Zinetogram zineklub taldea, K sarien sortzaileen artean

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 15a, 13:26
Azkoitiko Matadeixe.

Donostiako Kresala zineklubaren ekimenez eta Gipuzkoako beste bi zineklubekin lankidetzan sortu ditu K sariak Azkoitiko Zinetogramek. Zinekluben eta zinemaldien arteko elkarlanaren emaitza dira sariok, eta Gipuzkoako bost zinema jaialditan banatuko dituzte aurrerantzean.

Gipuzkoako jaialdietako filmak lurralde osora zabaltzeko eta bertako zineklubei jaialdietan ikusgarritasuna emateko asmoz, Gipuzkoako lau zinekluben artean K sariak sortu berri dituzte. 2022an 50 urte beteko dituen Donostiako Kresala Zinekluba da ekimenaren bultzatzaile nagusia, eta proiektura batu dira Azkoitiko Zinetogram eta Beasaingo Goieniz zein Urretxu-Zumarragako ButaK 21 zineklubak.

Sarien sortzaileak lau diren arren, Gipuzkoan zehar egiten diren bost zinema jaialdi izango dituzte alboan: Debako Animadeba Nazioarteko Animazio Zinemaldia; Tolosako Zeinu Hizkuntzako Zine Jaialdia; Donostiako Donosskino Film Laburren Jaialdia; Iruñean, Bilbon eta Donostian egiten duten Zinetika Dantza eta Zinemaren Nazioarteko Jaialdia; eta Hondarribiako Amua Musika Zinema Dokumentalaren Jaialdia.

Hala, zineklubetako hiru kidek osatutako epaimahaia arduratuko da jaialdi horietako bakoitzean lan bat nabarmentzeaz, eta Egingelak, Iker Babacek eta Asier Arizkorretak osatutako kolektiboak egindako K formadun garaikurra emanago diete lan horiei. Bost jaialdietan saritutako lanekin, azkenik, "saio berezi bat" antolatuko dute, eta urte amaieran Gipuzkoako hainbat herritan egingo dituzte emanaldiak. Hala, jaialdi horietako laginak lurraldeko herri gehiagotara heltzea lortu nahi dute, filmei zein ekimenei "ikusgarritasuna" emanez.

Zinetogram zineklub taldea 1985. urtean sortu zen Azkoitiko gaztetxean. Gaztetxea itxi ondoren, lekukoa hartuz, 2000. urtean sortu zen Matadeixe Zinetogram taldea. Urte hartako urriaren 31an izan zen lehen proiekzioa. Harrezkero, 16 eta 35 milimetrotako filmak eskaini dituzte zine zaletasunari bide emanez. Ehunka film proiektatu dituzte Baztartxon, Matadeixen eta beharren arabera sortutako proiekzio gune desberdinetan.

Aurkezpena, abuztuaren amaieran

Sarien aurkezpena abuztuaren 30ean egingo dute Donostiako Tabakaleran, film laburren emanaldi bereziarekin. Ekitaldia 20:00etan hasiko da, eta eragile bakoitzak bere eskaintza, elkarlana nola sortu den eta etorkizuneko aurreikuspenak azalduko dituzte.

Jarraian, Ama hil zaigu (Bira Produkzioak, 2021), Cerdita (Carlota Martínez Pereda, 2018), Sisters (Daphne Lucker, 2018), La tierra llamando a Ana (Fernando Bonelli, 2019), I Said I Would Never Talk About Politics (Aitor Oñederra,n 2015), Beldur Malutak (Ander Iruretagoiena eta Telmo Irureta, 2019), Monsieur Michel (Julien Bourges, 2019) eta Sirenas (Aitor Guerrero, 2021) izango dira ikusgai. Dagoeneko eskuratu daitezke aurkezpen ekitaldirako gonbidapenak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide