Aspaldiko eskaera gauzatzear

Aitziber Arzallus eta Anartz Izagirre 2021ko uzt. 24a, 10:02

Gipuzkoako Foru Aldundia hasi da Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea hobetzeko lanetan. Luze iraungo dute obrek, eta errepidearen erdian gelditzen den Aizpurutxoko herritarrek eguneroko joan-etorrietan eragina izango dute. Hala eta guztiz, luzera begira hobekuntzak espero dituzte auzotarrek.

Urola Erdia eta Urola Garaia batzen dituen errepide nagusia izan da betidanik GI-631 errepidea, eta biak ala biak industria sektoreak garrantzi handia duen eskualdeak izaki, bide horretako joan-etorria etengabea izan da hamarkadaz hamarkada. Era berean, errepide hori erabiltzen dute eskualdeko herritarrek Zumarragako (Gipuzkoa) erreferentziazko ospitalera joateko; horrez gain, beste errepide batzuetara joateko ere jende askok erabiltzen du. Egunean, batez beste, 3.300 ibilgailu pasatzen dira hortik; %10, kamioiak.

GI-631 errepidearen egoera eta garrantzia ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiak bide hori hobetzeko eta aurreratze erreiak eraikitzeko lehen faseko lanei ekin zien joan zen ekainaren 8an, eta modu horretan, azkoitiarren, bi eskualdeetako herritarren eta errepidearen erdian gelditzen den Aizpurutxo auzoko bizilagunen aspaldiko eskaerari erantzuten hasi da foru erakundea.

Hain zuzen ere, Azkoitia eta Urretxu arteko hiru gunetan aurreratze erreiak eraikitzeko asmoa du Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak, baita egungo errepidearen "trazadura hobetzea" eta "plataforma handitzea" ere. 1,3 kilometroko tarte batean bi errei izatetik hiru izatera pasatuko da errepidea, bidearen plataforma handituz. Aurreratze tarte horiek norabide batean zein bestean txandaka jarriko dituzte, eta errei bakoitzak 400 metroko luzera izango du. Guztira, 45,5 milioi euroko aurrekontua du Aldundiaren proiektu estrategikoak, eta ekainean hasi zituzten zatiko lanek, 7.759.602 eurokoa. Hamabost hilabeteko iraupena izango dute.

 

Errepidea hobetzeak hainbat onura ekarriko dituela uste du Arantxa Irizarrek

 

Lan horiek eta joan zen urtean Aizpurutxo auzoan eraiki zituzten oinezkoentzako pasabideak zein zubiak zuzeneko eragina izan dute azkoitiarren, urretxuarren, eta bereziki, aizpurutxoarren egunerokoan. Zentzu horretan, errepideko hobekuntza lanek datozen hilabeteetan trafikoan izango duten eraginaz jabetuta daude bizilagunak, eta eguneroko jardunean ez ezik, batetik bestera mugitzerakoan ere eragingo diete aurreratze erreiak eraikitzeko lanek.

Enara eta Arantxa Irizar, Aizpurutxoko San AGustin tabernako kideak.

Errepidean itxaron beharra

Arantxa Irizar (Antzuola, Gipuzkoa, 1956) Aizpurutxoko auzotarra ez ezik San Agustin tabernako jabea ere bada. Obrak hasiko dituzten lekua baino gorago bizi denez, momentuz enbarazu handirik ez diela eragingo azaldu du. "Aurreratze erreia eraikitzeko semaforoak jartzen dituztenean-eta denbora mordoa egon beharko dut pasatzeko zain, baina momentuz, hori izango da herritar moduan obrek eragingo didaten oztopo bakarra".

Tabernako jardunean ere obren eragin handirik ez dutela igarriko uste du Irizarrek: "Astelehenetik igande arratsaldera bitartean edukitzen dugu irekita taberna, baina gehienbat bidegorria erabiltzen dutenak eta Ignaziotar Bidea egiten ari direnak etortzen dira hona. Beraz, ez dut uste errepideko lanek asko eragingo digutenik". GI-631 hobetu ostean ere ez du uste jende gehiago joango denik tabernara: "Auzotarrak eta pasoko jendea izaten ditugu; beraz, guri behintzat ez digu gehiegi eragingo".

Hala eta guztiz, errepidea hobetzeak hainbat onura ekarriko dituela uste du Irizarrek; besteak beste, ibilgailu bereziek erabiltzen baitute GI-631 errepidea: "Neurriz kanpoko piezak garraiatzen dituzten ibilgailuak igarotzen dira Azkoitia eta Urretxu artean, eta hobekuntza lanek irauten duten bitartean, ez dakit horiek hemendik pasatzerik izango ote duten. Halere, lanak amaitzen dituztenean alde handia izango da haientzat". Ildo horretatik, Irizarrek gogoan du garai batean GI-631 errepidean izaten zen trafikoa: "Azpeitiko Marcial Ucin eta Zumarragako Esteban Orbegozo lantegiak bat eginda zeuden, baita Azkoitiko Sidenor eta Legazpiko Patricio Echeverria fabrika ere. Hori dela eta, kamioi pila bat ibiltzen ziren errepidean gora eta behera".

Errepideko lanek baino, duela hilabete batzuk Erdikobentaren eta Ibaiondoren artean eraiki zituzten oinezkoentzako pasabideak eta zubiak eragin handiagoa izan dutela dio Irizarrek, eta "ikaragarrizko aldea" ekarri dietela aldaketek auzotarrei: "Lehen errepide albotik ibili behar izaten genuen, eta bidea oso estua eta arriskutsua zen. Orain, berriz, askoz seguruagoa da auzotik zehar ibiltzea, eta auzoko bi tabernen arteko konexioa ere asko hobetu da".

Jesus Mari Iturriotz, Aizpurutxoko San Agustin parrokiaren arduraduna. 

Egiten dena, onerako

Jesus Mari Iturriotz (Beizama, 1941) ez da Aizpurutxokoa, baina bai hara makina bat aldiz joandakoa, eta ederki ezagutzen du errepide hori; batez ere, Aizpurutxotik Urretxura arteko partea. Urretxuko pasiotarren etxeko kidea da bera, eta Aizpurutxoko San Agustin parrokiaren arduraduna 2009az geroztik. Garai batean, igandero joaten zen Aizpurutxora meza ematera; azkenaldian, gutxiago, hileko azken igandeetan eta aste tartean hileta elizkizunen bat egin beharra egokitzen zaionean bakarrik.

Errepidea egokitzekoak ziren albistea "gustura" hartu zuela esan du, "beharrezkoa" zelako. Proiektuaren xehetasunak ezagutzen ez dituen arren, egiten dena "onerako" izango dela uste du. "Pentsatzen dut Urretxutik Aizpurutxora arteko zatiren batean aterako dutela hirugarren erreia, eta horrek alde handia ekarriko du, batez ere kamioiek eragiten dituzten auto pilaketak arintzeko". Halakoak ohikoak izaten direla dio: "Urretxutik abiatu, parean kamioi handiren bat tokatu, eta han joan behar izaten dugu Aizpurutxora arte poliki-poliki ilaran, trena bezala, bata bestearen atzetik". Eta kamioiez gain, txirrindulariak aipatu ditu, "igandeetan, kamioiak baino gehiago ibiltzen direlako". Aitortu du beldurrik handiena bi gurpilekoei diela. "Horiek aurreratzeko beste erreira pasatu behar izaten da, eta norbait parez pare badator, tentsio handiko uneak izaten dira".

Aizpurutxon bertan azken hilabeteetan egin dituzten lanak, berriz, "oso mesedegarriak" izan direla uste du parrokoak, nahiz eta oraindik hobetzeko tarterik ikusten duen. "Oraindik ere arin pasatzen dira ibilgailuak herrigunetik, eta abiadura mugatzeko neurriak hartu behar lituzkete".

Daniel Perez eta Juanfran Blanco osasun larrialdietako teknikariak.

Garrantzitsuena, segurtasuna

Irizarrek eta Iturriotzek nahiko argi ikusten dute lanek hobekuntzak ekarriko dituztela; Daniel Perezek (Buenos Aires, Argentina, 1964) eta Juanfran Blancok (Hondarribia, Gipuzkoa, 1964), aldiz, zalantzak dituzte. Osasun larrialdietako teknikariak dira biak, ia lau hamarkada daramatzate horretan, erdiak inguru Urola Erdian zerbitzua ematen, eta ondo baino hobeto ezagutzen dute Aizpurutxon barrena doan errepidea: "Azkoititik Urretxu sarrerara, 14 kilometro eta 71 bihurgune", azkar asko esan du Blancok.

 

"Gipuzkoa guztian ez da gaixoak ospitalera eramateko horren bide txarrik"

 

Azpeitiko Esklabetan dute egoitza, eta Lasaotik Azkoitira arteko osasun larrialdi guztien abisuak beraiei iristen zaizkie, baita Beizamakoak eta Errezilgoak ere. Oinarrizko bizi euskarriko anbulantziarekin joaten dira artatu beharreko herritarra dagoen lekura, Perez gidari eta Blanco alboan; handik erietxera, Blanco atzean joaten da, laguntza behar duen herritarrarekin. Hilean, batez beste, 90-120 irteera egiten dituzte, eta hamarretik bederatzitan, zauritua edo ondoezik dagoen herritarra Zumarragako erietxera eraman behar izaten dute. Beraz, atera kontuak: gutxi gorabehera, hilean 200 bat aldiz pasatzen dira Aizpurutxotik.

Kasu bakoitzak bere berezitasunak izaten dituela esan du Perezek, baina bidaia asko "zailak" izaten direla. "Pentsa, ia ordubete behar izaten dugu Errezildik, Beizamatik edo Azpeitiko eta Azkoitiko edozein baserritatik Zumarragako ospitalera iristeko, eta erdibidean edozer gerta liteke. Horrenbeste bihurgunerekin, askotan zorabiatu egiten dira gaixoak". Blancok berak ere ondo gogoan du larrialdi bat artatu eta Zumarragako erietxera joan behar izan zuen lehen aldia: "2001a zen, eta emakume bat eraman behar izan genuen erietxera. Ni atzean nindoan, eta erdibidean emakumea eta biok zorabiatu ginen. Burua leihotik kanpora nuela egin nuen bidaiaren erdia, eta penagarri iritsi nintzen. Gehiago ez nintzela bueltatuko esan nuen". Urteekin, ordea, ohitu egin da.

Perezek, berriz, errepidera adi joan behar izaten du. "Begiak zabal-zabalik joan beharreko errepidea da, edozein unetan ustekabe bat izan dezakezulako. Zama berezia edo material arriskutsuak garraiatzen dituzten kamioi handiak ohikoak dira, lur jausiak ere bai, eta asteburuetan, txirrindulariak eta motozaleak gehitu behar zaizkio horri guztiari". Urteotan eskapada bat baino gehiago egin dituztela aitortu du, "istripurik ez, baina ezustekoak asko". Blancoren arabera, "Gipuzkoa guztian ez da gaixoak ospitalera eramateko horren bide txarrik".

Errepidean hobekuntzak egitea begi onez ikusten dute biek, baina dudak ere badituzte. "Borondatea onena izanda ere, alde batera mendia eta bestera ibaia egonda, ez dago miraririk egiterik. Zati batzuetan aurreratzeko erreiak eraikitzeak, ordea, errepideko batez besteko abiadura handitu egingo du, jendeak kosta ahala kosta aurreratu egin nahiko duelako", azaldu du Blancok. "Eta horrek sortzen dizkigu zalantzak", jarraitu du Perezek. "Izan ere, errepide hori gai izango al da abiadura handiagoko zirkulazioa jasateko? Arrisku hori hartzeak mereziko al du minutu gutxi batzuk irabazteko?". Edozein aldaketa egin aurretik, "errepidearen segurtasun orokorrari nola eragingo dioten oso ondo aztertzeko" eskatu dute: "Aldaketak ez daitezela izan istripu gehiagoren iturri".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide