Azokako plan integrala aurkezteko saio irekia egingo dute datorren astelehenean Elkargunean

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 6a, 14:54
Azkoitiko Berdura plaza. (Argazkia: udala)

Datorren astelehenean, uztailak 12, egingo dute Azkoitiko Azokako Plan Integralaren aurkezpen irekia Elkargunean. Azkoitiko azokaren egungo egoera eta etorkizuna ezagutzeko egin da plana, azokaren norabide estrategikoa markatzeko.

Azkoitiko Azokako Plan Integralaren aurkezpen irekia egingo dute datorren astelehenean, uztailak, 12, Elkargunean, 15:00etan hasita. Azokako Plana Gipuzkoako Azoken Sarea egitasmoaren baitan ulertu beharreko lehendabiziko urratsa da. Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Agentzien Federazioak, Elika Fundazioak eta lurraldeko hamasei udalerrik bultzatutako ekimenaren lehendabiziko emaitza izango da aurkezpena.

Azokako plana osatzeak helburu bikoitza du. Alde batetik, Azkoitiko azokako egungo egoera eta espero dakiokeen geroa ezagutzea da asmoa, eta bestetik, etorkizunari bide oparoenetik nola heldu zehazteko norabide estrategikoa markatzea. Gauzak horrela, Ikertalde aholkularitza enpresak, Azokako eragile nagusien partaidetzarekin garatu duen lanketaren ondorioz, egungo errealitatearen diagnostikoa eta aurrera begirako ekintza plana osatu dira.

Datorren asteleheneko aurkezpen saioa, "jendarte zabalari" zuzenduta dagoela azaldu du udalak. Aurkezpenean azokako plana eraikitzeko egindako lan-prozesua nolakoa izan den azalduko dute lehenbizi. Horrekin batera, azokako errealitatearen irakurketaren emaitza nagusiak erakutsi eta aurrera begira planteatzen den bide-orriaren nondik norakoak adieraziko dira.

Udalak Elkargunean egingo den ordu eta erdiko saio irekian parte hartzeko deia egin die Azkoitiko azoka gorpuzten duten ekoizleei, herritarrei eta azokaren etorkizunarekiko interesa duen pertsona orori.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide