Gurutzeagako lursailengatik konpentsazio ekonomikoa jasotzeko hitzarmena sinatzea onartu du udalbatzarrak

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 22a, 11:33

Gurutzeagako lursail batzuengatik konpentsazio ekonomikoa jasotzea dagokio udalari, eta jabetza eskuz aldatzen joan denez, konpentsazio hori jaso ahal izateko nahiz lurren jabe berriak zor hori beregain hartuko duela egiaztatzeko, hitzarmena sinatzea erabaki du udalak. Aho batez hartu du erabakia Udalbatzak.

Azkoitiko Udalak ezohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazkena. Gurutzeagako lursailengatik udalari dagokion konpentsazio ekonomikoa jasotzeko hirigintza hitzarmena egitea erabaki zuten aho batez udal ordezkariek; Residencial Azkoitia GEk proposatutako hirigintza akordioa da onartu dutena. Javier Zubizarreta alkateak azaldu zituen hitzarmenaren nondik norakoak: "Urte asko pasatu dira Gurutzeagako zatian izen berdineko enpresa batekin etxebizitza sustapen bat egitea pentsatu zenetik. Enpresak behea jo zuen, ordea, eta bertan behera gelditu zen promozio hura, gaur arte".

Alkateak atzo jakinarazi zuen, enpresa hura "zorrekin" gelditu zela, besteak beste, finantza entitate batekin. "Dena geldituta egon zen, eta ez zen mugimendurik ikusten. Finantza entitateak lursail haietan zituen eskubideak baliatuta, lursailak saltzea erabaki zuen". Zubizarretak azaldu zuen finantza entitateak lurrak erositako prezioan baino merkeago jarri zituela saltzen, eta funts bat lursailen eskubideen jabe egin eta saldu egin zituela gero. 

Gaiaren gainean egon da udala, eta egoera ere aztertu zuen: "Bat edo bestek interesa agertu bazuen ere Gurutzeagako lursailen inguruan, sakontasunik gabekoak izan ziren". Orain, baina, egoitza Irlandan duen funts bat lursail horretan etxebizitzak egiteko promotore batekin adostasun batera iritsi da. "Alde guztiak ados jarri ondoren, ipini dira Azkoitiko Udalarekin harremanetan. Izan ere, gurekin ere adostasun batera iritsi behar izan dute".

Urtez urte zorra saltzen edota eskuz esku aldatzen joan dela azaldu zuten udalbatzarrean, eta azken hipoteka erosi duena Residencial Azkoitia GE izan da. "Aurreko zorraren titularrak hipotekaren exekuziorako prozedura bat zuen martxan jarrita, hipoteka kobratu ahal izateko. Epaitegian exekuzio prozedura martxan jarri zuten, eta hipotekatutako lur partzelak saltzera iristeko. Salmenta horretako diruarekin hipotekaren titularrak bere zorra edo zorraren zatia kobratuko zuen. Zorra saltzeko arazoak zeudela ikusita, ordea, eten egin zuten prozedura. Orain, baina, berriro martxan jarri dute".

Residencial Azkoitia GE da gaur egungo titular berria, eta udalak harekin egingo duen hitzarmena mistoa da. Alde batetik, hirigintza araudiari dago lotuta akordioa. Horiek lehendik onartuta badaude ere, lehen aurreikusita zeuden etxebizitzen aldean beste modu batekoak egin nahi dituzte orain, eta horregatik, ordenazioa aldatu beharko da. Bestetik, berriz, diru bilketari eragiten dion zatia jaso dute akordioan. "Gurutzeagako partzelen titularrak zorrak dauzka, bankuarekin zein udalarekin, eta udalaren ustez zorra edo zorraren zati bat lehentasunezkoa da".

Udalarekin duen zorraren lehentasunezkoa zatia zein den eta zein ez den hitzartu dute akordioan bi aldeek. "Zer egin daitekeen kontsultatu ondoren, akordio batera iritsi da udala zati handi bat lehentasunezkoa jotzeko". Akordiorik ez balitz egongo, azken erabakia epailearen iritziaren menpe egongo litzateke. Orain, epaileak hitzarmena onartzea aurreikusten dute udal ordezkariek, eta alkatearen esanetan, "aukera asko" daude hark onartzeko. Prozesu judiziala aurrera ateratzen bada, "geldirik" zegoen eremua "martxan" jarriko duela iragarri zuen alkateak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide