Udal Musika Banda kalera itzuliko da igandean

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 22a, 08:45
Azkoitiko Udal Musika Bandako kideak.

Igandean, 11:00etan hasita, musika bandak Azkoitiko plazak zeharkatuko ditu herritarrei hainbat abesti eskaintzeko. Itzulera "zaila" izan den arren, musikariak eta Carlos Muñoz zuzendaria "gogotsu" daude igandean berriz azkoitiarren aurrean aritzeko.

Igandean, uztailak 25, Azkoitiko Udal Musika Banda kalera itzuliko da berriz. Iazko urriaren 3an Baztartxo antzokian eskaini zuen musika bandak azken emanaldia azkoitiarren aurrean, baina, harrezkero, etenda izan dute jendaurreko jarduna. Denbora asko geldirik, eta bereziki, herritarren aurrean jo gabe egon ondoren, Carlos Muñoz Azkoitiko Udal Musika Bandako zuzendariak nabarmendu du "gogo handiarekin" dagoela musika banda igandeko kalejirarako.

"2020ko martxotik uztailera bitartean geldirik egon ginen, eta uztailetik urrira bitartean entsegu batzuk egin genituen. Ordutik aurtengo ekainera arte, ordea, berriz ere etenda izan ditugu entseguak". Lana egiteko modua goitik behera aldatu zaio musika bandari, eta nola ez, baita musika bandako partaide bakoitzari ere. Muñozek azaldu duenez, entseguak etenda izan diren tartean musikari bakoitzak "bere kasa" jo behar izan du etxean. "Lana pertsonala izan da; bakoitzak bere partiturak ikasi eta lan egiteko modua antolatu behar izan du. Ez dugu lana taldean egiterik izan. Batzuk etxetik aritu dira eta beste batzuk musika bandaren lokalera joan dira entseatzera, musika tresna batzuk-eta han baititugu", adierazi du Muñozek.

Berriz talde bezala ekainean hasi da martxan musika banda, eta itzulera "zaila" izan dela aitortu du Muñozek. "Gure lokalak ez ditu segurtasun neurriak-eta betetzen, lokala nahikoa txikia baita". Hori horrela, Elkarguneko 'Herriko plaza' aretoan aritu behar izan dute. "Egun pare batean, aire zabalean ere egin ditugu entseguak, belar artifizialeko futbol zelaiaren gainean". Astean behin ari dira elkartzen entseguak egiteko, eta bi orduko saioak egiten dituzte.

Plazarik plaza

Iganderako guztia prest du musika bandak. Azkoitiko plazetan ibiliko dira musikariak igandean. "Azkoitiko sei plazatan arituko gara". 11:00etan, Altzibarko Anaitasuna plazan hasiko du kalejira musika bandak, eta handik Jausorora joango da. Zuzendariak azaldu duenez, plaza bakoitzean ordu laurden inguruko saioak eskainiko dituzte gutxi gorabehera. Ondoren, Trenbidearen Zumardiaren eta Julio Urkixo etorbidearen artean dagoen jolas parkera joango da musika banda, eta Jandonianiz zein Bizkargi plazetatik igaro ondoren, Plazaberrira joango dira azkenik.

Muñozen esanetan, 12:30 inguruan espero dute azken plazara iristea. Era guztietako abestiak eskainiko ditu bandak, hala nola kalejirak, pasodobleak eta martxak. Aurrera begira, musika bandak herrira begirako lanak egiten jarraitu nahi du, eta badute buruan gauzatzea gertu ikusten duten emanaldi bat. "Andramaixetan ez dugu ezer eskainiko, baina urrian zerbait berezia egiteko asmoa dugu. Aurrerago emango dugu horren berri", azaldu du Muñozek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide