82. Donostiako Musika Hamabostaldia Azkoitira iritsiko da abuztuan

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 16a, 11:01
Jan Vermeire organo jotzailea.

Ibilbide luzea duen organo jotzailea da Vermaire, eta abuztuaren 5ean parrokian eskainiko du kontzertua, 20:00etan. Aurrez gonbidapenak eskatu beharko dira.

Jan Vermeire organo jotzaile belgikarrak Donostiako Musika Hamabostaldiari lotutako kontzertua eskainiko du abuztuaren 5ean, Azkoitiko parrokian. 20:00etan hasiko da Vermaireren kontzertua. Besteak beste, Franck, Saint-Saëns, Bélier, Vierne eta Goemanne konpositoreen lanak aurkeztuko ditu belgikarrak Azkoitian. Kontzerturako gonbidapenak aurrez eskatu beharko dira.

Vermairek Robert Deleersnyderrekin batera jaso zuen organoko bere lehen musika trebakuntza Veurneko Musika Akademian. Gero, Bruselako Errege Kontserbatorioan ikasten jarraitu zuen Hubert Schoonbroodt irakaslearekin. Hainbat urtez Vienako Hedda Szamosi pedagogo musikariak ere zuzendu zuen. Florian Heyerick irakaslearekin Koruko Zuzendaritza ikasi zuen Ganteko Errege Kontserbatorioan ere.

Vermeire Lapon organo berriaren (2011) organista da Koksijdeko Dunetako Andre Mariaren elizan. Sarritan organo jaialdi entzutetsuetan errezitalista gisa ere gonbidatu izan dute. Azken urteetan Europako zenbait herrialdeetan, Australian eta AEBetan kontzertuak eskaintzen ari da belgikarra. 

Vermeire Koksijde eta Veurne-Nieuwpoort Nazioarteko Organo Jaialdiko zuzendari artistikoa da, eta baita Flandreko (Frantzia) International d'Orgue jaialdikoa ere. Hainbat grabazio egin ditu Flandriako organo historikoetan eta serie batean eman zuten. 2012an disko berria kaleratu zuen Johann Sebastian Bachen organoarekin Suitzako Porrentruyko Jürgen Ahrend organoan. 2016an, berriz, Fagott-Orgelverlag musika klasikoko Alemaniako zigiluaren proiektu batean parte hartu zuen Samuel Scheidten obra osoen grabazioak egiteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide