Gazteek jasaten duten polizia jazarpenaz kontzientzia sortzeko, honako bideoa egin du Azkoitiko Gazte Asanbladak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Gazte Asanblada 2021ko eka. 26a, 09:09

Azkoitiako Gazte Asanbladako kideek behin baino gehiago salatu dute pandemiaren aitzakipean herritarrak eta batez ere gazteak jasaten ari diren polizia jazarpena. Oraingoan bideo bidez egin dute. Herriko gazteengan kontzientzia politikoa sustatzea dute helburu.

Aurrera jarraitzen du pandemiaren aitzakiapean langile klasearen aurka martxan jarritako burgesiaren ofentsibak. Lehendik genuen krisialdiaren areagotze bat eman da, bai arlo ekonomikoan, bai sozialean eta baita sanitarioan ere. Bizitzen ari garen osasun hondamendiari eman nahi izan dioten aterabidea salatu izan dugu lehendik ere. Osasun arazo bati osasun baliabideekin erantzun beharrean, estatu polizialaren sorrera ahalbidetu, eta orokorrean gero eta gizarte eredu totalitarioagoa ezartzeko pausoak eman dituzte agintariek.

Ezarritako estatu ereduak hainbat ondorio ekarri dizkigu: oinarrizko eskubide eta askatasunak ukatzea, kriminalizazioa eta errepresioa, esaterako. Azkeneko horri buruz lehendik ere mintzatu garen arren, oraingoan gai hori sakonago aztertzera gatoz pil-pilean jarraitzen duen auzia izanik.

Ez da kasualitatea jazarpen polizialaren erdigunean gaudenok askotan gazteok izatea. Gugan beldurra txertatuz eta miseriara kondenatzen gaituen bizi eredua ezarriz, etorkizunera begira, langile klase konformista eta esanekoa sortzeko helburua baitute. Hemen ikusi dugu isun, identifikazio, kontrol eta karga polizialen gorakada nabarmena.

Hainbat izan dira indar polizialak gazteon aurka oldartu diren kasuak. Hor, bereizketa bat egin nahi dugu testuinguruaren arabera.

Alde batetik, guztiz espresio espontaneo eta apolitikoen aurkako errepresio kasuak eman dira, esaterako, kaleetan edan izanagatik, etxeratze agindua ez errespetatzeagatik, festak antolatzeagatik… Azkoitian bertan salatu genuen honen aitzakiapean emandako erasoaren adibide bat, eta harrezkero Azpeitian ere izan dugu beste kasu larri bat.

Bestetik, antolakuntza politikoaren aurkako zuzeneko erasoak ere jarri dituzte martxan. Asko izan gara antolatutako ekitaldi, mintegi, bilera eta antzerakoetan presentzia poliziala eta hauen eskutik identifikazioak, isunak eta mehatxuak jasan behar izan ditugun eragile politikoak. Tamalez, honelako kasu bat ere salatu behar izan genuen geure asanbladaren bilera batera polizia agertu eta gure jarduera bertan behera uzteko aginduaz gain, kide bat identifikatu eta isunak jartzearekin mehatxatu gintuztenean.

Guretzat, errepresioa, bai bapateko jarrera indibidualen aurkakoa izan, bai antolakuntza politikoaren aurkakoa, inondik inora justifikatu ez daitekeen fenomenoa dela deritzogu. Bizi dugun pandemia ezin da izan indar polizialei euren eskumenak areagotu eta egiten dutenari onespena emateko aitzakia.

Partidu politiko guztiek ahalbidetu dute hartutako erabakien bitartez jasaten dugun ofentsiba, beraz guk argi dugu zein den irtenbide bakarra. Geure klasearen antolakuntza propioaren aldarria egiten jarraituko dugu, eta horretarako bidean, Azkoitiko Gazte Asanbladatik gure herriko gazteon artean kontzientzia politikoa sustatu eta kaleetan lanean jarraituko dugu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide