Aintzane Agirrebeña eta Xabier Eizagirre: "Errespetuaren izenean hizkera kendu digute"

Julen Otaegi Leonet 2021ko uzt. 28a, 08:21
Agirrebeña, ezkerrean, eta Eizagirre, ezkerrean.

Hitanoan aditua eta euskara irakaslea da Xabier Eizagirre; Ahotsak proiektuko arduraduna, berriz, Aintzane Agirrebeña. Herrian hitanoa sustatzeko, Azkoitiko Udalarekin eta gazte talde batekin bat egin dute, Azkoitia hitanoaren arnasgune izan daitekeelako berriro. Uztaileko Maxixatzen aldizkarirako egindako elkarrizketa.

Hitanoaren erabilera galbiderantz doala eta, azkoitiarrek egoerari aurre egiteko proiektuari ekin diote. Helburua argi dute: hitanoak bide luzea izan dezala. Iraganeko akatsak eta etorkizuneko esperantzak izan dituzte hizpide Xabier Eizagirrek (Azkoitia, 1957) eta Aintzane Agirrebeñak (Eibar, 1981). Mahai baten bueltan, nokak zein tokak hobera egiteko duten ilusioaz hitz egin dute.

Hitanoaren erabilera sustatzea da proiektu berriaren helburua. Galzorian al da hitanoa Azkoitian gaur egun?

Xabier Eizagirre: Galdezka hasiko bagina, uste dut badela kezka hori duen jendea. Ate batzuk jo ondoren, udalaren bueltan taldea osatzeko modua izan dugu; inondik ere ezagutzen ez nuen jende berriarekin. Dugun kezka da belaunaldi eta erdian edo bi belaunalditan hikaren erabilerak ikaragarri egin duela behera. Jasoketa bat egingo bagenu, uste dut entzunez zein idatziz hitano trakestua bilatuko genukeela.

Aintzane Agirrebeña: Beste ikuspegi bat neukan honetan hasi aurretik, hikaren egoera ez nuen ikusten hain gaizki. Mutilak oso txikitatik hasten dira hika hitz egiten, baina etxean horretan erakusten ez badiete, ez dute jakingo erabiltzen, ezta neskei desberdin hitz egin behar zaienik ere. Oso-oso neska gutxik erabiltzen dute hika. X.A.: Halere, nik beti esaten dut, honi buelta eman nahi baldin bazaio, zorionez munduko tokirik onenetarikoan gaudela. Euskara gu gara, garenak gara, gutxi gara, izan dugun historia izan dugu eta euskararen barruan, hika senide kaskartua da, baztertu dena. Pentsa zer arreta jarri zaion idatziari; ez ahozkotasunari, ordea.

 

"Euskararen barruan hika senide kaskartua da, baztertu dena"

 

Zeintzuk dira trakeste horren arrazoiak?

A.A.: Emakume askok diote hika gizonezkoena dela. Hitanoak ere izan du fama txarra: zakarra dela, baserritarrena dela... Badira esaten dutenak, haien gurasoen sasoian, emakumeei ez zitzaiela hika egiten. Hori ez da horrela; bai, egiten zen.

X.A.: Bestelako arrazoiak ere badira. Batetik, euskara batua erabat formala eta zukakoa izan dela uste dut, eta gehien-gehienez hikaren hitzen bat edo beste egin da, behintzat jakiteko hitanoa ere badela. Prestigioa hartu du, eta gurasoek batuaren esku utzi dute euskararen etorkizuna. Bestetik, Elizak zeresana izan duen errezeloa ere badut. Galdezka hasita, Nafarroa Beherean zioten ezkondutakoan zuka egiten ez bazuten, infernura joango zirela. Akabo! Bizitza osoa sutan igaro behar balute, azkar aldatuko zuketeen zukara.

A.A.: Hori ere kuriosoa da. Gauza bera esaten zidan elkarrizketatu batek behin: bere bikotekidearekin hika egiten ari zela, amonak entzun eta errieta egin ziela, esanez hika nola egin zezaketen, zuka egin behar zutela.

Aintzane Agirrebeña.

Euskara batua oztopoa al da hitanoarentzat?

A.A.: Eskoletan euskara batua lehenetsi da, eta horrek eragin du euskalkien gainbehera. Hika zer da azkenean? Lagunarteko hizkera, eta ahozkoan hobe da herrikoa erabiltzea. Hor dago balantza, eztabaida. Askotan izan da eztabaida, eta oraindik xextra itsusiak sortzen dira.

X.A.: Hikarekin batera gauza asko sartzen dira. Herri honetan alderdi on horiek denak erabili beharko genituzke –esamoldeak, euskalkiko esapideak...–, bizitasun bat izateko euskal liburuetatik eta jardun formaletik haratago.

A.A.: Askok esaten dute gazte hizkera falta dela, erdarara jotzen dutela askotan ez dutelako gazte hizkera egiteko modurik. Baina hortxe dago hika, ahaztuta.

X.A.: Erabili izan dugun hika hori da hemen denon artean urteetan eta mendeetan egin den jarduna, eta, gainera, aberatsa. Bai neska, bai mutil hortik abiatu behar dugu hika indartzeko.

 

"Noka ez da nesken kontua, mutilek neskengana zuzentzeko ere behar dutelako"

 

Noka indartzea ere erronka handia izango da, ezta?

A.A.: Jakin behar dugu noka ez dela nesken kontua, mutilek neskengana zuzentzeko ere noka egin behar dutelako. Mutilen artean esaten da: "Guk badakigu". Bai, baina nola? Denek ikasi behar dute toka zein noka.

X.A.: Bien gauza da, elkarrekin egitekoa. Argi utzi behar da erdizka egiten dela, mutil askok ez baitiete neskei noka egiten. Mutil koskorretan, neskei hika egitea gehiago kostatzen zitzaigun, bereizketa hori ikusi egiten genuelako. Gugana herren samar zetorren, eta areagotzen joan da. Orain, erronka handi-handiena emakumeen artean kontzientzia sortzea da. Eta, zorionez, mugitzen hasi diren gehienak emakumeak dira.

Hemendik aurrera zer espero duzue hobetuko dela proiektu honekin?

X.A.: Espero baino gehiago, nahi duguna da ibilbide luzeko lasterketa bat izatea. Izan ere, hikaren erabilera hobetzeko eta aldatzeko ez da nahikoa kanpainatxo bat, ekimen bat edota urte batean egiten den zerbait. Kontzientzia hartzen joan behar dugu, bai batzuk, bai besteek. Pixkanaka batzuk ikasten, ikasitakoa besteei irakasten...

A.A.: Aukera ikusten dut neskak hika ikastera animatzeko, zuka bakarrik egiten dutenak ere egongo direlako. Egitasmo honek herrian mugimendu pixka bat sortzeko ere balioko du. Eta ondo egiten ez dutela ohartuko diren mutil batzuk egongo dira; ez dakit zer puntutaraino, baina... Gurasoak erakartzea ere garrantzitsua da, Azkoitian horietako askok baitakite hika, baina seme-alabei ez diete egiten.

X.A.: Ahal bada, ondo legoke hika eskoletan ere txertatzea; prestigioa emango lioke, izan ez duena eta eman ez zaiona. Txertatze hori, baina, ludikoa izan dadila, jolasgarria; hanka sartzea libre, eta azterketarik ez.

A.A.: Hika bizirik dagoen herrietako eskoletan landuko balitz, herriko hitanoa landu beharko litzateke, ez dira-eta hasiko batua egiten kalean. Izan ere, testuinguru zehatz batzuetarako balio du hika batuak.

Xabier Eizagirre.

Egitasmoaren barruan Ahotsakerako elkarrizketak ere egingo dituzue, Azkoitiko hitanoa jasotzeko. Aldaketarik izan al da ohiko elkarrizketekin alderatuta?

A.A.: Bi gauza daude hor: lekukoak hika egiten jasotzea eta hikaren inguruko kontuak biltzea. Produktu desberdina da guretzat, ohituta gaudelako adineko jendea elkarrizketatzen, garai bateko kontuak jasotzen; hori da Ahotsaken hasierako helburua. Egitasmo honetan, pixka bat aldatu egin da lana, baina, azkenean, metodologia bera da. Aurreikusita ditugun hamar elkarrizketetatik bost egin ditut jada. Xabier Eizagirre izan zen elkarrizketatu nuen lehena, eta ikuspegi oso zabala dauka.

 

"Kontzientzia hartzen joan behar gara, pixkanaka hika ikasten eta besteei irakasten"

 

Zer bildu duzu elkarrizketetan?

A.A.: Denetik. Egia esan, beste zerbait aurkitzea espero nuen Azkoitian; ez nuen hain gaizki ikusten hika. Gauza batzuekin harrituta geratu naiz. Gazte batzuek etxetik jaso dute, baina ahizpen artean hika egiteko ezintasuna dute. Beste kasu batzuetan, ez ziren kontziente, eta hikaren inguruan hausnartzen hasita ohartu dira beren anaiek jaso dutela, eta haiek, aldiz, ez.

X.A.: Interesgarria litzateke hikaren esperientzia jasotzea: nola erabili izan duten, toka eta noka testuinguru jakinetan erabiliko al lituzketen, erabiltzen al dituzten... Gero, hika ezagutzen dutenek irakatsi dezatela.

A.A.: Ereduak inportanteak dira; herriko ereduak, hika ondo egiten dutenenak.

X.A.: Ahotsak-ek egindako grabaketak primeran etorri dira; esaterako, Iturriozko (Oiartzun) hiru emakumeren elkarrizketa eredugarria da, kafea hartzen ari direla noka egiten dutelako.

Azkoitiko ereduak biltzea lan erraza izan al da?

A.A.: Ahotsaken gertatu izan dena da elkarrizketatzailea gizona izanda, horietako askok hika egiten dutela. Ordea, emakumezko bada, zaila da hori gertatzea. Badira gizon gutxi batzuk noka egin digutenak: Nuarben, Azkoitian... Halako proiektuen helburua, beraz, bada noka jasotzea; hika egingo didan jendea bilatzen saiatu naiz. Tokaren adibideak, berriz, errazago topatzen dira.

X.A.: Bi zama daude hor: bat, elkarrizketa bera eta sortzen den tentsioa; bestea, emakumea izatearena. Ezaguna izanda ez da hain gogorra.

A.A.: Halakoetan, bi emakume elkartu eta beren artean noka egin dezaten saiatzen gara.

Hika erabiltzeko beldurra galdu egin behar dela uste al duzue?

A.A.: Zeinen sartuta dagoen irudi hori... Hika ez dela edukaziozkoa...

X.A.: Eta edukazio gutxiagokoa emakumeentzat, zapalketa askoren artean nabarmen are zapalduago egoteko. "Guk gozatuko dugu hika. Zuek, ez". Errespetuaren izenean...

A.A.: Errespetuaren izenean hizkera kendu digute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide