29 positibo zenbatu dituzte Azkoitian ostiraletik atzora bitartean

Azkoitiko intzidentzia tasak 200 puntu baino gehiago egin du gora, eta 934,66koa da egun. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tasak ere gora egin du, eta 548,34an kokatu da.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ohi baino beranduago kaleratu du gaur herriz herri atzemandako kasu positiboak jakinarazten dituen txostena. Dokumentuaren arabera, ostiraletik atzora bitartean egindako probetan 29 lagunek eman dute positibo Azkoitian –11k ostiralean, hamarrek larunbatean eta zortzik atzo–. Intzidentzia tasaren gorakada ekarri dute azken kasuek, eta 200 baino gehiago egin du gora; izan ere, ostiralean, 717,68koa zen azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasa herrian, eta gaur-gaurkoz 934,66koa da. Eremu gorrian jarraituko du, beraz, Azkoitiak.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, 109 izan dira azken hiru egunetan detektatutako kasuak. Zarautzen zenbatu dituzte positibo gehien: 32, guztira –zortzi ostiralean, hamar larunbatean eta hamalau atzo–. Intzidentzia tasa 621,06ra igo da han. Azkoitiaren ondoren Zumaian zenbatu dituzte positibo gehien asteburuan. Hogei kasu zenbatuta –bost ostiralean, sei larunbatean eta bederatzi atzo–, 1.190,60koa da intzidentzia tasa.

Azpeitian, berriz, 11 positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan –bost ostiralean, bi larunbatean eta lau atzo–. Eremu horian sartu dira berriro han, intzidentzia tasa 289,09koa baita. Orion eremu gorrian daude. Asteburuan bederatzi positibo hauteman dituzte han –sei ostiralean, bat larunbatean eta bi atzo–, eta egun 505,54ko tasa dute. Getarian eta Zestoan, ostera, launa positibo zenbatu dituzte ostiraletik atzora bitartean. Getarian bi positibo baieztatu zituzten ostiralean eta bana larunbatean eta igandean; 424,03ko tasa dute han. Zestoan, aldiz, kasu bat atzeman zuten ostiralean eta hiru atzo. 308,17koa da Zestoako intzidentzia tasa.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen ez dute positiborik zenbatu azken egunetan. Beizama izan ezik, beste hiru herriak eremu horian edo laranjan daude egun. Aiako intzidentzia tasa 352,64koa da, Aizarnazabalgoa 260,08koa eta Errezilgoa 322,06koa.

Larunbatean baino gehiago

Hego Euskal Herrian atzo, guztira, 1.409 positibo zenbatu zituzten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1.010 kasu baieztatu zituzten 7.927 PCR eta antigeno test egin ondoren. Hori horrela, hiru lurralde horietako positibotasun tasa %12,7an kokatu zen atzo. Lurraldeka, 479 lagunek eman zuten positibo Bizkaian, 398k Gipuzkoan, eta 112k Araban. Hala eta guztiz ere hiru lurralde horietatik kanpoko 21 pertsonak ere positibo eman zuten testetan. Nafarroan, bestalde, 399 positibo zenbatu zituzten atzo. Guztira, 2.452 proba egin zituzten han, eta beraz, positibotasun tasa %16,3koa izan zen atzo. 

Osakidetzak ospitaleen egoeraren berri ere eman du. Atzo 36 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko erietxeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zainketa berezia behar dutenak edo ZIUn daudenak, berriz, 42 dira egun. Nafarroan, berriz, zazpi lagun ospitaleratu zituzten atzo, horietatik bakarra ZIUn. Egun 61 pertsona daude ospitaleratuta Nafarroan, eta beste hamabi ZIUn.

Oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak beherako bidea hasi du berriz ere. 1,30ekoa da egungo datua, duela sei eguneko berdina. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, berriz, 548,34koa da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide