Jaime Santos maisu handiak aldi bereko xake partidak jokatuko ditu zapatuan, Kontzejupen

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 4a, 09:23
Jaime Santos xake jokalaria. (Sunway Chess Festival)

26 aurkariren kontra jokatuko du Santos maisu handiak aldi berean. Anaitasuna Kakute xake taldeko kideak eta gonbidatutako beste zenbait taldetako xakelariak izango ditu aurrean.

Anaitasuna Kakute xake taldeak aldi bereko partiden saioa antolatu du datorren larunbaterako, uztailak 10. Jaime Santos xakeko maisu handia arituko da partidak jokatzen Kontzejupean, 10:30etik aurrera. Santos xake jokalaria gogorra da, eta kalkuluak ateratzen azkarra eta gaitasun handikoa da. 

Maisu handiak 26 xake jokalariren aurka jokatuko du aldi berean, eta beti xake pieza zuriak zuzenduko ditu. Mahai bakoitzean mugimendu bat egingo du Santosek, eta xake taula guztietan piezak mugitu ondoren, bidea hasitako xake taulara itzuliko da, han bere aurkariak egingo duen mugimendua gertutik jarraitzeko eta erantzuna segundo gutxian emateko. Anaitasuna Kakute xake taldeko kideek ere parte hartuko dute datorren larunbateko saioan, baita gonbidatutako beste zeinbait taldeko kideek ere.

Santos egungo Espainiako absolutu mailako txapeldunordea da, David Anton xake jokalariarekin berdinduta. Txapeldunordearen titulua, ordea, ez da bere lorpen bakarra. 10, 12 eta 14 urtez azpikoen mailako Espainiako txapelduna da Santos. 2018an eskuratu zuten Maisu Handia titulua, eta Fide munduko rankingean 2.600 xakelarien artean dago. 

Anaitasuna Kakute xake taldeko zuzendaritzak azaldu duenez, joan den urritik ari dira Azkoitian maisu handi baten eskutik aldi bereko partidak antolatu nahian, baina pandemiaren gorabeherek eraginda, ez dira gai izan orain arte. "Urte gogor honen ondoren, aldi bereko partidak antolatu nahi genituen gure taldeko jokalariak bultzatzeko eta motibatzeko. Lortutako helburua da guretzat", azaldu du zuzendaritzak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide