Mikel Arzalluzek Arenas taldean jokatuko du datorren denboraldian

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 5a, 10:43
Mikel Arzalluz, Arenas taldeak egindako aurkezpenean. (Argazkia: Arenas)

Aurrelari azkoitiarrak Anaitasuna futbol taldea utzi du datorren denboraldian Getxoko Arenas taldean aritzeko. RFEF Bigarren Mailan arituko da, Anaitasuna baino maila bat gorago.

Getxoko Arenas futbol taldeak gaur goizean egin du ofiziala fitxaketa. Mikel Arzalluz futbol jokalari azkoitiarrak Arenas taldean jokatuko du datorren denboraldian. 26 urteko aurrelariak hamar gol egin ditu Anaitasunarekin azken denboraldian Hirugarren Mailako ligaren, Espainiako Errege Koparen eta RFEF Bigarren Mailara igotzeko kanporaketa partiden artean.
 
Anaitasuna eta jokalaria akordio batera iritsi ondoren, futbol taldeak ekainaren amaieran jakinarazi zuen Mikel Arzalluzek ez zuela taldean jarraituko. Arzalluzek hamalau denboraldi egin ditu Anaitasunan eta azkeneko sei urteak lehen taldean. Anaitasunak eskerrak eman dizkio aurrelariari azken urteetan erakutsitako "profesionaltasunagatik" eta "konpromisoagatik".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide