San Jose egoitzako kideek ibilaldia egin dute bizikleta gainean

Andoni Elduaien 2021ko eka. 30a, 17:12

'Bizikletaz Adinik Ez' ekimenean parte hartu dute San Jose egoitzako egoiliarrek. Bizikletari atxikitako aulkietan eserita, irteera egin dute herriko kaleetan barrena, eta aspaldiko partez hainbat txoko gertutik ikusteko aukera izan dute.

Azkoitiko San Jose egoitzako sei egoiliarrek eta egoitzako zenbait langilek irteera egin dute gaur, asteazkena, herrian zehar. Real Sociedad Fundazioaren 'Bizikletaz Adinik Ez' ekimenean parte hartu dute, eta fundazioko kideen eta egoitzako hezitzaileen laguntzarekin, egokitutako bizikletetan ibilaldia egin dute herriko kaleetan zehar. Udaleko eta Azkoitia Lagunkoiako kideek ere parte hartu dute ibilaldiaren irteeran.

16:00etan abiatu dira guztiak elkarrekin Azkoitiko Oteiza frontoietatik, eta Baztarrikaldean behera eginez, Ibaiondo kalera abiatu dira. Segidan, Aizkibel liburutegi parera joan dira, eta bidegorrian barrena, Julio Urkixo etorbidera atera dira. Handik, berriz ere alde zaharrera itzuli dira eta herriko plazan amaitu dute ibilaldia. Bidean, ordea, gogoan zituzten hainbat txokotan geldialdiak egiteko parada izan dute egoiliarrek, hala nola Berdura plaza, Kontzejupea eta beren lehengo bizilekuak. Kalean ikusitako herritarrek harrera beroa egin diete San Jose egoitzako egoiliarrei, eta horiek ilusioz erantzun diete guztiei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide