Azkoitiko Sarek udan presoen eskubideen defentsan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 26a, 11:39
Atzo arratsaldean Azkoitiko plazan egin zuten elkarretaratzea. (Azkoitiko Sare Herritarra)

Ekaineko azken ostirala izanik, dozenaka lagunek presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean herriko plazan. Espetxeetako egoera pixkanaka hoberantz doan arren, salbuespen neurriek indarrean jarraitzen dutela salatu zuten, eta horiekin behin betiko bukatzeko lanean jarraitzearen garrantzia nabarmendu zuten.

Atzo ekaineko azken ostirala izanik, hileroko presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zuten herriko plazan. Dozenaka herritar batu zituen Azkoitiko Sare Herritarrak egindako deiak. Uda berri bat iritsi den arren, euskal presoen eta haien senideen eskubideak urratzen dituen salbuespen neurriek indarrean jarraitzen dutela salatu zuten plazan bildutakoek. "Egia da zenbait zifra hobera aldatu direla; 208 presoetatik 57 Euskal Herriko espetxeetan daude, gehienak bigarren graduan, baina oraindik atzeratzen ari dira errealitate berrian kokatu beharko gintuzketen erabaki handiak, presorik gabe, bizikidetzan eta etorkizunean".

Andaluziako eta Levanteko espetxeetan dagoeneko euskal presorik ez dagoen arren,  orain ez dira agertzen gure zerrendetan, 128 preso oraindik Euskal Herriko periferiako espetxeetan daudela adierazi zuten; horietako zenbait etxetik 520 kilometrora, Aranjuezen, Estremeran edota Salamancan. "Premiaz hurbildu behar dituzte Euskal Herriko espetxeetara, lekua dagoelako, Irun?ean eta Zaballan libre dauden moduluak daudelako, haien eskubidea eta beraien familiakoena delako, eta ezin delako denbora gehiagoz mantendu euskal presoen eta haien senideen aurkako salbuespen egoera, euskal gizarteak nahi duenaren aurka, mendekua inposatzen jarraitzen duen loby politiko, judizial eta mediatiko horren beldur direlako".

Gogorarazi zuten salbuespen neurriek hiru hamarkadatik gora daramatzatela indarrean, "eta, zuzenean edo zeharka heriotzak eragin dituela; 16 senide eta/edo hurbilekoak, eta 35 preso, kasu honetan, azken sei hamarkadetan, eta beste bi pertsona, kartzelan sartzea saihesteko bizia kendu zutenak". Gainera, gaur egun, oraindik, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 19 euskal preso espetxean daudela adierazi zuten. "Horiek, 65 urtetik gorako hogei presorekin batera, berehala utzi beharko dituzte aske; 33 erbesteratu eta 8 deportatuei itzultzeko erraztasunak eman behar zaizkie; 2021. urtean, haien kondenaren hiru laurdenak bete dituzten presoen kopurua 60koa izango da, eta horiek espetxetik ateratzeko eskubidea dute; eta euskal presoen kopuru handi batek hirugarren graduan egoteko baldintzak betetzen ditu". Bere eskubidea dela eta blokeo egoera hori onartzerik ez dagoela esan zuten, eta hirugarren gradua eta kalera ateratzeko baimenak lehenbailehen emateko eskatu zuten.

Bien bitartean, salbuespenaren amaiera erreala eta hurbila lortzeko lanean jarraitzea besterik ez zaiela geratzen adierazi zuten. "Etxerako bidean elkarrekin aurrera egiteko unea da. Uda honi begira, Sarek eta Etxeratek euskal herritarrei mobilizazio ekimen guztietan parte hartzeko gonbita egiten diegu: Ibilian ibilian ekimenaren babespean egiten ari diren toki-mobilizazioetan; Bake Bideak eta Bakearen Artisauek uztailaren 10ean Le temps presse lelopean egingo duten ibilaldian eta manifestazioan; Izan Bideak uztailaren 22, 23 eta 24rako antolatutako bizikleta-martxan; abuztuaren 1ean hondartzetan egingo diren mobilizazioetan eta abuztuan hiriburuetan egingo diren mobilizazioetan".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide