Jaime Santos maisu handiarekin gozatu dute xakelariek

Ihintza Elustondo 2021ko uzt. 10a, 17:57

Jaime Santos maisuak 26 xake jokalariren aurka jokatu ditu partidak aldi berean, gaur goizean, Kontzejupean. Unai Etxaburu, Jabi Muñoz eta Anibal Fernandez azkoitiarra izan ditu hark aurkaririk gogorrenak.

Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatuta, aldi bereko partiden saioa egin dute gaur, Kontzejupean. Jaime Santos xakeko maisu handia aritu da partidak jokatzen beste hainbat jokalariren aurka, 10:30etik aurrera. Santos xake jokalaria gogorra da, kalkuluak ateratzen azkarra eta gaitasun handikoa; gainera, egungo Espainiako absolutu mailako txapeldunordea da, David Anton xake jokalariarekin berdinduta.

Santosek 26 xake jokalariren aurka jokatu du aldi berean, eta beti xake pieza zuriak zuzendu ditu. Mahai bakoitzean mugimendu bat egin du hark, eta xake taula guztietan piezak mugitu ondoren, bidea hasitako xake taulara itzuli da, han bere aurkariak egiten zuen mugimendua gertutik jarraitzeko eta erantzuna segundo gutxian emateko.

Partaide guztiak jakitun ziren Santosek duen mailaz. Jokoa oso azkar ikusteko gaitasuna du hark, eta aurkariei gero eta erantzun konplexuagoak eman dizkie; taulen inguruan ematen zuen itzuli bakoitzean zailtasunak areagotzen ziren. Eta, horrela, itzuli bakoitzean aurkariei aurre hartzen joan da. Aurkari guztiak menperatu ditu hiru izan ezik: Unai Etxaburu (Eibar), Jabi Muñoz (Mendaro) eta Anibal Fernandez (Azkoitia); horiek sariak eskuratu dituzte beren emaitzak tarteko.

Itzulera "magikoa"

Anaitasuna Kakuteko bazkideek eta Anai Gaztediko gaztetxoek ederki gozatu dute xake egunaz. Dena den, Azkoitiko klubeko jokalariez gain, honako hauek ere izan dira gaurko ekintzan parte hartu dutenak: Hondarribia-Marlaxka, Santikutz, Santurtzi, Billabona, Xaputarrak, Mendaro, Zarautz eta Eibar klubetako kideak nahiz FGA teknifikazioko bi ordezkari. Anaitasuna Kakute xake taldeak azaldu duenez, "esperientzia polita" izan da gaurkoa. "Magikoa izan da xakean jokatzera horrela itzultzea, izurria tarteko, 2020ko martxotik sekulako geldialdia egin baitugu".

Hainbat xake jokalarik parte hartu dute gaurko erronkan, eta aipatzekoa da partaiderik gazteenak, Aimar Aguadok, 7 urte baino ez dituela; aldiz, guztietan helduenak, Silvestre Moreirok, 82 urte ditu. Sonia Vazquez Kultura zinegotziak egin du ohorezko sakea, Angel Martin Kirol zinegotziaren mahaian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide