Osasun Sailak ez du positiborik baieztatu azken orduetan Azkoitian

IƱigo Gaiton 2021ko uzt. 1a, 13:53

Atzo egindako probetan ez da izan gorabeherarik herrian. Osasun Sailak ez du positiborik baieztatu eta intzidentzia tasa bere horretan mantendu da. Hego Euskal Herrian, ordea, positiboak gora ari dira egiten eta baita intzidentzia tasa ere.

Eusko Jaurlaritzak eman du argitara egoera epidemiologikoari buruzko txosten eguneratua, eta horren arabera, Azkoitian atzo egindako PCR eta antigeno probetan ez zuten kasu positiborik hauteman. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa, berriz, bere horretan mantendu da; izan ere, 41,73ko tasarekin eremu berdean mantentzen da.

Urola Kosta eskualdean, berriz, hamasei kasu positibo atzeman dituzte azken orduetan, herenegun baino sei gehiago. Zarautzen sei positibo izan dira, eta herria eremu horian dago, 124,21eko intzidentzia tasarekin. Kasu positibo kopuru bera detektatu dute Zumaian, eta han tasa 518,98an kokatu da, eremu gorrian. Horiez gain, Azpeitian hiru positibo detektatu dituzte (197,12 tasarekin eremu horian), eta Zestoan bakarra (51,36ko tasa). Positiborik izan ez den herrietan hutsean dute tasa, Orion izan ezik. Han 48,92ko kasu metatuen tasa dute, eta eremu berdean dago kokatuta.

Positiboak gora Hegoaldean

Hego Euskal Herriko datuek okerrera egiten jarraitu dute azken orduetan. Herenegun 366 positibo detektatu zituzten, eta atzo egindako probetan 458 izan dira guztira. Araban 37 atzeman dituzte, Bizkaian 178, Gipuzkoan 165 eta beste herrialdeetan bizi diren herritarren artean zortzi. Hori dela eta, hiru lurraldeen bataz besteko R0 indizea 1,15 izatera pasatu da. Osakidetzaren mendeko ospitaleen egoerari dagokionez, atzo hogei lagun gehiago ospitaleratu zituzten koronabirusak jota. Momentu honetan, denera 62 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 32 ZIUetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, berriz, 121,70ekoa da, atzo Jaurlaritzak emandakoa baino bederatzi puntu altuagoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide