Positiboek kopuru altuetan jarraitzen dute Azkoitian

Juan Luis Romatet 2021ko uzt. 20a, 15:06

Azkoitiko intzidentzia tasak 1.000ko langa gainditu du atzo zenbatutako hamar kasuekin. 84 dira azken zazpi egunetan herrian baieztatutako positiboak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 585,99koa da gaur-gaurkoz.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur ere ohi baino beranduago kaleratu du herriz herrikako kasu positiboak jakinarazten dituzten dokumentua. Txostenaren arabera, atzo hamar positibo hauteman zituzten herrian. Hori horrela, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasak edo intzidentzia tasak 1.000ko langa gainditu du gaur.

Hilabete inguru eremu gorritik kanpo egon ondoren, uztailaren 14an sartu zen berriz Azkoitia eremu gorrian. Harrezkero, intzidentzia tasak gora besterik ez du egin, eta egun 1.018,11koa da zenbatekoa. Azken zazpi egunetan 84 positibo zenbatu dituzte herrian, eta dagoeneko 1.557 dira iazko martxoaz geroztik atzemandako kasuak. COVID-19ak eraginda herrian bederatzi lagun hil dira erakundeen arabera.

Urola Kosta eskualdean, berriz, atzo beste 47 kasu positibo baieztatu zituzten. Zarautzen izan zituzten astelehenean positibo gehien –hogei guztira– eta pixkanaka bada ere, gorantz jarraitzen du azken hamalau egunetako intzidentzia tasak. Gaur gaurkoz, 651,05eko tasa dute eskualdeko herririk handienean. 

Azpeitian eta Zumaian, bestalde, bosna kasu positibo izan dituzte, eta bietan gora egin du kasu metatuen tasak: Azpeitian 321,94ko tasa dute gaur gaurkoz –eremu laranjan sartu da–, eta Zumaian 1.221,13koa. Gipuzkoako altuenetakoa da kostaldeko herri honetako azken hamalau egunetako tasa. Orion, aldiz, lau positibo atzeman dituzte –554,57ko tasa du herriak–, Zestoan bi eta Getarian bat. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez zituzten atzo positiborik izan.

Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian ere positibotasun tasak gorantz jarraitzen du. Guztira, lau lurraldeetako datuak batuta, 1.753 positibo zenbatu zituzten atzo. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 1.314 positibo detektatu zituzten 11.944 probatan; positibotasun tasa %11ra igo zen atzo. Araban 139 positibo detektatu zituzten, 694 Bizkaian eta 440 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpoko beste 41 lagunek ere positibo eman zuten atzo. Nafarroako egoera ere ez da hobea. Nafarroako Gobernuko Osasun Zerbitzuak emandako datuen arabera, 439 positibo baieztatu zituzten atzo egindako 3.087 probatan; positibotasun taasa %14,2koa izan zen. 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ospitaleratuen kopuruak gora egin du: atzo 48 lagun ospitaleratu zituzten COVID-19agatik, eta 44 lagun aurkitzen dira Zaintza Intentsibotako Unitateetan, bezperan baino bi gehiago. Nafarroan, berriz, guztira 65 lagun daude ospitaleratuta COVID-19ak eragindako gaixotasunekin, eta 11 ZIUetan. 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak behera egin du atzotik. 1,29koa da egun. Gainera, Gipuzkoako datua da baxuena, 1,25eko zenbatekoarekin. Hiru lurralde horietako intzidentzia tasa, aldiz, 585,99koa da gaur-gaurkoz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide