ISBko gizonak Urrezko LEB ligara, eta emakumeak Challenge ligara

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 7a, 15:12

Iraurgiko gizonen eta emakumeen lehen taldeak aurreko sasoian baino maila bat gorago ariko dira 2021-2022 denboraldian. Kantxan lortutako igoerak berretsi ditu dagoeneko Azpeitiko eta Azkoitiko klubak, abalak ordainduta. Dena den, diru iturriek kezka sortzen diote klubari, baina horiek bermatzeko lana egingo dutela adierazi du zuzendariak.

Iraurgi Saskibaloi Taldeak ez du erronka makala 2021-2022 denboraldiari begira: gizonen lehen taldea Urrezko LEB ligan ariko da, eta emakumeena, Challenge ligan; hau da, bi taldeak aurreko sasoian baino maila bat gorago ariko dira. Joan zen astean aurkeztu behar izan zituzten klubek abalak, eta ISBk ere ordaindu zion Espainiako Saskibaloi Federazioari zegokion zenbatekoa. Beraz, kantxan lortutako igoerak berretsi ditu dagoeneko Azpeitiko eta Azkoitiko klubak.

Juaristi ISBk joan zen apirilean lortu zuen Zilarrezko LEB mailatik Urrezkora igotzeko txartela. Emakumeen kasua, aldiz, bestelakoa izan da: Espainiako Saskibaloi Federazioak erabaki du Challenge izeneko liga bat sortzea Emakumeen Lehen Mailako eta Bigarren Mailako ligen artean. Liga berri hori Zilarrezko LEB ligako multzo bakoitzeko bost talde onenek eta hiru multzoetako seigarren onenak osatuko dute; tartean, Azkoitia-Azpeitia ISBk. Dena den, emakumeen liga hori sortzearekin, edo sortzeko moduarekin, ez dago ados Jose Luis Zubizarreta Xubi ISBko zuzendaria, "batzuek" hartu dutelako erabakia. "Federazioan izugarrizko gerra eman dute bost talde handik; izan ere, liga indartsuagoa eratu nahi zuten horiek. Horrek, ordea, dena garestitzea eskatzen du, eta gainera, tartean maila berria sortuta, lehen Zilarrezko LEBen zeuden taldeak mailaz jaitsi dira".

Zalantzak izan dituzte

ISBko zuzendariak esan duenez, aurrekontuari lotutako zalantzak izan dituzte erabakiak hartzerakoan. Izan ere, duela lau urte Iraurgiko gizonen lehen taldea Urrezko LEB ligan aritu zeneko baldintzak lortu nahi zituzten gutxienez aurrera egiteko. "Kostatu da, baina lortu dugu", esan du Xubik: "Diru iturriak lortzeko zailtasunak ditugu; garagardo azokarik ezin da egin, ez dakigu sarrerak saldu ahal izango ditugun... Zalantza sortzen du horrek guztiak. Ideia berri batzuk proposatu ditugu dagoeneko, eta aztertu egingo ditugu. Ea zer asmatzen dugun diru sarrerak bermatzeko; konplikatua izango da".

Diru iturri propioak kezka iturri dira Xubirentzat, baina erakundeen babesa jaso dutela azaldu du. "Egoera zaila da, eta guk ezin dugu pentsatu lortu dugunagatik munduaren zilborra garela; izan ere, gizartean arazo larriak daude. Dena den, pentsatzen dut Gipuzkoako erakundeek iaz baino diru gutxiago gastatu beharko dutela datorren denboraldian [iaz ACBn zen Gipuzkoa Basket eta Zilarrezko LEBen Iraurgi]. Bestalde, Azpeitiko eta Azkoitiko udalek ere lagundu digute".

Kontuak kontu, aldaketa handiak izango dira datorren urtean ISBko talde nagusientzat; izan ere, emakumeek nahiz gizonek, biek, Espainia guztian izango dituzte norgehiagokak, eta horrek eragin zuzena du klubaren aurrekontuan. Multzo bakarra osatu dute bai Urrezko LEB ligan, bai Emakumeen Challenge ligan, eta besteak beste, Galiziara, Andaluziara, Kataluniara, Gaztela eta Leonera, Extremadurara nahiz Murtziara bidaiatu beharko du emakumeen taldeak; gizonenak, berriz, horietara nahiz Melillara, Herrialde Katalanetara nahiz Kanaria Uharteetara. Urrezko LEB ligan multzo bakarra sortzeak bidaia gehiago egitea badakar ere, "alde positiborik" ere baduela azaldu du Xubik. "Ligan hemezortzi talde ariko direnez, multzo bakarra osatu dute, eta horrek mailaz talde bat gutxiago jaistea ere eragingo du. Hori oso positiboa da lehiatzea nahi baldin baduzu, gu ez baikara sailkapeneko goiko postuetan ibiliko".

Denboraldiari ekiteko gogotsu dago ISBko zuzendaria, nahiz eta izapide kontuetan dabilen orain buru-belarri: "Paper kontuak ez dira bukatzen. Fitxaketak, 25 taldeen izen-emateak, entrenatzaileak lotu, taldeak osatu... Urteroko kontuak dira, baina une konplikatua izaten da garai honetakoa". Urteetako esperientziak eta gero etorriko denak indarra ematen dio, ordea. Horri lotuta, talde batzuek denboraldi-aurrea abuztuaren amaieran hasiko dutela aurreikusten du Xubik, eta hark azaldu duenez, abuztuaren azken astean edo iraileko aurrenekoan hasiko dira emakumeen eta gizonen lehen taldeak prestaketa lanekin. "Oraindik ez dugu egutegirik; beraz, data zehatzik ezin esan".

Gipuzkoako bi talde

Juaristi ISB ez da izango datorren denboraldian Urrezko LEB ligan ariko den Gipuzkoako talde bakarra. Hain zuzen ere, Acunsa Gipuzkoa Basketek ez zuen lortu ACB ligan zuen lekuari eustea, eta beraz, bigarren mailan ariko da datorren denboraldian. Xubik esan duenez, "borroka" egin dute bi taldeak maila horretan egon daitezen. "Ikuskizuna ematen duen talde bat eta formaziora bideratutako beste bat maila berean elkartu badira, talde batek gauzak oso gaizki eta besteak ondo egin dituelako da. Guk ez dugu bestearen lekua hartu nahi, baina kirol arloan lan eginda lortu duguna gauzatzen uzteko eskatzen genuen".

Hala izango da: ISBk izango du urteetan egindako lanaren fruituak dastatzeko aukera datorren denboraldian. "Urrezko LEB ligan salbuespena izanagatik, garbi dugu partidaz partida lehiatzera aterako garela kantxara, eta saiatuko gara mailari eusten. Mailaz jaisten bagara, ez da ezer gertatuko, baina astero-astero borroka egitea da helburua". Xubik dioenez, inoiz amestuko ez zukeen egoera da bizi dutena. "Jendeak kristorenak egiten ditugula pentsatzen badu ere, gure miseriak ditugu. Gure txikitasun horretan dago arrakasta; izan ere, ez gara egunero egunkarietan agertuko, eta garrantzitsua da lainezarik ez izatea eta hankak lurrean edukitzea".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide