Zapatuan beste bi film ikusi ahal izango dira Oteiza frontoietan

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 21a, 08:45
Joan den larunbateko haurren emanaldiko argazkia. (Argazkia: udala)

Joan den larunbatean bezala, zapatuan beste bi film eskainiko dituzte Oteiza frontoietan. 'Terra Willy: planeta ezezaguna' eta 'Las aventuras del Doctor Dolittle' filmak eskainiko dituzte. Nahiz eta aire zabaleko gunea izan, filmak ikusi ahal izateko, udalak egokitutako gunean maskara jantzita eduki beharko da une oro.

Azkoitiko Udalak uztailerako prestatutako kultur egitarauaren baitan, larunbatean beste bi film ikusteko aukera izango da Oteiza frontoietan. Joan den zapatuan eskaini zituzten Zikoinak eta Padre no hay más que uno filmak, eta herritar ugari bertaratu zen filmak aire zabalean ikustera. 

19:30ean, haurrentzako Terra Willy: planeta ezezaguna filma emango dute euskaraz Oteiza frontoietan. Gauean, berriz, familiek film bat ikusteko aukera izango dute  Oteiza frontoietan. 22:30etik aurrera, Las aventuras del Doctor Dolittle filma emango dute gazteleraz frontoietan. Euria egiten badu, filmak Oteiza frontoietako estalitako pilotaleku batera lekualdatuko dira.

Hona hemen bi filmen aurrerapen bideoak:

Terra Willy: planeta ezezaguna filma

Las aventuras del Doctor Dolittle filma

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide