Hirugarren egunez jarraian, ez dute positiborik zenbatu Azkoitian

Aiora LarraƱaga 2021ko eka. 24a, 13:17

Beste koska bat jaitsi da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa: atzo 125,18koa zen, eta 116,83koa da gaur. 52 kasu baieztatu dituzte Gipuzkoan, eta 216 Hego Euskal Herrian.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu ditu COVID-19ari lotutako azken orduetako datuak, eta horien arabera, Azkoitian, hirugarren egunez jarrain, ez dute kasu berririk atzeman. Ondorioz, beherantz jarraitu du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak: 125,18koa zen atzo, eta 116,83koa da gaur.

Eskualdean bederatzi positibo atzeman zituzte atzo, herenegun baino hiru kasu gehiago. Hain zuzen ere, Urola Kostako herrien artean Azpeitian hauteman dituzte koronabirus kasu gehien, bost; hala, 197,11ko intzidentzia tasa du Azpeitiak. Eremu horian jarraitzen du.

Zarautzen, berriz, hiru kasu atzeman ditu Osakidetzak azken orduetan egindako probetan, baina egoera ona da bertan, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrien artean eremu berdean dagoen herri bakarra baita; gaur-gaurkoz 29,98koa da intzidentzia tasa herri horretan. Zumaian zenbatu dute beste positiboa, eta 213,70eko intzidentzia tasarekin eremu horian kokatuta dago.

Gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk hauteman osasun langileek. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan hutsekoa da hamalau eguneko intzidentzia tasa, Getarian 35,34koa eta Orion 81,54koa.

Gipuzkoan 52 kasu berri

Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dute atzo, guztira, 8.209 test diagnostiko egin zituztela, eta, horietatik 216 izan zirela positibok. Honako hauek dira datuak lurraldeka banatuta: 18 positibo atzeman zituzten Araban, 41 Nafarroan, 52 Gipuzkoan eta 102 Bizkaian. Horrez gain, Hego Euskal Herritik kanpo bizi diren hiru herritarrek eman dute positibo egindako probetan.

Bestalde, erietxeetako egoerak hobera egin du nabarmen azken egunetan, eta Osakidetzak zehaztu du atzo 19 pertsona ospitaleratu zituztela COVID-19aren eraginez. Hala, gaur-gaurkoz 35 pertsona daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ZIUetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide