Positiboak zifra bikoitzetara iritsi dira berriz ere Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 8a, 12:24

Osasun Sailak hamar positiboren berri eman du, eta intzidentzia tasa 175,25era ailegatu da berriz ere. Hego Euskal Herrian 900 kasu baino gehiago zenbatu dituzte, baina ospitaleek egonkor jarraitzen dute.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi jakinarazi du txosten bidez, atzo, asteazkena, PCR eta antigeno testetan herriz herri zenbat kasu positibo atzeman zituen. Datuen arabera, Azkoitian berriz ere positiboak gora egiten hasi dira; izan ere, atzo egindako probetan beste hamar positibo baieztatu zituen Osasun Sailak herrian. Herenegun zazpi izan ziren detektatutako positiboak, eta hori horrela, azken bi egunetan hamazazpi dira orotara hautemandako kasuak. 

Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko Jaurlaritzak ematen duen kasu metatuen tasa edo intzidentzia tasa ere gora egiten ari da berriz erritmo bizkorrean. Duela bi egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 5.000 biztanleko herrien artean egoera onena zuen herria zen Azkoitia, baina positiboen gorakadaren ondorioz, 175,25ean kokatu da tasa. Eremu horian, baina berdetik urrun dago gaur-gaurkoz Azkoitia.

Eskualdeko positiboen herena da Azkoitian zenbatutakoa; izan ere, 29 positibo atzeman ditu Osasun Sailak Urola Kostan. Zumaia, Zarautz, Azpeitia, Aia, Aizarnazabal eta Orio artean hauteman dituzte gainerako positiboak. Zumaian zortzi positibo zenbatu dituzte, Zarautzen sei, Azpeitian bi eta bana Aian, Aizarnazabalen eta Orion. Intzidentzia tasari dagokionez, Zumaian dute daturik okerrena. Eremu gorrian sartuta jarraitzen dute han, 732,68ko tasarekin.

Zarautz, Azpeitia eta Orio dira eremu horian daude eskualdeko beste herri nagusiak; Zarautzen 248,43ko tasa dute, 223,39koa Azpeitian eta 130,46koa Orion. Aian –50,38– eta Aizarnazabalen –260,08– ere intzidentzia tasak gora egin du herri bakoitzean positibo bana zenbatuta. Zestoan, bestalde, 154,08koa da datu horren zenbatekoa.

Positiboak gora, ospitaleak egonkor

Hego Euskal Herrian ere datuak mardulak dira gaurkoan. 900 positiboko langa –905 positibo zehazki– gainditu zen atzoko egunean Bizkaiko 294, Gipuzkoako 260, Nafarroako 256, Arabako 62 eta lau lurralde horietatik kanpo bizi diren 33 kasu positiborekin. Nafarroako positibotasun tasak altua izaten jarraitzen du egun. 1.811 PCR eta antigeno test egin zituzten eta tasa %14,1ean kokatu zen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, bestalde, %7an dago positibotasun tasa 9.260 proba egin ondoren.

Positiboak gora egiten ari diren arren, oraingoz Osakidetza ez da ospitaleetan gaixoak pilatzen ari. Izan ere, zainketa berezia behar duten pertsonak 25 dira gaur, atzo bezala. Hemezortzi pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren mendeko erietxeetan, eta egun 50 lagun dira ospitalean daudenak, atzo baino bat gutxiago. Gaixotasunaren zabalkundea adierazten duen oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizeak, berriz, behera egin du, eta 1,45ean dago gaur. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak 21 puntu egin zuen gora atzo, eta 224,71koa da gaur-gaurkoz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide