Plazaberrin aurkeztu dituzte III. Goilurrak Basque Highlands Rallyan arituko diren autoak

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 2a, 21:42

III. Goilurrak Basque Highlands Rallya jokatuko dute bihar, uztailak 3, Urola eta Goierri bailaretan. Gaur, ostirala, irteera ekitaldia eta pilotuen nahiz ibilgailuen aurkezpenak egin dituzte Plazaberrin. Jendetza erakarri du autoen motor soinuak.

III. Goilurrak Basque Highlands Rallyan parte hartuko duten ibilgailuen egiaztapen administratiboak eta teknikoak egin ondoren, gaur, 21:00etan, rallyan arituko diren autoen eta pilotuen aurkezpena egin dute Plazaberrin. Lasterketa bihar, zapatua, jokatuko da Urola eta Goierri bailaretan. 08:00etan aterako dira autoak Azkoitiko Oteiza frontoietatik, eta herrian bi ibilbide egingo dituzte. Lasterka, ordea, Endoiatik abiatuko da; lehenengo pasaldia 09:00etan izango da han. Ondoren, Azkarate aldera joango dira pilotuak, eta 09:25ean egingo dute lehen pasaldia. Bi leku horietatik berriro igaroko dira pilotuak, 11:25ean eta 11:50ean, hurrenez hurren.

Probak eragina izango du errepidean; izan ere, Endoia parean errepidea itxita egongo da 08:00etatik 13:00etara bitartean, eta Azkaraten, 08:25etik 13:30era artean. Hala eta guztiz ere, auzo horietako bizilagunentzat sarrera-irteerak kontrolatzen arituko dira antolatzaileak. Guztira 60 pilotuk parte hartuko dute biharko proban, eta sari banaketa ekitaldia Lazkaon (Gipuzkoa) egingo dute. Azkoitiarrek zuzendutako bi ibilgailuk ere parte hartuko dute lehian. Batetik, Iraitz Olariaga eta Mikel Madinabeitia Honda Civic autoarekin arituko dira, eta bestetik, Ibon Beitia eta Ion Zubiaurre BMW 325i autoarekin.

Rallya EuskalkirolaTB webgunean streaming bidez jarraitzeko aukera egongo da. Rallyko ibilbideez gain, pilotuei egindako elkarrizketak ere ikusi ahal izango dira bertan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide