Auto klasikoetarako adinik ez

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 18a, 11:47

Adinekoek auto klasikoetan Zumaiara irteera egiteko aukera izan dute gaur goizean; tartean, San Jose egoitzako hainbat egoiliarrek. 20tik gora auto elkartu dira goizean Plaza Berrian, eta herritarren artean ikusmina piztu dute horiek.

Goiz pasa bereziaz gozatzeko aukera izan dute gaur, igandea, hainbat adineko azkoitiarrek. Izan ere, auto klasikoetan irteera egin dute hainbat lagunek, Axiri Classic taldeak eta Azkoitiko ibilgailu klasikoen elkarteak Azkoitiko Udalarekin elkarlanean antolatuta. Azkoititik Zumaiara joan dira horiek, eta hango kanpinean mokadutxoa eginda, eguerdi parterako itzuli dira Azkoitira.

10:30 alderako pare bat dozenatik gora auto eta gidari elkartu dira Plaza Berrian, eta herritarren ikusmina piztu dute horiek. Ondoren, antolatzaileetako batzuk San Jose egoitzara joan dira egoiliarren bila autoz. Gainera, adineko hainbat herritar ere animatu dira autoak probatzera. Auto klasikoetan ibiltzeko adinik ez dagoela argi geratu da gaurkoan.

Hona hemen goizeko irteerako bideoa:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide