Elkarte gastronomikoak, irekitzeko pronto

Anartz Izagirre 2021ko eka. 23a, 09:00
Martitte auzo elkartea.

Herritar asko zain zeuden albistea eman zuen joan zen ostiralean Labi batzordeak soziedadeak irekitzearen inguruan, hain zuzen. Azkoitiko Ixkitturri eta Martirietako elkarteko kideak buru-belarri dabiltza lokalak laster zabaldu ahal izateko, eta bazkideak "gogoz" ikusten dituzte.

Hilabete garratzak igaro dituzte elkarte gastronomikoetako bazkideek; izan ere, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, ezin izan dituzte azken hilabeteetan beren lokaletako ateak ireki. Izurritearen azken asteetako bilakaera positiboak, ordea, neurriak malgutzera bultzatu du Eusko Jaurlaritza, eta joan zen ostiralean Labi batzordeak jakinarazi zuen moduan, elkarte gastronomikoek zabaltzeko aukera dute berriro.

Azkoitian martxan dira soziedadeak, eta Labiren neurri berriak jakin zituzten unetik dena prest izateko lanetan dabiltza horietako asko. Martirietan dagoen Martitte auzo elkarteko batzordeko kideak, esaterako, buru-belarri ari dira lanean, "lehenbailehen" elkartea zabaltzeko. "Momentuz ez dugu elkartea irekitzeko data konkreturik, baina ahal bezain laster izan dadin nahi dugu. Garbitzaileak dagoeneko hasi dira lanean, eta produktuen eskaerak ere egin ditugu jada", azaldu du Estitxu Iturralde Martitte auzo elkarteko presidenteak.

Ixkitturri elkartean, berriz, gertu dute irekiera eguna. Batzordea berritu zuten duela aste batzuk, eta Mikel Zubizarreta da batzordeko kide berrietako bat. Hark azaldu duenez, etzi, ostirala, irekiko dituzte ateak, eta dagoeneko bazkideak lekua erreserbatzen ari direla azpimarratu du.

Edukiera mugatuta

Martitteko auzo elkartea zein Ixkitturri berriro ireki ahal izango badituzte ere, ez dute pandemia hasi aurretik zuten askatasun bera; izan ere, Labi batzordeak %50eko aforoa zehaztu du lokaletarako. Iturraldek adierazi duenez, ez dakite ziur zenbateko edukiera duen beren elkarteak, baina behin informazio hori lortzen dutenean horren araberako neurriak ezarriko dituzte. Dena den, jakina dena da taldeak seinaka batu ahal izango direla, eta lokala neurri berrietara egokituko dutela dio. Ixkitturri elkarteak, berriz, 61 pertsonako aforoa du; beraz, 30 pertsona sartu ahal izango dira bertan. "Bost mahai jarriko ditugu, eta horietako bakoitzean sei pertsona eseri ahal izango dira".

Aforoa, ordea, ez da elkarteek irekitzerakoan topatu duten oztopo bakarra. Hilabeteotan hozkailuetan izan dituzten hainbat produktu bota egin behar izan dituzte elkarteetan. "Freskagarri eta zumo batzuk bota behar izan ditugu; joan zen urritik denbora asko igaro da, eta geldirik egon da kontua". Ixkitturrin ere gauza bera gertatu da: "Produktu asko zaborretara bota behar izan ditugu, adibidez, sagardo botilak eta freskagarriak. Beste edari batzuk, berriz, ez dugu bota beharrik izan, iraungitze data luzeagoa dutelako".

"Jendea lagunartean egoteko eta elkartea irekitzeko gogoz ikusten dut. Soziedadeak aukera ona ematen dizu jendeareki elkartzeko", azaldu du Iturraldek. Zubizarretak ere antzeman du bazkideengan elkartera joateko gogoa: "Bazkideok dugun WhatsAppeko taldean eman genuen irekieraren berri, eta ordutik jende mordoa hasi da mahaiak erreserbatzen. Jendea gogoz dago berriro lehengo martxa hartzeko".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide