Larunbatean haurrentzako eta familientzako filmak emango dituzte Oteiza frontoietan

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 14a, 09:53
Oteiza frontoietan emango dituzte bi filmak.

'Zikoinak' eta 'Padre no hay más que uno' filmak eskainiko dituzte zapatuan Oteiza frontoietan. Nahiz eta aire zabaleko gunea izan, filmak ikusi ahal izateko, udalak egokitutako gunean maskara jantzita eduki beharko da une oro.

Azkoitiko Udalak uztailerako prestatutako kultur egitarauaren baitan, datorren larunbatean, uztailak 17, bi film ikusteko aukera izango da herrian. Filmak, baina, ez dituzte Baztartxo antzokian eskainiko; handik metro gutxira dauden Oteiza frontoietan ikusi ahal izango dira. 

19:30ean, haurrentzako Zikoinak filma emango dute euskaraz Oteiza frontoietan. Nicholas Stollerek eta Doug Sweetlandek zuzendutako filmak zikoinen ohiko kontzeptua aldaraziko du. Beti esan izan da zikoinek haurrak eramaten dituztela edo, eraman ohi zituztela behintzat. Filmean, ordea, mundu mailako konpainia baten paketeak emateaz arduratuko dira. 

Gauean, berriz, familientzako filma emango dute Oteiza frontoietan, 22:30etik aurrera, Santiago Segurak zuzendutako Padre no hay más que uno filma emango dute gazteleraz. Javier –Santiago Segura– bost seme-alabaren aita da. Familia kontziliazioa gauzatzeak dakarren errealitate kaotikoari aurre egiteko esperientzia bizi eta gainditu ondoren, gauzak gero eta hobetzen joango zaizkio. Ustekabeko albiste batek, ordea, hankaz gora jarriko dio guztia; amaginarrebaren etorrerak –Loles León– erronka berri bat ekarriko dio familiari. 

Hona hemen bi filmen aurrerapen bideoak:

Zikoinak filma

Padre no hay más que uno filma

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide