90 positibo zenbatu dituzte Gipuzkoan

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 26a, 12:52

Koronabirusa atzemateko 7.807 proba egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 243k eman dute positibo; %3,1ek hain zuzen. Atzo %3,8koa zen positibotasun tasa. 

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo koronabirusa atzemateko 7.807 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 243k eman zuten positibo; egindako proben %3,1ek, hain zuzen. Herenegungoak baino datu hobexeagoak dira, orduan  %3,8koa izan baitzen positibotasun tasa.

Lurraldeka, Bizkaian hauteman dituzte positibo gehien, 91, eta bat gutxiago zenbatu dute Gipuzkoan. Nafarroan 35 atzeman dituzte, eta 22 Araban.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19ak jotako 31 lagun ospitaleratu dituzte azken orduetan, eta uneotan, 34 herritar daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU).

Asteburua izaki, Eusko Jaurlaritzak ez du herriz herriko daturik kaleratu, ezta ospitaleetako egoeraren inguruko beste daturik ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide