Hitanoa indartzeko asmoz, bertso saioa eta mahai ingurua egin dituzte Elkargunean

Andoni Egaña eta Eli Pagola bertsolariak hika eta noka aritu ziren bertsotan Felix gai jartzaileak jarritako gaiei erantzunez. Ondoren, mahai ingurua egin zuten eta bertsolaritzan, eta oro har, gizartean, hitanoari bidea irekitzearen alde agertu ziren parte-hartzaileak.

Atzo, asteazkena, egin zuten udalak hitanoa indartzeko xedez abian jarritako proiektuaren baitan antolatutako Hika bertso saio komentatua, Elkarguneko Herriko plaza aretoan. Jende ugari bertaratu zen bertsoak eta mahai inguruko esanak entzutera. 

Hika eta noka aritu zen bikotea bertsotan eta jendeak erruz gozatu zuen. Esperimentu gisa aurkeztu zuen atzoko saioa Azkoitiko Udalak, ez baita batere ohikoa bertsotan hitanoa entzutea; izan ere, errimaz gain, aditza kontuan hartzea eskatzen du bertsotan hitanoa erabiltzeak eta bide berriak urratzeko apartekoa izan zen. "Bertsolaria beti dabil labar baten ertzean amiltzeko arriskuan eta hitanoarekin, labar horren ertzera gehiago hurbiltzen da", esan zuen Andoni Egaña bertsolariak Eli Pagolarekin batera eskaini zuen bertso saio komentatuan.

Oholtzatik kanpo bikoteak hitanoa erabiltzen duela aitortu arren, onartu zuten bertsotan ez dela horren erraza. Ohiko eskemetatik atera behar izan zuten Azkoitian. "Aldaketa da. Errima zerrendak dituzu, baina hitanoak arreta beste aldagai batzuetan jartzera eramaten zaitu", azaldu zuen Pagolak. Eroso eta erraz aritu arren, toka eta noka erabiltzeak konplexuago bihurtu zuen bertso jarioa. 

Bertsotatik mahai ingurura

Bertso saioaren ondoren, Eneritz Artetxe moderatzaileak zuzendutako mahai ingurua egin zuten, eta bertsolariez eta gai jartzaileaz gain, Xabier Eizagirrek ere parte hartu zuen. Bakoitzak bere eskarmentutik, hitanoaren eta bertsolaritzaren inguruan egin zuten hausnarketa. Eizagirrek azaldu zuen hika erabiliz, ez dela bertso osorik ikusten atzera begiratuz gero. "Lehengo bertsolariek zer hizkera erabiltzen zuten? Azkoitiarra? Bertsolari handiak zituzten eredu, Txirrita, Otaño… eta haiena hobesten zuten. Bertsolari handien pareko hizkera nahi zuten, bertsoa eskasa izan arren", adierazi zuen.

Hitanoaren atzean dagoen sexismoa ere mintzagai izan zuten, baita hitanoaren eta haserrearen arteko lotura ere, zenbaitetan hasarrearekin lotzen delako hitanoaren erabilera. Kontzienteki edo ez, hitanoaren erabileraren atzean "erabakiak" daudela nabarmendu zuten mahai inguruan. "Nik Joxe Lizasori eta Joxe Agirreri zuka egiten nien. Imanol Lazkanori, hika. Bakoitzak jartzen ditu mugak eta askotan ez dira logikoak izaten", nabarmendu zuten. Hitanoak berak mugak ere badituela azpimarratu zuten. Ez du pluralik ahalbidetzen, eta ondorioz, "bati zuzentzen zara eta besteak apartatu egiten dituzu", esan zuen Egañak. "Apartatu –erantzun zion Pagolak– edo hitz egiteko bidea eman".

Onartu zuten hitanoa eta euskara batuaren arteko lotura ere ez dela samurra. Edonola ere, Eizagirrek aipatu zuen lehen Bizenta Mogel, Nemesio Etxaniz, Pedro Irizarrek eta orain Juan Luis Zabalak egiten duen bezala, hitanoaren bidea ireki egin behar dela. Ekitaldiaren amaieran, bestalde, Marijose Arregi udaleko Euskara zinegotziak saria eman zion hitanoaren inguruko logotipo lehiaketa irabazi duen Jon Custodiori; 600 euroko saria jaso zuen Custodiok.

Argazkiak: Azkoitiko Udala

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide