Azkoitiko eta Azpeitiko parrokiak bisitatzeko aukera izango da uztailean eta abuztuan

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 6a, 16:04
Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokia.

Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen parrokia zabalik izango da asteazken eta ostiral goizetan. Egun horietan, 11:00etan irekiko dituzte bi herrietako parrokiak, eta ordubete beranduago eskainiko dute bisita gidatua. Herriko gune historikoak ezagutzeko aukera ere izango da, ordea.

Aste honetan hasi eta abuztuaren bukaerara bitartean, Azkoitiko eta Azpeitiko elizetan hainbat bisita gidatu eskainiko ditu Iraurgi Berritzeneko Turismo Sailak. Hain zuzen ere, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokia zabalik izango da asteazken eta ostiral goizetan, 11:00etatik 12:30era bitartean. Egun horietan, 12:00etan Azkoitiko gune historikoak ezagutzeko aukera ere izango dute parte-hartzaileek bisita gidatu baten bitartez.

Azpeitian ere eskainiko dituzte bisitak; han Soreasuko Sebastian Donearen parrokia zabalik izango da astearte eta ostegun goizetan, 11:00etatik 13:00etara bitartean. Egun horietan, 12:00etan, bisita gidatua eskainiko dute, eta besteak beste, San Inazioren bataio pontea, Bakardadearen kapera eta Madalenako ospitalea ezagutzeko aukera izango da.

Bestalde, uztaileko eta abuztuko astearte, asteazken eta ostegun arratsaldeetan bi parrokiak nahiz Azpeitiko Madalenako ospitalea bisitatzeko aukera izango dute aurrez erreserba egiten duten herritarrek –beranduenez, bezperan egin beharko da erreserba–, baina bisita gauzatu ahal izateko, gutxienez, bost laguneko taldea osatu beharko da. Arratsaldeko bisitaldietarako erreserba Loiolako Turismo Bulegoan egin beharko da, 943-15 18 78 telefono zenbakira deituta edo i-loiola@urolaturismo.eus e-posta helbidera mezua idatzita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide