrak ere jasotzen ari direla nabarmendu du Ezenarrok: "Suitzako bisitariak izan ditut, baita irlandarrak eta alemaniarrak ere". Urtean zehar, ordea, Txanpardinen gehienbat langileak ibiltzen direla dio azpeitiarrak: "Urte osoan egiten dut lan, eta astean zehar apartamentua langileek alokatzen dute gehienbat; asteburuetan, berriz, turistak izan ohi dira. Halere, urtean zehar ez da jende asko ibiltzen, eta abuztuan soilik beteta izanda ezin dut negozioa aurrera atera".

Bigarren urtez jarraian, izurritearen egoera nabarmena dela dio Ezenarrok: "Jendea sanferminak igaro ostean erreserbak egiten hasten da, baina iaz eta aurten ez da halakorik gertatu. Bestalde, Aste Santuan bi gela soberan izan nituen, eta horrek esan nahi du Donostian leku nahikoa izango zutela turistek. Grazia ematen dit landetxetakoei zer moduz dauden galdetu eta denek ‘ondo’ erantzuten dutenean. Nik zenbakiei begiratzen diet, eta azken bi urteak inoizko txarrenak izan dira".

Izarraitz auzoan dagoen Txanpardin landetxea.

Errezilen, egoera bera

Errezilgo Borondegi tabernaren aldamenean dago Etxeberri ostatua, eta Ana Agirre da bertako kudeatzailea. Uztaila "erdizka" doala azaldu du errezildarrak, baina ostatua abuzturako "nahiko beteta" dutela. Dena den, Agirrek aitortu du aurtengo urtea ez dela ohiko uda izaten ari, eta igartzen dutela izurritearen eragina: "Aurreko urtearekin alderatutam lan gehiago ari gara egiten aurten; halere, ohi baino jende gutxiago ari da erreserbak egiten".

Aurten jasotzen ari diren eta abuztuan etorriko diren bisitari gehienak euskal herritarrak direla jakinarazi du Agirrek: "Arabatik, Bizkaitik eta Nafarroatik datoz eta etorriko dira bisitari gehienak, eta madrildar eta kataluniar batzuk ere izango ditut". Erreserba gehienak familiek egiten dituztela ere azaldu du errezildarrak: "Lehen gelazka alokatzen genuen, baina orain etxe osoa alokatzeko aukera soilik jarri dugu. Denera, lau gela ditugu zortzi pertsonarentzako, eta ohe gehigarri batzuk ere ezar daitezke".

Agirrek dio gazteen "eskari handia" izan dutela aurten: "Parrandarako alokatzeko eskari handia izan dugu landetxean, baina goiko eta beheko pisuan jendea bizi da, eta ezin izan dut halako eskaririk onartu. Landetxea ez dugu horrelakoetarako prestatuta".

Bisitariek, oro har, Etxeberrin bizpahiru egun igarotzen dituztela azaldu du hark, eta gehienak lekuak bisitatzen herritik kanpo ibiltzen direla esan du: "Turistak, normalean, ez dira herrian bertan gelditzen. Nik esaten diet Herniora-eta ibilaldi politak ditugula, baina…". Hemendik aurrera zer gertatuko den galdetuta, zalantza du Agirrek: "Ikusi egin beharko da, baina uztaila eta abuztua normalean aurtengoen modukoak izaten dira guretzat. Beraz, alde horretatik ez dugu aldaketa handirik igarri".

Errezilgo Etxeberri landetxea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide