Iñaki Narbaizak eta Unai Etxeberriak irabazi dute III. Goilurrak Basque Highlands Rallya

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 5a, 15:14
Goilurrak rallyaren irabazle nagusiak. (Argazkiak: Ariane Vierbücher/Goierriko Hitza)

Joan den zapatuan jokatu zen proba Azkoitiko errepideetan. Antxustegi eta Urresti izan dira bigarrenak, eta Uranga eta Guridi hirugarrenak. Beitia eta Zubiaurre azkoitiarrak, berriz, formula libre mailako azkarrenak izan ziren, baita Goilurrako Kopako onenak ere.

Joan den igandean jokatu zen Azkoitiko Errebueltie Eskudeixek eta Lazkaoko Ikullu Racing eskuderiek elkarrekin antolatutako III. Goilurrak Basque Highlands Rallya. Azkoitiko errepideetan zehar jokatu ziren probako zenbait zati, eta Iñaki Narbaiza eta Unai Etxeberria pilotuek gidatutako Peugeot 208 autoa izan zen rallyko auto guztietan azkarrena. Marka bereko autoa gidatu zuten Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti izan ziren bigarrenak, eta Arkaitz Uranga eta Maialen Guridi hirugarrenak.

Azkoitian hasitako proba Lazkaon (Gipuzkoa) amaitu zen, han egin baitzituzten probako azken tartea eta sari banaketa ekitaldia. Ibon Beitia eta Jon Zubiaurre pilotu azkoitiarrek seigarren amaitu zuten sailkapen orokorrean, baina ez ziren esku hutsik itzuli etxera. Formula libre mailako onenak izan ziren biak, eta Goilurrak Kopa ere eskuratu zuten.

Beitia, eta Zubiaurre, Lazkaon.

Giro bikaina sortu zen Azkoitiko errepide bazterretan; izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan ikusleekin jokatu den lehen rallya izan zen zapatukoa. 56 pilotuk parte hartu zuten proban azkenean, baina istripuak tarteko, partaideen ia erdiek utzi egin behar izan zuten proba –25 autok ezin izan zuten lasterketa amaitu–. Lasterketa irabazteko faboritoetako bat, Aitor Saizarrek eta Leire Iturbek gidatutako Peugeot 207 S2000 autoa, errepidetik irten zen lasterketa hasi eta berehala, eta larrialdi zerbitzuen beharra izan zuten pilotuek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide