Binakako Aizkolari Txapelketa lehen mailan jokatuko du Txikia IV.ak

Nerea Uranga 2021ko uzt. 6a, 18:38

Hiru mailatan jokatuko dute Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusia uztailaren 16an, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan; lehen mailan hamar aizkolari ariko dira, promoziokoan zortzi, eta emakumeenean sei. Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra lehen mailan ariko da lehian, Aitzol Atutxa bikotekide duela. Euskal Herriko Aizkolaritza Elkarteak antolatu du txapelketa, iaz hasitako ibilbideari jarraipena emateko. Dagoeneko sarrerak saltzen jarri dituzte.

Gaur aurkeztu dute Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusia Azpeitian. Euskal Herriko Aizkolaritza Elkarteak antolatutako txapelketa "berritzailea" dela nabarmendu du Aitzol Atutxa aizkolariak. Txapelketa aurrera ateratzeko, Sherpa.ai adimen artifizialeko enpresaren eta Azpeitiko Udalaren laguntza jaso dutela azpimarratu du. Uztailaren 16an jokatuko dute binakako aizkolari txapelketa, 22:00etan hasita, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarrak lehen mailako txapelketan parte hartuko du, Aitzol Atutxa Atutxa II.a bikotekide duela.

Iaz hasitako ibilbidearekin jarraitu nahi dute aizkolariek binakako txapelketarekin. Beren proiektuaren helburua "aizkolaritza modernizatzea, profesionalizatzea eta garai berrietara egokitzea" dela nabarmendu du Atutxak, eta xede horiei helduta antolatu dute binakako lehia: "Aizkolaritza liga profesionalak dituzten beste kirol batzuen maila berera igo nahi da, hala nola futbolaren, pilotaren edota arraunaren mailara". Horregatik, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren bigarren edizioak "hainbat berrikuntza" izango dituela adierazi dute, hala nola binakako eta banakako txapelketak, eta proba guztietan emakumeen parte-hartzea. "Uztailaren 16an Azpeitian jokatuko den binakako txapelketa datorren udazkenean promozioko eta lehen mailetarako sailkapen errondetan jarraituko duten proba sortako lehen txapelketa izango da", azaldu du Atutxak. Txapelketa azaroan jokatuko den final handi batekin bukatzea aurreikusita dute, eta han erabakiko da Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko txapeldun absolutua.

Binakako txapelketa, hiru mailatan

Binakako txapelketa antolatuta, "pauso bat aurrera eman" dutela azaldu du Euskal Herriko Aizkolaritza Elkartearen izenean Atutxak. "Orain arte Euskal Herriko binakako aizkolari txapelketarik ez da sekula egin, eta aspalditik eskatzen bagenuen ere, lan indartsu bat eskatzen genuen, baina ez genuen erreferentziarik, binaka egin diren txapelketak ez direlako formatu honetan egin. Ondorioz, gure artean adostu genuen zein izan zitekeen modu aproposena txapelketa jokatzeko".

Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusian bikoteak kategorien arabera lehiatuko dira, eta txanda libreko modalitatean enbor sorta desberdinei aurre egin beharko diete. Atutxaren arabera, "txapelketa exijentea eta erakargarria" antolatzen saiatu dira. Lehian aurrenak Promozio mailako aizkolari bikoteak izango dira; lau kanaerdiko, 60 ontzako hiru enbor eta bi oinbiko ebaki beharko dituzte. Promoziokoen atzetik emakumeen txapelketako aizkolariek helduko diete lanari, oineko bi enbor eta 45 ontzako bi enbor ebakiz. Lehen Mailako aizkolarien lehia izango da segidan, eta hiru diametroko hemezortzi enborrekin egin beharko dute lana: zortzi kanaerdiko, 60 ontzako sei enbor eta lau oinbiko. Lehen mailakoek egin beharreko lanaz ere hitz egin du Atutxak: "Oso-oso lan exijentea da egin beharko dena, orain arte txapelketa batean izan den lan exijenteena izango da; hori ere guretzako desafio inportantea da. Kontuan hartu behar baitugu, pandemian gaudela eta ohiko erakustaldirik ez dugula izan. Baina ilusio eta gogo handiarekin gatoz, eta indartsu garaiko aizkolariak garela eta lan handi hori egiteko gai garela erakusteko. Promoziokoek egin beharreko lana erabakitzeko orduan, banakako txapelketakoa eduki dute kontuan. "Banakakoan gertatzen den bezala, promoziokoan lehen mailako lan erdia egitea erabaki dugu binakakoan ere".

Guztira, 24 aizkolarik parte hartuko dute binakako txapelketan; tartean, Txikia IV.a azkoitiarrak. Behin maila bakoitzean aizkolariek egin beharreko lana erabakitakoan heldu zioten bikoteak osatzeko lanari. "Nahiko parekatuta daude bikoteak, baina ez dugu zozketarik egin horiek erabakitzeko. Inork ez ditu bikoteak aukeratu, ezarri den arrazoia izan da banakako sailkapena. Orduan, Lehen Mailakoen kasuan, banakakoan lehen sailkatuak hamargarren sailkatuarekin osatuko du bikotea, eta hamaikagarrena eta hamabigarrena ordezko geldituz. Era horretan, errenkadan osatu dira bikoteak. Promozio mailan ere berdin egin da". Emakumeen kasuan, berriz, aurreko edizioko sailkapenik ez dutenez, aizkolariek beraiek adostu dituzte binakoak.

Honakoak dira maila bakoitzean lehiatuko duten bikoteak:

- Lehen mailan: Iker Vicente-Azurmendi, Larrañaga-Mujika, Otaño-Ugaitz Mugertza, Irazu-Rekondo eta Txikia IV.a-Atutxa II.a.

- Promozio mailan: Larrea III.a-Zelai IV,a, Jauregi-Eloy Corchero, Julen Kañamares-Pellejero, Eneko Saralegi-Aratz Mugerza.

- Emakumeetan: Zelai III-Ansorregi, Tanco-Maika eta Arruti-Julia.

Parekidetasuna bidean

Karmele Gisasola Zelai III.ak aurkezpenean eskerrak eman dizkie txapelketaren antolatzaileei emakumezkoengan ere pentsatzearren. "Kontuan edukita lehenengo aldiz jokatuko dela nesketan aizkorako binakako txapelketa, aizkoran ere aritzeko gai garela erakutsi nahi dugu. Txapelketan egin beharreko lanak ez dira oso exijenteak, parte hartuko dugun sei aizkolariietatik laurentzako bigarren plaza izango da hau aizkoran. Saiatu saiatuko gara, ordea, eta nahi duguna da txapelketa erakusleiho bat izatea, beste batzuek ere ikusteko eta animatzeko. Saiatuko gara ahalik eta lan onena egiten".

Euskal Herriko Aizkolaritza Elkarteak sorreratik nahi izan du parekidetasunean urratsak egitea, Atutxaren arabera. "Iaz, banakako txapelketa nagusia egin genuenean garai zailak bizi genituen eta inprobisazio asko egon zen, eta ezin izan genuen emakumeen txapelketarik antolatu. Oraingo honetan, baina, denboraz ibili garenez, lortu dugu txapelketa berdintasunez antolatzea eta nork daki etorkizunean txapelketa mistoren bat edota berritzaileren bat antolatzea".

Sarrerak salgai

Uztailaren 16ko txapelketarako sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte antolatzaileek. Pandemiaren eraginez hartu beharreko segurtasun neurriak kontuan hartuta jokatuko da txapelketa, ondorioz edukiera murriztuta izango da Izarraitz pilotalekuan, eta 300 pertsona inguru sartzeko aukera egongo da.

Hiru sarrera mota jarri dituzte saltzen: 18 urtetik gorakoentzako sarrera 18 euro kostatuko da, 18 urtetik 12 urtera artekoena 9 euro, eta 12 urtetik beherakoena 5 euro. Sarrerak Azpeitiko Landetako Mendizabal erretegian eros daitezke edota Internetez Aizkolari Txapelketa Nagusia webgunean.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide