Azkaratetik barrena iritsiko da aurten Donostiako Klasikoa Azkoitira

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 12a, 10:21

Azkaratetik iritsiko da Azkoitira txirrindulari profesionalen lasterketa. Azkarateko gainera txirrindulariak 13:25 eta 13:35 artean iristea aurreikusi dute antolatzaileek, eta Azkoitira 13:33 eta 13:43 artean.

Uztailaren 31n jokatuko da aurten txirrindularitzako Donostiako Klasikoa, eta eskualdeko errepideetan egingo du ibilbideko lehen zatia. 2019an jokatu zen azkeneko aldiz txirrindularien proba, eta bi urteren ondoren ibilbidean aldaketak iragarri dituzte antolatzaileek.

Lasterketan sei mendate puntuagarri izango dira, eta horietako bat izango da Azkoitiko Azkarateko mendatea (3. mailakoa). Hain zuzen ere, probako lehen mendatea izango da Azkarate. Elgoibarko ordainsari aurreko biribilgunetik iritsiko da lasterketa Azkaratera, eta antolatzaileek aurreikusitako orduen arabera, 13:25 eta 13:35 aldean iritsiko dira lehen txirrindulariak hara.

Handik Azkoitira jaitsiko dira lasterkariak, eta 13:33etik 13:43era bitartean tropela Azkoitia igarotzen arituko dela iragarri dute. Txirrindulariek saihesbidetik egingo dute bidea herrian, eta Loiolarako bidea hartuko dute jarraian. Lasterketak herria gurutzatzen duen bitartean, trafikoa itxita egongo da gainerako ibilgailuentzat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide