Beste 11 positiborekin, igotzen jarraitzen du intzidentzia tasak

Anartz Izagirre 2021ko uzt. 21a, 13:33

Atzoko datuak batuta, 1.051,49an kokatu da tasa hori. Urola Kostan herenegun baino 15 kasu gehiago atzeman zituzten atzo, horietatik gehienak Zarautzen. Hego Euskal Herrian, berriz, bi milatik gora kasu atzeman dituzte egun bakar batean.

SARS-CoV-2 birusaren hedapenak ez du atsedenerako tarterik hartzen Azkoitian. Herenegun hamar positibo atzeman bazituzten, atzo beste 11 batu ziren zerrendara, eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak ere beste koska bat egin du gora: herenegun milako langa gainditu zuen tasa horrek herrian, eta atzoko datuekin, 1.051,49an kokatu da.

Egoerak okerrera egiten jarraitzen du eguna joan eta eguna etorri. Izan ere, 62 kasu berri hauteman dituzte azken orduetan Urola Kostan —herenegun baino hamabost gehiago—, eta eskualdeko herri handi gehienek eremu gorrian jarraitzen dute. Eskualdeko kasurik gehien Zarautzen atzeman zituzten atzo ere: 21. Herri horretako intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen du etengabe, eta uneotan 723,86koa da. Dena den, Zumaian dute egoerarik okerrena; izan ere, herenegun baino bost kasu gehiago zenbatu zituzten atzo, eta 1.241,48ra igo da tasa. Kopuru horrekin, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik tasarik altuena duen herria da Zumaia. Azpeitia da eskualdeko herri handienen artean eremu gorrian ez dagoen bakarra, baina han ere goraka doa intzidentzia tasa: zortzi kasu zenbatu zituzten atzo, 361,37ra igo da intzidentzia tasa, eta eremu laranjan jarraitzen badute ere, oso gertu dute eremu gorria Azpeitian.

Orion, berriz, sei kasu izan ziren atzo, eta 636,01era igo da intzidentzia tasa. Eskualdeko gainontzeko positiboak, berriz, Getarian (hiru), Zestoan (bi) eta Aian (bat) zenbatu dituzte. Honakoak dira herri horietako intzidentzia tasak: 565,37 Getarian, 385,21 Zestoan eta 403,02 Aian.

Bi milatik gora, Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herriko egoerak ere okerrera egiten jarraitzen du nabarmen positibo kopuruari eta positibotasun tasari dagokienez. Atzo, 15.831 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta positiborik gehien Bizkaian atzeman zituzten (873). Ondoren, Gipuzkoan (481), Nafarroan (459) eta Araban (189). Positibotasun tasak oso altua izaten jarraitzen du; %12,4 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %14,9 Nafarroan.

Ospitaleetan ere presio gehiago dute apurka-apurka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 234 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik 45 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 80 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietatik 12 dira ZIUetan daudenak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide